Pop musikarako adin zailean sartzen ari garenon multzoa gero eta jende gehiagok osatua da, aurreko batean taxi batean kanta bat entzun nuen eta identifikaturik sentitu nintzen ia nota bakoitzarekin, ia hitz bakoitzarekin. Lotsatzen nauenez, ez dizuet esango Peralesen zein kantu zen, jarrai dezazuen pentsatzen Sonic Youth-ek elikatzen nauela espiritualki, pop musikarako adin zailean sartzen den edonor kultua eta umekeria gurutzatzen diren lekuan bizi baita, baina orain arte hemen gazteegi izan gara taxiak konplexurik gabe hartzeko. Horregatik ere, ez da kasualitatea berriki gurean zabaldu den «erreplika» taldeen agerpena, hau arrazoibide eztabaidaezina!
Azken bi urtean edo, zuzenean ikusi ditugu gezurrezko Ramones, Pink Floyd, The Cure, Led Zeppelin… Erreplika taldeen fenomenoak harrapatu gaitu, gurean ere badelako horretarako publikoa, izan ere badirudi orain publiko gehiago dagoela horretarako beste edozertarako baino; aurreko batean kontzertu areto batean talde-erreplika bat entzun nuen eta identifikaturik sentitu nintzen ia nota bakoitzarekin, ia hitz bakoitzarekin.
Ez da egia, esajeratzen ari naiz, baina nork esango zidan hain ondo pasatuko nuela argentinar musikari batzuek —erreplika taldeetan ohiko izaten dira argentinarrak— eskainitako txouarekin, erreplikatutako taldea bereziki maite ez badut ere, munduko talderik —batzuentzat— onena zenean, bazelako —beste askorentzat— munduko talderik kitsch-ena… Hori bai; kitsch taldeei hortera ez besterik deitzen genien taxien aurretiko garaian (hortera behar da gero, kitsch hitza bere ordez erabiltzeko).
Jende gazte ez gazte asko zegoen erreplika kontzertuan, eta musikari-antzezleek gauzatutako fantasian murgildu ginen gehienok. Amestutako iragana baino garai zoriontsuagorik ez baitago, bai arrazoibide eztabaidaezina. Esango banizue, argentinar Mercury bibotedun Erreginak begiratu zidala Somebody To Love abestean, goitik behera begiratu ere... baina niri Xabier Saldias orijinala errepikatu zitzaidan oroimenean, sekula santan bueltatuko ez diren —existitu al ziren?— edozein herriko jai-zorion perfektuan.
Musika. A cappella
Sonic Ez Youth
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu