Tomas Zubizarreta 'Zendoia'. Soinu jotzailea

«Soinu jotzaileak ugaldu egin dira, eta dantzariak, aldiz, gastatu»

Azpeitiko San Jose trikiti jaialdian omenduko dute gaur Zendoia azkoitiarra. Soreasu antzokian aitortuko dute haren ibilbide luzea. Ekitaldian joko dituen piezak entseatzen aritu da azkeneko egunetan.

ANE OLAIZOLA.
Azkoitia
2014ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Azpeitiko Soreasu antzokian gaur eskainiko dituen piezak prestatzen ari da Tomas Zubizarreta Zendoia trikitilaria (Azkoitia, Gipuzkoa 1930). Orduan omenduko dute, San Jose trikiti jaialdian. Ibilbide oparoa du Zendoiak, baita hamaika kontu kontatzeko ere. Horregatik, Trikitixa elkartea haren biografia kaleratzekotan da. Ondo gogoan ditu Azkoitiko Martirieta auzoko plazak, hango agarratuak eta ez agarratuak, eta apaizarekin izandako gorabeherak.

Nola hasi zinen soinua jotzen?

Umetan, etxean jotzen zen soinua. Osabak jotzen zuen, eta hura lanera joaten zenean, gordeta uzten zuen kaxa batean. Itxita uzten zuen, eta falta zenean jotzen nuen. Halako batean, antzeman egin zuen erabiltzen nuela, eta soinu harekin hasi nintzen.

Nola ikasi zenuen?

Neure kasara, 10-11 urterekin. Gero, 17 bat urte nituenean, Martirietan hasi nintzen jotzen, osabaren lekuan. Halaxe hasi nintzen plazaz plaza.

Martirietan, apaizarekin gorabehera batzuk izan omen zenituen musikaren harira.

Apaizek asko agintzen zuten orduan, eta agarratuan egin ezinda ibili ginen auzoan; apaizarekin eskandalu mordoxka izan nituen, ez zuelako onartzen musika hori. Jende asko etortzen zen Martirietara, eta agarratua dantzatzen zutenen izen-abizenak apuntatzen zituen apaizak. Elizan kongregazioa egiten zen, eta dantzan aritu ziren hiru neska kongregaziotik atera zituzten. Haietako batek erantzun zuen berak ez zuela bekaturik egin eta hurrengoan ere dantza egingo zuela. Herrian libre zegoen agarratuan egitea, baita Urrategin, Madariagan eta Aizpurutxon ere. Denean egin zitekeen, Martirietan izan ezik. Nonbait, beraiek jarraitu bitartean lehengo ohitura haiek mantendu nahi zituzten.

Nolako garaiak ziren?

Txarrak. Gure gazte denboran, dena sueltoan dantzatu behar zen. Jende asko etortzen zen bailaratik. Azkoitiko baserrietan, gainera, asko dira hemen dantzan elkartu eta ezkonduta daudenak.

Egia al da garai batean Aizpurutxon bakarrik egin zitekeela agarratuan?

Bai, eta gero beste auzoetara zabaltzen joan zen, hemen izan ezik. Auzoko neskak hara joaten ziren dantza egitera. Herrian ere onartu zuten, alkatea aldatu zutenean. Pentsa, herrian bera izan zen agarratuan egiten lehena. Orain, asko aldatu dira gauzak; taberna zuloan ibiltzen dira gazteak.

Nondik nora ibiltzen zinen zu?

Markinara asko joaten nintzen. Joxe Mari Urbieta Egañazpi-rekin asko ibili nintzen, baita anaiarekin ere. Epelde, Egurrola... bailarako asko izan nituen ondoan.

Zein plaza izan zenuen gustukoen?

Gehienetan Martirietan jotzen nuen. Gero, gutxitzen joan zen giroa; errepidea egin zutenean, uste zen jende gehiago etorriko zela, baina jendea auzotik joaten hasi zen. Txokoan, Tolosatik gertu, erromeria handia egiten zen, eta han ere izan nintzen noiz edo noiz. Tolosako Bedaio auzoan ere dantza asko egiten zuten; gustukoa nuen plaza hura. Gazte asko elkartzen zen han. Aizpurutxon ere asko dantzatzen zen.

Dantzalekuak ezagutu al zenituen?

Bai. 25 urtez Itsasondora joan izan nintzen. Omenaldia egin zidaten gero.

Ezkutuan egiten al zenuten erromeriarik?

Ez, ezkutuan ezer ez. Gainera, apaizak guztia jakiten zuen. Nahita ere ezingo genukeen egin.

Horrenbeste urteko jardunean, bitxikeriaren bat izango duzu kontatzeko, ezta?

Azkoitian, Jesusen Bihotzeko prozesio batean, apaizak esan zuen inguruko gazte guztiok han egon behar genuela. Amaitu zen prozesioa, eta esan zidaten ea soinua joko al nuen. Etorri zen apaiza behetik gora, eta «kendu soinu zahar hori hortik!», oihu egin zidan, eta etxera. Halako makina bat istorio baditugu.

Azkoitian trikitilari ugari sortu da. Gazteek segitzen al dute?

Bai, gazte asko ari dira ikasten. Baina behin batek esan zidan moduan, soinu jotzaileak ugaldu egin dira, eta dantzariak, gastatu. Zarauzko Euskal Jaietan askotan izan nintzen, eta goizetik hasita, kalez kale ibiltzen ginen trikitia jotzen. Bazkalondoren, San Pelaiora joaten ginen, eta auzo guztia jendez gainezka egoten zen, dantzan. Gauean, Musika Plaza ere goraino beteta egoten zen. Orain, berriz, gauean halakorik ez dela egoten diote.

Omenaldia egingo dizute. Nola hartu duzu hori egitea?

Pozik nago, baina pertsona urduria naiz, eta ez dakit nola joango den. Pare bat pieza joko ditut; horiek prestatzen nabil egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.