LIBURU AURRERAPENA

Solteroen dantzalekua

Zuberoako dantzalekuetatik eta Francoren azken salbuespen egoeratik egungo politika gatzgabera. Gai larriak arintasunez eta serioak umorez landu ditu Joxean Agirrek bere azken eleberrian; erretiratzear den Soziologiako irakasle dibortziatu bat da protagonista.

ELKAR.
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Solteroen dantzalekuei buruzko ikerketa egiten ari nintzen Malloak diskotekan motozerraren pasadizoa gertatu zenean. Inguruko mutil batek, barraren kontra edaten aspertuta eta dantzan ari ziren nesken ezetzak jasotzen aspertuago seguru asko, aparkalekuan zuen autora joan, mendiko auto bat irudikatzen dut, eta motozerra martxan zuela sartu zen barrura. Barraren kontra edaten edo besaulkietan eserita zeuden multzoak bakean utzi eta pistan dantzan ari zirenei egin zien eraso, gehienen begiradan izu-laborria eragiteraino. Bertan zirenek kontatzen zutenez, airean sigi-saga ikusgarriak marraztuz erabili zuen mutilak tresna; norbaitek aztoratuta dabilen euli handi baten antzera mugitzen zuela aipatu zuen, neska ikaratuei soinekoak ukitzeraino gerturatzen baitzitzaien, eta segurtasunekoek mutila sosegatzea eta bidenabar motozerra isilaraztea lortu zutenean ganberrokeria bat egin nahi izan zuela esan omen zuen, broma bat, erokeria bat. Eta hala dirudi, ez baitzen zauriturik egon.

Musikaren gainetik eragiten zuen zaratak eta motozerrarekin airean marrazten zituen joan-etorri ikusgarriek (tresnak eskuetatik ihes egingo ziola ematen omen zuen) ikara eragin zieten batez ere emakumeei, askoren ustez horixe baitzen ekintzaren helburu nagusia, dantzan ari ziren neskei, une batzuk lehenago berari erdeinuz begiratu ziotenei, susto on bat ematea. Berak, ordea, broma txiki bat izan zela errepikatzen zuen, broma inuzente eta apal bat, tresna horrekin basoan zituen abilezien erakustaldi bat egin nahi izan zuela alegia. Segurtasunekoek, auzia epaileen esku utzi edo ez ibili ondoren, mutilaren ondradutasuna eta sanidadea ikusita, kontua bertan behera uztea erabaki zuten.

Deustuko nire irakasleak, ordea, nekazaritza tradizionalaren krisia agerian uzten zuen sintoma gisa ikusi zuen gertakaria, eta ez zuen ni mutil hori elkarrizketatzera bidali arteko onik izan. Nik banekien, noski, zapalkuntza- ren kontrako zeraren bat egon zitekeela ekintza horren erroetan, oso erroetan, baina nik gehiago ikusten nuen gazte hori punk gisa, eta hala esan nion irakasleari, urte horietan Erresuma Batuko rockaren baitan indartzen ari zen korrontearen euskal aurrekari bat izan zitekeela eta, gitarrarik ez zuenez, motozerrarekin egiten zuela musika, musika halakoa bazen ere.

Irakasleari gustatu zitzaion gitarraren irudia, baina berak nahiago zuen gertakaria Pierre Bourdieuk klase menderakuntza aztertzeko zerabilen kalamatrika konplexuaren bidez esplikatu.

—Baserritar gazte baten habitus kulturalak argituko luke gertakaria. Maiorazkoa al da? —galdetu zidan, eta ez nekiela erantzun nion, basoan lan egiten zuten mutilak normalean ez zirela izaten maiorazkoak, baina izan zitekeela.

—Elkarrizketa bat egin behar diozu. Argigarria izan litekeerrepikatu zuen.

Nik bere entusiasmoa miresten nion, irakasle batengan gehien miresten nuen dohaina zen. «Argigarria» zen hitzetik hortzera zerabilen hitza eta Pierre Bourdieu haren jainkoa.

Soziologo frantziarra Bearnoko Denguin herrixkan jaioa zen, Pauetik dozena bat kilometrora, eta, ibilbide akademiko distiratsua bazuen ere, baserritar maizter baten semea zen, seme bakarra, eta maiorazkoek dantzarako (neskatarako alegia, garai hartako hitz bat erabiltzearren) zuten moztadea aztertu zuen lan batean, eta, bi hamarkada lehenago maiorazko gradua ezkontzeko berme izaten bazen ere, 60ko hamardatik aurrera mutilzahar gelditzeko ziurtagiri bilakatu zela ondorioztatu zuen, neskek industriako langileak nahiago zituztelako senartzat.

Deustuko gure irakasle horri buruan sartu zitzaion Bourdieuren ondorioak erabilgarriak ote ziren gurean ere, eta baserritar solteroak joaten ziren lauzpabost dantzaleku aukeratu eta igandero txandaka gazte horiei begira orduak egiteko agindua eman zidan.

Azpiroz eta Lekunberri arteko Malloak eta haren irudira Bidanian eraiki zuten Txalaparta eta Doneztebeko Bordatxo sartu nituen zerrendan, baserri giroko jendea haietara trumilka joaten zela esan zidatelako, eta Urretxuko Golden ere aukeratu nuen, azken honetan neu ere ibilia nintzelako, boladaka mugitzen baikinen batera edo bestera, aldi batez Azkoitiko Illarrara, Arroako Jazz Berrira hurrena edo Zarauzko Nayara ere bai; nonbait ordurako jakitun ginen maitasuna edo haren oinordeko den desira behintzat ibiltaria dela, herraria eta lekuz aldatu zalea.

Gaur leku horiek itxita daude. Autoen saltoki bilakatu dira batzuk, altzari denda besteak, edo erortzeko zorian geratu dira beste batzuk, 90eko hamarkadan bakailao musikaren tenplu izan ondoren. Erdi erorita baina zutik dirauten eraikin horiei begira jarri eta hotzikarak sentitzen dira, denbora nola igaro den erakusten digutelako eta baita gure gazte denboraren eta ilusioen hilobi bihurtu direlako ere.

Ez nuen beste erremediorik izan eta motozerrarekin erakustaldia egindako gazte horrekin elkartu behar izan nuen iluntze batez Arantzako ostatuan. Oso mutil otzana eta jatorra iruditu zitzaidan. Are gehiago, lotsatia zen irudipena izan nuen. Ikusgarritasun aldetik nabarmenena berea izan bazen ere, ganberrokeria edo, nik nahiago banuen, protesta ekintza gehiago ere egin izan zituztela esan zidan, behin Bertin Osborneri arrautzak bota zizkiotela eta beste batean komuneko eserlekuak bere lekutik atera eta pistaren erdian jarri, esate baterako.

Onartuko zenuke, beraz, protesta ekintzak izan zirela? jarraitu nuen temati, eta erantzun zidan gehiago zirela gazteen kontuak, beren gurasoen garaian ere egiten zituztela horrelakoak eta handiagoak ere bai, mundu honetan arrasto bat utzi nahia izan zitekeela edo adin bakoitzak bere garaia markatzeko modu bat.

Gehiago ikusten dut belaunaldi bat aurrekoarekin neurtzeko ekintza gisa bota zuen, eta beharbada garai horretan edo lehentxeago Parisen eta Pragan iraultzak egi-ten ari ziren gazteen kasua ere belaunaldi batek bere lekua markatzeko ahaleginak izan zitekeela pentsatu nuen.

Bere lanaz eta herriko giroaz egon ginen hizketan. Oso informatua zegoela iruditu zitzaidan. Unibertsitaterako lan bat egiten ari banintz, bazegoela herrian jende jantziagoa ere esan zidan, eta Herri Gaztediko batzuen izenak aipatu zituen eta Erakundeko jendearekin ere bazituela harremanak jakinarazi zidan.

Elkarrizketaren berri emanez irakasleari entregatu nion idazkian gogoan dut lotsaren kontua ere aipatzen nuela motozerraren pasadizoa esplikatzeko arrazoien artean, eta gogoan dut baita ere «lotsa klase-zapalkuntzaren somatizazioa ere izan daiteke» idatzi nuela, irakaslea txundituta utzi bainuen esaldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.