Donostiako 69. Zinemaldia. Euskal Zinemaren gala. Asier Altuna. Zinemagilea

«Soinuarekin gozatu dut gehien»

Cristina Iglesiasek errealitatea abiapuntutzat hartu zuen 'Hondalea' sortzeko; Asier Altunak prozesu hori «behatu» du dokumental batean.

JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun

Ekainean zabaldu zuten Donostiako Santa Klara uhartean Hondalea arte instalazioa. Cristina Iglesias artista bost urte lehenago hasi zen obra prestatzen: nola irudikatu itsas hondoa uharteko itsasargiaren barruan. Asier Altuna zinema zuzendariak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) artelana nola pentsatu, fabrikatu eta muntatu zuten erakutsi du Hondalea: abismo marino dokumentalean. Gaur estreinatuko dute Zinemaldian, Euskal Zinemaren galan.

Iglesiasen lantaldeak eta Donostiako Udalak, proiektuaren arduradunek, prozesu osoa filmatzeko eskatu zioten Altunari, eta hemezortzi hilabete eman zituzten grabatzen, «zer aterako zen jakin gabe». Muntaian igaro dute denbora gehien, eta hainbat erabaki hartu dituzte orduan. Hala ere, filmatzen hasterako bazituzten ideia batzuk: «Irlako obra erakustea, hortik ez ateratzea; sinple kontatzea, gidoirik gabe, nik beti dudalako idazteko joera; ez molestatzea, Cristinaren lana ez oztopatzeko; eta lana ez uztea agerian hasieratik, pixkanaka baizik».

Altunak errepikatzen diren elementu batzuk sumatu zituen Iglesiasen lanetan: urruneko tokiekiko interesa, errealitatea fikzio bihurtzea, eta misterioa bilatzea. Horiek kontuan izan ditu dokumentala egiteko. «Haren lana erakutsi nahi genuen, bulegokoa eta in situ egiten duena, hor hartzen direlako benetako erabakiak. Gertatzen ari zena erregistratu genuen, ezer irrealik gabe».

Hainbeste material hartuta, muntaia izan da filma sortzeko zatirik «bereziena» Altunarentzat: «Ez genuen gauza tekniko edo didaktiko bat egin nahi». Prozesu horren barruan, soinua lantzean jaso du pozik handiena: «Pelikula bat egitean, ez dakizu non gozatuko eta non sufrituko duzun. Kasu honetan, soinuarekin gozatu dut gehien». Aitor Etxebarriaren musikak indarra ematen dio irudiekin bilatutako giro iradokitzaileari: «Gozamena izan da; asko inplikatu da, eta emaitza ederra da».

Lan pertsonal bat bidean

Zarata handia sortu da proiektuaren inguruan. Dokumentalaren egileek kanpotik bizi dute: «Gu ez gara obraren parte; sormen prozesua erregistratu dugu. Ulertzen dut kritiken atzetik dagoena, nik ere bat egiten dudalako kezka horrekin: hiri turistikoak muturrera eramaten ari gara. Horri buruz hitz egin behar da».

Altunak Arzak Since 1897 dokumentala aurkeztu zuen iaz Zinemaldian, eta Agur, Etxebeste! orain dela bi urte. Atzera proiektu pertsonal bati ekiteko irrikaz dago: «Dokumentalak egitea ederra da, baina badaukat berriz lemari heltzeko gogoa. Film bat finantzatzen ari gara; zaila da, baina etorriko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.