Sokak astintzeko egunak

Gaur hasiko da Hendaiako Guitaralde festibala. Scott Henderson eta beste hainbat gitarra jotzaile izanen dira entzungai hiru egunez, programazio aberats eta jori batekin, herriko hainbat zokotan

Joana Ibargarai Leritza.
Hendaia
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gitarra soinuek beteko dute Hendaia (Lapurdi) gaurtik goiti eta igandera bitarte. Nazioartean sona lortua duten hainbat herrialdetako artistak elkartuko dira Guitaralde festibalean, askotariko doinuak eskaintzera. Festibalak Hendaiako hainbat gune alaituko ditu, hala nola Bi Ur Arte ostatua, Soko ostatua, Errepublika plaza eta Abadia gaztelu-behatokia. Guitaralde elkarteak antolatu du festibala, Jean Marie Ekai musikariaren ekimenez; 2011n sortu zuen Ekaik elkartea, eta geroztik jaialdiaren zuzendari artistiko gisa ibili da lanean.

Festibalak zortzigarren aldia du aurten, eta Scott Henderson musikari estatubatuarrak emandako eskola magistrala izan zuen atariko ekitaldia, atzo; gitarra klase bat eman zuen interesa zuen ororentzat. Lehen kontzertua, berriz, Ann August eta Jean Marie Ekai musikari eta kantariek emanen dute gaur, Les Varietes antzokian, Let It Flow album berria aurkeztuz. Ondotik, gaueko bederatzietan, Henderson igoko da oholtzara, Romain Labaye baxuan eta Archibald Ligonniere baterian izanen dituelarik lagun. Gaualdia Thomas Letheulek eta James McCartneyk emanen duten kontzertuarekin bururatuko da.

Biharamunean, larunbatez, beste bost taldek parte hartuko dute festibalean —horien artean Piscine, Jorge Gonzalez eta Thibault Cauvin—, hamaika musika estilo plazaratuz Hendaiako publikoari. Julie Lambert artista ere iganen da taula gainera, taldekideek lagundurik, Errepublika plazan, emazte ahotsari oihartzuna ekarriz.

Igandean, berriz, Renaud Morelle hirukotea —Shorebreak izenarekin ezaguna— Anthony Jambon eta Les Rapetous izanen dira entzungai. «Urtero, Guitaralde festibalak euskal gitarra jotzaile bat ohoratu nahi du», gogorarazi dute antolatzaileek. Pablo Fernandez Arrieta izanen da aurtengo gonbidatua, eta hark emanen du festibaleko azken kontzertua, Soko ostatuan, 23:00etan.

Eskaintza aberastuz

Ekaik ibilbide luzea du musika munduan —Itoiz taldeko gitarra jotzailea izan da, adibidez—, eta badira zortzi urte festibala sortzea erabaki zuela, lagun batekin. «Udan proposatua den panorama [musika aldetik] penagarria da hemen; turistentzat salbu, ez da kasik deus antolaturik». Hortaz, horrelako festibal baten antolatzea «garrantzitsua» dela uste du, «energia positiboak» ekartzen dituelako Hendaiara. «Zerbait sortzen da publikoaren, hendaiarren, musikarien eta antolatzaileen artean».

«Azken urteetan artista biziki ezagunak gomitatu ditugu, mundu osoan ospetsuak direnak». Ekaik azaldu du aurten zinez «berezia» zaiela Henderson jaialdian izatea, artista «harrigarria» baita. Tribal Tech taldean zelarik egin zen ezagun, eta, taldea utzi duenetik, blues aire batekin segitu du. Bi fusio album plazaratu ditu geroztik, Vital Tech Tones taldearekin, baina bakarka ere ari izan da ainitzetan.

Henderson gomitaturik ere, Ekaik ohartarazi du aurten berriz «zentratu» direla gitarraren inguruan, bestela «karioegi» baitzen. Hari beretik, antolatzaileek «hain ezagunak» ez diren musikariei utzi nahi diete lekua. Anthony Jambon da horietariko bat; musika klasikoa landu ondotik jazz mundura sartu zen, eta doinu horiek eramango ditu Guitaraldera. Ekaik azpimarratu du Jambon bezalako musikariek «garrantzi handia» dutela festibalean. Igandean Camille Passeri, Joram Cariou, Swaeli Mbappe eta Martin Wangermeerekin batera ariko da, eta «jazz onirikoa» proposatuko diete entzuleei.

Ekaik oroitarazi du «ahal bezain publiko zabalari» zuzentzen zaiola festibala, sare bat eta momentu «goxo» bat sortzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.