Gaur bertan estreinatuko da gure etxe ondoko/urrutiko areto korriente eta ez hain korrienteetan Dragoi Bola Z Kai, Raditz-en Saga (1. ataletik 4.era). Gaur bertan, atzo bezala, beste areto gureetan irmo eta animoz jarraitzen du pantailetan Haikyuu!-k (Zabortegiaren borroka azpititulu duena…), inguru hauetan ikusgai den filmik… ikusgarriena, harrigarriena. Ildo beretik, asteazkenean berreskuratu dugu Donostian eta Baionan Hayao Miyazakiren 1984ko harribitxia den Nausicaa (haizearen aranean). Beraz, Dragoi Bola, aspaldiko usadioari eutsiz euskaraz arituko bada ere, japoniera izango da mintzo nagusia gure pantailetan egunotan.
Japoniera eta eguzkia sortzen deneko lur hartako animaziozko manerak, moduak, joerak. Denok dakigu zer-nolako eragina izan zuen Dragoi Bola-k gure etxe barruko pantaila txikietan. Gauza jakina da Miyazakik igualik ez duela ere. Ez marrazten, ez kontatzen. Denok dakizkigu bai, kontu pila, baina hala eta guztiz ere, Japoniako animazio puska bat ikusten dugunero zur eta lur geratzen gara marrazki horien indarrak, abiadurak, koloreek, grafiak seko harrapaturik; harri eta zur eginda gaudela, ez gure begiek ez gure nerbio-bukaerek ezin dute pantailatik datorkiena deskodetzen, ez erlazionatzen, zinemaz dakigun beste guztiarekin.
Kasurako, markaz, tamainaz, neurriz, pantailaz, binetaz fuerakoak dira Japonian sortzen dituzten kirol inguruko anime oro, normalean paperezko mangatan, edo milioika ikuslek izan dituzten telesailetan oinarri, abiapuntu inspirazio duten horiek.
«Denok dakigu zer-nolako eragina izan zuen 'Dragoi Bola'-k gure etxe barruko pantaila txikietan. Gauza jakina da Miyazakik igualik ez duela ere. Ez marrazten, ez kontatzen».
Ez zaretela batekin ere akordatzen? Nola liteke? Ez da egia izango! Benetan esaten didazue iaz gure herrian eta inguruko besteetan 200 aretotan estreinatu zen saskibaloiari eskainitako The First Slam Dunk film sinesgaitza ikusi ez zenutenik? Egiatan? Baina, baina… ez al zarete lotsaz kasik hil? Pelikula izan aurretik, 176 milioi ale saldu zituen manga komikia izan zen. Eta ez naiz bakarrik Japoniako datuak ematen ari. Gurean ere jende frankok erosi zituen eskuinetik-ezkerrera irakurri beharreko liburuxka horiek. Hemen saskibaloia maite dugulako. Hemen mangazaleak baikara.
Hemen, Dragoi Bola-rekin izan zuten askok beren estreinako anime esperientzia. Horretan, eta oraingoan ere, edade kontua. Izan ere, beste makina batek Heidi-ren bitartez egin genuen lehenbiziko anime-kontaktua. Jakin gabe, nola jakingo genuen, bada, mukizu hutsak baginen! Bazkalostean edo, institututik bueltan meriendatzen ikusten genituen hain marrazki arraro horien autorea Miyazaki bera zen. Bai, Miyazaki bera, Totoro, Porco Rosso edo Chihiro printzesaren unibertso sortzailea, Donostia saria, Oscarra eta Canneseko Ohorezko Palma dituena…
Joan den mendetik dator ba gure animearekiko harreman sendoa. Animea zer zen jakin ez genueneko garaietatik.
Ez genekien, ez, animea zer zen, baina gaur gure pantaila zabaletara datorren Son Gokurekin lagun egin ginen. Ederki ikasi genuen bere gaineko kondaira zaharrek ziotena: «Bildu Dragoiaren Zazpi Bolak eta Shenron Dragoia agertuko da desio bat egia bihurtzeko». Ez da zaila ulertzen bola horiek dakarten boterea bilau guztiek desiratzen dutela. Erraza asmatzea ere Son Goku prest dugula gaizto horien aurka borrokatzeko. Lagunak eta familia babesteko, jakina. Baita superheroi guztien eginbeharra betetzeko asmo sendoetan ere. Zein ote misio hori? Mundua salbatzea, nola ez? Ekaitz guztiak bilduta, tximistak arma harturik, eta haizeak konplize.
Son Goku, Nausicaa Gehi… Shojo Hinata eta Kōrai Hoshiumi, boleiboleko jokalariak biak; izarrak Japoniako institutuetako Ligan fuerteenak diren Karasumo eta Kamomedai klubetan, Haikyuu! pelikularen protagonistak.
Ezin galduzko proposamena, Zabortegiaren borroka ikusi, edo betiko damutu. Eskubaloia nahiago? Boleibola ez duzuela gogoko? Hori ez da aitzakia. Kirola maite duten guztientzako filma dugu. Ezetz hobeagorik aurkitu inon. Kameraren mugimenduak ez dira mundu honetakoak eta, ez pentsa, film filosofikoa ere bada. Oso izaera ezberdinak dituzte bi lehiakide horiek. Eta, oso bereziak, maite eta babesle dituzten animaliak, katua eta belea.
Baietz asteburu honetan japoniera ikasten hasi? Adibidez… zer esan nahi du Haikyuu-k? Boleibola!