Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Sophisti-poparen eztanda (txoa)

2025eko apirilaren 27a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

1980ko hamarraldiaren erdialdean impasse moduko bat jabetu zen musikaren mundu britainiarraz: punkaren eta new wave-aren oldarraldia agortua zen, neurri batean (halakoetan hasi ziren gehienak nekatuta zeuden jada azpigenero haien estilemez, eta bide berriak aurkitzen ari ziren), post-punka (edo after-punka) rock gotikoan metamorfizatzen ari zen, synth-popa eta «erromantiko berriak» gailurrean zeuden. Testuinguru horretan, azken joera sintetiko horiek musika beltz organikoagoaren mundutik (jazzetik, funketik, souletik…) zetozen eraginekin korapilatu, eta hibrido fin eta gozagarria eman zuten emaitza bezala, batzuk sophisti-pop bezala izendatzen hasi zirena hain zuzen: dotorezia zen haren ikurra (eta ez bakarrik soinu ikaragarri landu eta leunduan, baizik eta baita itxuran ere, batez ere janzkeran), baina dotorezia arimadun bat, ez armazoi hutsa. Izan ere, esanguratsuki, aurreko hamarkadan hasitako batzuek bide hori hartu zuten (berehala ikusiko dugun bezala), baina baita beste proiektu berri batzuek ere, The Blue Nile gisakoak (gaurkoan bete-betean sartuko litzateke haien lehen albuma, baina komentatu nuen jada Zimiterioetako batean), zeintzuei Everything But The Girl edo Prefab Sprout bezalakoak ere gehi baitaitezke. Edo artista beteranoagoak ere, tartean Bryan Ferry (batzuentzat sophisti-poparen lehenengo albuma zein eta Roxy Music-en Avalon da), Steve Winwood edo Tina Turner (aditu gaurko albumen urte berekoa den Private Dancer, bere itzulera handia, produkzio britainiarrekoa, esanguratsuki). Zer esanik ez, azpigenero berriak sortu zituen, orobat, interes handirik gabeko talde melengagoak (Swing Out Sister, Curiosity Killed The Cat, The Christians…), baina baita maila altuko lanak ere. Eklosioaren urtea, Zimiterio honek argi utziko duen bezala, 1984 izan zen, eta une jakin bezain orwelldar horretako (beste) hiru album esanguratsu izango ditut, ondorioz, hizpide.

JOE JACKSON

'Body and Soul'. A&M, 1984

Joe Jackson

Joe Jackson new wave-aren solista izarretako bat izan zen, baina 1980ko hamarkadaren hasieran, Beat Crazy grabatu ondoren (1980), etiketa motz samarra geratzen ari zitzaion (gizon anbiziotsua zen), eta beste bide batzuk esploratzen hasi zen. Jazzerako jitea berezkoa zuen (1981ean bertan 1940ko hamarkadako swingaren klasiko batzuk bertsioneatu zituen, Jumpin’ Jivediskoan). Ikerketa horren emaitza Night and Dayalbuma (1982) eta, batez ere, Body and Soul hau izan ziren, Cole Porterren eta Coleman Hawkinsen estandarrei keinu argiak egiten dizkieten izenburuekin. Haizeak, pianoak, soul inspirazioko teklatuak, koruak: joritasun musikalerako jitea da hemen nagusi, hasierako The Verdict handiosetik hasita argi geratzen den bezala. Ez dira falta jazz latinorako hurbilketak (Cha Cha Loco, ez zitzaiona batere lotsaemangarri geratu, britainiarrei gertatu ohi zaien bezala, opil horri ikatza hurbiltzen diotenean…), Motown eiteko abesti energetikoak (Go For It), pieza zinematikoak (Loisaida), ezta baladatzarrak ere (Not Here, Not Now). Edonola ere, disko honen gailurrak biniloaren alde bien amaiera aldean jotzen zituen: You Can't Get What You Want (Till You Know What You Want) emozionantea, Happy Ending indartsua (Elaine Caswellekiko duetoa) eta Be My Number Two piano-balada (desengainuen ondorengo bigarren aukera mikatzen ingurukoa), zuzeneko emanaldietako ohiko bihurtu zirenak; albuma ezin eleganteago amaitzen da, Heart of Ice espazialarekin. Esplorazio zikloa amaituta, edonola ere, Jackson bere pop olatuberrizalera itzuli zen, neurri batean, Big World nabarmenarekin (1986), nahiz eta hala bertan nola ondorengo diskoetan beti sartuko dituen aro sofistikatu honen oihartzunen bat edo beste.

The style council

'Café Bleu'. Polydor, 1984.

The Style Council

Aitor dut erreferentzia hau sartu dudala aurreko Zimiteriokospin off gisa: bertan aipatu nuen, The Jam-en The Gift aztertzean, nola Paul Wellerrek bere antzinako taldearekin egin zezakeela, berdin-berdin, The Style Councilen egiten hasi zena (eta, ondorioz, The Jam akabatzea ez zela egon horren justifikatuta). Bada, egia da… partez: taldearen lehenengo mini-LPari buruz ari bagara, bai, argi dago hor badagoela The Giften bibra argia. Baina Weller berak, Mick Talbot teklistak (The Merton Parkas talde orobat modetik zetorrena) eta Steve White bateria supergazteak osatu zuten lehenengo album ofizial hau, bere (azaleko) kutsu afrantsesatu guztiarekin, ez dakit The Jamek sinatu ahal izango zukeen. Eklektikoegia da, agian: argi dago bilaketan ari direla oraindik, eta batzuetan ez dute asmatzen (A Gospel –ejem– raparekin). Eta baita betelanaren itxura gehiegi duten Talboten instrumentalekin (hiru, ez gutxiago, nahiz eta batek dezente merezi duen, eta ez izenburuagatik soilik: Dropping Bombs on the Whitehouse; ez dakit egun argitaratzen utziko lieketen). Baina asmatzen dutenean, jazz paristarraren usainaren, bossa novaren eta pop dotoreenaren nahasketarekin, ez dute parerik: Blue Café leuna, The Paris Match (EBTGko Tracey Thornekin!), My Ever Changing Moods (abisatzen duena ez da saldua: kanta honetatik bertatik iragartzen ziguten albumaren eklektizismoa), You’re The Best Thing (Weller maitasun kanta pinpirinenak baina aldi berean eraginkorrenak egiteko gai izan da beti), eta, batez ere, Headstart For Happiness, Wellerrek Dee C. Lee handiarekin batera kantatu zuena; laster, ez nau harritzen, bere (lehen) emaztea bihurtu zen, eta taldeko partaide finkoa, ez dakit zehazki zein ordenatan. Goi mailako festa bat.

SADE

'Diamond Life'. Epic, 1984.

Sade- Diamond Life

Eta azkena, baina ez garrantzi gutxiagokoa (gaurko Zimiterioak harribitxi nagusi bat badu, hauxe da), Sade taldearen lehenengo albuma, sophisti-poparen (eta, eskuarki, pop garaikidearen) gailurretako bat. Sade Adu nigeriar-britainiarrak funk energetikoa praktikatzen zuen Pride bandan eman zituen aurreneko urratsak: hantxe ezagutu zuen Stuart Matthewman gitarrista eta saxofonista, eta baita harekin batera ere material leunagoa konposatzen hasi, bere izenaz bataiatuko zuten talde berrian jotzen hasi zirenak. Arrakasta berehalakoa izan zen: artikulu honetako beste bi albumak azpigenero berriaren sorrerari ekarpen handia egin zioten, ados, baina honek kristalizatu zuen guztiz, Smooth Operatorsingle famatuaren bidez batik bat. Baxu lodiak, perkusio jazzistiko-latinoak, sintetizadore ukitu doiak, ondo kokatutako saxoak eta, zer esanik ez, Sade Aduren ahots limurtzailea, guztiak egin zuen ekarpena. Single nagusia baino askoz ere gehiago zelako, noski: ez dauka kanta ahul bat ere, eta hortxe daude, distira egiten, Hang On To Your Love ederra, Cherry Pie inguratzailea, When Am I Going to Make a Living autolaguntzakoa, edo Why Can't We Live Together, guztiz bere egiten duen Timmy Thomasen abesti antiarrazista. Hamarkadaren bigarren erdialdean presentzia nabarmena eduki zuen Sadek; ondoren, bandak isiltasun tarte luzeak mantendu ditu, eta kantariak karreraren kontrol zorrotzari eutsi dio, eta, oro har, estreinako album honen mailari. Nire antzinako adiskide batek esaten zuen bezala, Donostia bisitatzeak automatikoki burgesten bazaitu (azaletik bada ere), album hau entzuteak antzeko efektu bat dauka: zuri-beltzeko «maitasun eta luxuzko» film baten platora telegarraiatzen zaitu zuzenean, eta ez maiordomo lana antzeztera preseski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.