Klasikoetatik elikatuta bere musika sortzeko gai zen talentudun artista eklektikoaren eta ospeak hondoratutako pertsonaia publikoaren arteko dikotomiak marraztu zuen soularen ahots zuriaren istorio zorigaiztokoa. Amy Winehouserena (Londres, 1983-2011). Urte gutxi batzuetan gailurrera igotzea lortu zuen, beheraino hondoratzeko gero. Gaurko egunez hil zen.
Ibilbide laburra izan zuen, arrakastatsu bezain malkartsua. Lehenik Britainia Handian lortu zuen ospea, soula, jazza, rhythm and bluesa eta popa uztartuz, eta haren izena eta musika azkar zabaldu ziren mundu osora. Bere kontralto ahots tarratatuak kritika apartak ekarri zizkion: pop musikaren ahotsik ederrentzat hartu izan dute, eta Aretha Franklin, Nina Simone eta Billie Holidayren muntako artistekin alderatu. Baina boz sendoaren atzeko izaera urrakorrak ezin izan zuen jasan pertsonaiaren ospearen zama.
Winehouse 1983ko irailaren 14an jaio zen, Londresko Southgate auzoan, tradizio musikaleko familia judu batean. 9 urte zituenean, gurasoak banandu zitzaizkion, eta horrek betiko eragin zion. Haren aita, Mich Winehouse, Frank Sinatraren zale amorratua zen, baina harremanik estuena amonarekin izan zuen, Cynthia Levy Winehouserekin, eta, bereziki, hura izan zen jazzarekiko maitasuna transmititu ziona.
Nerabea zenean pairatzen zuen sufrimendutik ateratzeko olerkiak idazten zituela adierazi zuen Asif Kapadiak zuzendutako Amy (2015) dokumentaleko grabazioetan. Buruko arazoak zituela zioen, baina beste batzuek ez bezala, gauzak adierazteko aukera zuela; orduak igaro zitzakeela gitarrarekin. Bere bizipenetatik abiatutako abestiak idazten hasi zen, garai hartan egiten ziren kantuak ez zitzaizkiolako musika iruditzen, ez zutelako betetzen.
10 urte baino ez zituen rap talde bat sortu zuenean, Sweet 'n' Sour; 13rekin gitarra jotzen eta konposatzen hasi zen, eta, 15 urte bete baino lehen, Londresko pubetan jotzen hasia zen. 16rekin, haren orduko bikotekide Tayler Jamesek, Winehouseren maketa bat eman zion produktore bati, eta hala hasi zuen ibilbide profesionala. Lehen kontratua handik gutxira sinatu zuen, Island diskoetxearekin. 2003an kaleratu zuen estudioko lehen lana, Frank —Sinatrarekiko miresmenagatik jarri zion izena—.
[youtube]https://youtu.be/7CYE0DYIbaw[/youtube]
Haren produktore izango zen Salaam Remik ekoitzi zuen diskoa. Lanak jazzaren eragina zuen, eta, bi pieza izan ezik, abesti guztiak Winehousek idatziak ziren. Kritikariek ongi hartu zuten albuma, eta Sarah Vaughan eta Macy Grayren ahotsekin alderatu zuten Winehouserena.
Gaztetatik obsesionatu zuten jazzak eta generoa zuzen interpretatzeak. Amy Winehouse: The Day She Came to Dingle (2012) dokumentalean bere influentzien inguruan solasean ageri da: «Gazteagoa nintzenean, ez nuen soul asko entzuten, baina azkenaldian serio jarri naiz Motowneko neska taldeekin. 14 edo 15 urterekin Otis Redding gustatzen zitzaidan, eta hip-hopa eta jazza ere entzuten nituen. Estilo horietaz guztietaz hitz egin behar dut: jazza, soula, Motown eta hip-hopa. Horren erdian nago ni».
2006ko urrian publikatu zuen ospea eman zion lana: Back to Black entzutetsua. Harrera ona izan zuen, bai komertzialki bai kritikoki, eta Erresuma Batuko zerrendetako lehen tokira heldu zen. Hamabi milioi kopia baino gehiago saldu zituela kalkulatzen da. Lan horrek Grammy sarietarako sei izendapen jaso zituen 2008an, eta horietako bost irabazi zituen. Hala, Winehouse izan zen gau bakar batean sari kopuru hori irabazi zuen lehen andrea, eta bost Grammy irabazi zituen lehen artista britainiarra.
Ordurako, ordea, abeslari eta konpositorea hondoratzen hasia zen, Rehab txalotuan islatu zuen moduan. Kantuak alkoholean babesten den eta errehabilitazioan sartzeari uko egiten dion norbait irudikatzen du.
[youtube]https://youtu.be/KUmZp8pR1uc[/youtube]
Bat-batean, izar bilakatua zen, eta zerura igo zen bezala jausi zen infernura. Bere talentuarekiko eta indarrarekiko paraleloak bihurtu ziren hauskortasuna eta autosuntsiketa: gaztetatik pairatutako bulimiak eta alkoholarekiko eta drogekiko menpekotasunak itzulerarik gabeko bide batean murgildu zuten artista, eta zenbait urtez musikarekin zerikusirik ez zuten gertakariek estali zuten, hein handi batean, haren lana. Haren lagunek esan zutenez, hobe izango zen inoiz ez balu atera Back to Black.
Amy filmeko haren adierazpenek erakusten dutenez, ez zen eroso sentitzen ospearekin, kontzertu handiak emateak ez zion onik egiten, eta famak «beldurra» ematen zion; harentzat, musika beste zerbait zen. Harreman bizi bat izan zuen Blake Fielder-Civilekin, eta biak autosuntsiketa espiral batean murgildu ziren. 2007 inguruan muturrera heldu ziren; Flieder espetxeratu egin zuten, eta Winehousek gaindosi bat pairatu zuen. Bitartean, paparazzi-ak etxeraino segika ibiltzen zitzaizkion, haren bizitzaren pasarte latzenak zabaltzeko.
Gorabehera askoren artean, errehabilitatzeko saiakerak egin zituen, eta une batzuetan lortu zuen osatzeko bidean jartzea. 2011ko ekainean bira bat abiatu zuen Europan barna, eta haren ingurukoek ziurtatu zuten osasuntsu eta gogotsu zebilela. Ordea, Belgraden eman zuen kontzertuan erakutsitako egoerak bere buruko eta gorputzeko osasunari lotutako alarmak piztu zituen berriro zaleen artean, eta bira bertan behera uztea erabaki zuten. Bilbon ere jotzekoa zen, urte hartako uztailaren 8an.
27koen klubean
Uztailaren 23an, gaur hamar urte, hilda topatu zuten Candem auzoko bere etxean. Hasieran drogen eraginez zendu zela zabaldu bazen ere, autopsiak erakutsi zuen koma etilikoan zegoela izandako arnas gutxiegitasunagatik hil zela. Haren anaia Alex Winehousek The Observer aldizkarian esan zuen bulimiaren ondorioz zendu zela, berez. Winehousek 27 urterekin esan zuen agur, eta, hala, Brian Jonesek, Jim Morrisonek, Janis Joplinek, Jimi Hendrixek eta Kurt Cobainek osatutako zorigaiztoko taldean sartu zen.
2014tik, haren irudiaren brontzezko eskultura batek gogoratzen du abeslaria Candemen. Winehouse haren orrazkera bereizgarriarekin irudikatu zuen Scott Eaton egileak; tatuajeekin batera, artistaren itxura ikonikoa osatzen zuen. Berriki BBCk jakinarazi duenez, haren bizitzaren inguruko dokumental bat sortu du, Amy Winehouse: 10 Years On, haren amaren ikuspegitik landutakoa, eta MTVk Dionne Bromfieldekin osatutako Amy Winehouse & Me: Dionne's Story izenekoa estreinatuko du abuztuan.
Bi diskoko ibilbidearekin, itzal handia utzi zuen Winehousek. Ezin da jakin zenbaterainokoa izango litzatekeen itzal hori egun, sortzen eta kantatzen jarraitu izan balu.