Hainbat talderekin aritu ostean, bere proiektu propioari ekin zion 2009an Miguel Salvador musikariak (Trapagaran, Bizkaia, 1967). Bakarkako ibilbidea hasi arren, eskarmentu handia duten musikariz inguratu izan da, baita kaleratu berri duen Código (Errabal Jazz) hirugarren diskoan ere. «Jazza egiten dugunok kode edo lengoaia hori berezitzat daukagu. Hizkuntzen eta herrialdeen gainetik dago, eta, berau menperatuz gero, taldekide sentitzen zara, elkar ulertzen dugu haren bidez».
Disko berrikoa «jazz lasai eta girokoa» dela esan duzu. Aurreko bi lanak baino lasaiagoa dela esango zenuke, ala ildo beretik doala?
Nire disko guztiek jarraitzen dute ildo bat, baina egia da hau lasaiagoa dela, doinuak pausatuagoak direla. Agian, beste une batzuetan soinu irmoagoa bilatu izan dut, betiere jazzaren lasaitasunaren barruan, baina oraingoan horrek ez nau gehiegi arduratu.
2009an hasi zenuen bakarkako proiektua. Bide berri bat zabaldu nahi zenuela esan zenuen orduan. Zer iritzi duzu ordutik egin duzun ibilbideaz?
Boladaka joan da dena. Landu ditudan konposizioek puntu ezberdin bat izan dute, inprobisazioaren bidetik bilatzen dudana ez baita izaten akorde askotatik pasatzea, be-boparen garaian egiten zuten moduan edo. Soinu bakar baten gainean giro bat sortzea bilatu ohi dut, eta giro horrek pixkanaka berotasuna hartzen joatea. Jazz hipnotikoaren moduko zerbait litzateke. Ildo horretatik jarraitzen dut, bide hori lantzen. Horretan sinesten dut; beti izan da hori nire bidea.
Eskarmentu handiko musikariekin grabatu duzu oraingoan ere. Nolakoa izan da elkarlana?
Normalean jo ohi dudan musikariez inguratzen naiz. Hasier [Oleaga] nire hiru diskoetan egon da, eta Jon [Piris], bigarrenean eta honetan. Javi Alzola da berria, Fito y Fitipaldiseko saxo jotzailea; aspaldiko laguna dut, urtean zehar asko jotzen dugu elkarrekin, eta beste diskoetan, beste saxo jotzaileek jo ezin zutenean, bera etorri izan da, baina grabazioak egin behar nituenean beti biran zegoen, eta ezin izaten genuen bat etorri. Oraingoan, posible izan da. Ilusio handia nuen horretarako, musikari bikaina izateaz gain lagunik minenetako bat dudalako.
Hala ere, pentsatzen dut sortze prozesua lan bakartiagoa dela. Zure kasuan, nolakoa da?
Normalean, garai bat bukatutzat jotzen dudanean, konposizio prozesuari ekiten diot, eta lasaitasunhandiz hartzen dut; agian urtebete eman dezaket horretan, nahiz eta azkarrago egin nezakeen. Disko baten amaiera iristen ari dela sumatzen dudanean, burua ideia berrietara zabalik izaten dut, eta beste garai baten hasiera da nolabait. Zortzi-bederatzi pieza inguru prest ditudanean hasten naiz balizko grabazioan pentsatzen. Dena harilkatua eraman ohi dut, eta lehen entseguak egiten ditut, ideia horiek nola garatzen diren edo zer alda daitekeen ikusteko.
Esan liteke arriskatzea dela zure ezaugarrietako bat. Jazzak berak eskatzen duen zerbait da ala zuk zure musikari eskatzen diozun zerbait?
Tira, jazza egitea beti da arriskatzea, gutxiengo bati zuzendutako produktuak baitira. Egia da jazz disko bat ateratzea beti dela arriskatua, balantzea beti baita negatiboa. Oso gogoko dudalako egiten dut apustu horren alde, gustuko dudalako oholtza gaineko sentsazioa, zer gertatuko den ez jakitea. Izan ere, dena ongi lotuta badaramazu ere, inprobisazioak inoiz ez dira berdin ateratzen; egunaren arabera asko alda daitezke, eta hori sabelean duzun har baten gisakoa da, pasa duzunean oso gustagarria dena. Uste dut jazza egiten dugun gehienok sentsazio horrek harrapatuta gaudela.
Musikari izateaz gain, irakaslea ere bazara. Zaila egiten zaizu bi alderdiak bateratzea?
Egia esan, nahiko erosoa zait, jazz eta inprobisazio eskolak ematen baititut, eta, beraz, pilota berean sartuta ematen dut egun osoa; jotzetik atera eta eskolak ematera sartzean, gauza berari buruz hitz egiten dut. Lan beraren parte gisa ikusten dut dena.
Musikenen ikasitakoa zara. Zereman zizun zuri? Handik hainbat musikari atera zaretela ikusita, esan liteke egungo euskal jazzaren harrobia dela?
Musikenen, daramatzazun ideia horiek guztiak ordenatu-edo egiten dizkizute, eta lortu beharreko hainbat froga edo betekizun jartzen dizkizute, baina niretzat norberaren ekarpena da beti garrantzitsuena. Behin forma horiek edo hobetzen hasteko abiapuntua topatu dituzunean, pertsona bakoitzaren esku dago. Esan nahi dudana da Musikenek zerikusi handia duela, baina talentua duenak sartu aurretik ere baduela.
Eta, irakasle gisa, nola ikusten dituzu belaunaldi berriak?
Oso ongi jotzen duen jendea dabil, 17-18 urterekin indarrez ematen dioten gaztetxo asko. Aurten, adibidez, nire ikasleetako hiru joan dira Musikenera, eta hiruek gainditu dute. Azken batean, ikasi nahi duenak ikas dezake; baliabidez inguratuta gaude: Interneten zintzilikatuta dauzkazu haren soloak, beste haren kontzertua... Informazio asko dugu, batzuetan txarra ere izan daitekeena, baina informazio hori guztia ongi baliatzen duenak ezagutza handia lor dezake. Lehen, ez genuen ezagutzarik. Oso prestatuta daude.
Uztailean pilatzen dira jazzeko kontzertu gehienak, jaialdietan; baina urtean zehar lehortea izaten da gero. Nola bizi du hori musikariak? Urtean zehar, ba al du non jo? Ba al da zirkuiturik?
Jazzaren barruan zaila dago jotzeko. Leku gutxi daude, eta dena pilatzen da uztailean, baina okerrena ez da hori, eta uste dut honetan gabiltzan gehienok pentsatzen dugun zerbait dela. Begira, hiru jazz jaialdi handi ditugu: Getxokoa, Gasteizkoa eta Donostiakoa. Jotzeko eskuragarriena Getxokoa da, eta nik bertan aurkeztu nahi nuen diskoa, taldeko kontrabaxu jotzailea ere bertakoa baita, baina oso zail zegoela esan zidaten, bost datatik hiru jada lotuta zituztelako hitzarmen batzuen harira; beraz, hemen jotzen dugun guztiontzat bi egun baino ez zeuden. Ikaragarria iruditzen zait. Gasteizen, berriz, ezinezkoa da euskal musikariek jotzea. Eta Donostian egia da jo dezakezula, baina guretzat baldintzak oso txarrak dira, eta prezioak barregarriak. Nik asko jotzen dut kanpoan, eta hemen gehiago borrokatzen dut kultur etxeetan jotzeko, zirkuitu zabalagoa baita eta maiz baloratuago baitzaude. Jaialdietakoa apur bat etsigarria da. Diskoa apirilean kaleratu nuen, eta, bertakoa banaiz ere, hiruretako bakar batean ere ezingo dut aurkeztu.
Eta publikoari dagokionez, Euskal Herrian ba al dago jazzaren tradiziorik, zaletasunik?
Uste dut badela tradizio bat. Euskal Herria oso eremu ona da jazzarentzat, jendeak badu nahiko kultura, eta jaialdietan zein klubetan oso jarrera ona du. Publikoa zoragarria izaten da, bai.
Testuinguru horretan, nolako garrantzia dute zuretzat Errabal Jazz bezalako zigiluek?
Oso handia. Aipatu dudan guztiarekin, zure musikaren alde apustu egin eta zure diskoa zabalduko duen zigilu bat egongo ez balitz... Lan ederra egiten dute.
Miguel Salvador. Jazz musikaria eta irakaslea
«Soinu bakar baten gainean giro bat sortzea bilatu ohi dut»
Gitarra eskuetan, «jazz hipnotikoaren moduko zerbait» egiten duela dio musikariak. 'Código' hirugarren bakarkako lana kaleratu berri du, baina jaialdietan ezin, eta klub eta kultur etxeetan dabil aurkezten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu