Beroketa ariketak egiten dabiltza biolin, klarinete eta perkusioak, eta soinu anabasa batek hartu du entsegu aretoa. Alboka baten doinua ere entzun da halako batean, orkestrarentzat ezohiko entsegua izango dela iragarriz. Euskadiko Orkestrako musikarien aurrean kokatu dira Kalakan taldeko Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etxegarai, eta Juanjo Ocon zuzendaria ere igo da agertokira. Hirukotearen danbor hotsekin lehenik eta ahotsekin ondoren, hasi da lehengo soinu anabasa melodia ezagun bilakatzen. Kantuz ari dira abesten eta jotzen, orkestra osoak lagunduta.
Oconen gidaritzapean, Euskadiko Orkestrako eta Kalakan-eko musikariak elkarrekin entseguak egiten dabiltza egunotan, Donostian orkestrak duen egoitza nagusian. Euskal tradizioko kantuak biltzeko eta elkarrekin zabaltzeko xedea duen proiektu batean lanean ari dira. Jagoba Astiazaran musikari eta konpositoreak hamabi kantu orkestrarako moldatu ditu, eta horiek disko batean bilduko dituzte. Maiatza eta ekaina bitartean grabatuko dute lana, eta udazkenean plazaratuko dute, Elkar etxearen zigilupean. Argitaratzeaz bat, diskoa aurkezteko kontzertu bira bat ere egingo dute elkarrekin, eta, data zehatzak oraindik jakinarazi ez badituzte ere, aurreratu dute emanaldiak urrian eta azaroan izango direla, Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donibane Lohizunen eta Donostian. Oconen zuzendaritzapean ariko dira musikariak emanaldietan.
Iaz zen plazara ateratzekoa egitasmoa, baina, «ageriko arrazoiak tarteko», atzeratzea erabaki zutela esan du Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak, ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi dutelako. Orkestrak duela bi hamarkada abiatutako KlasikAT egitasmoaren jarraipena da proiektu berria, Rochen esanetan. «Horren barruan, esparru sinfonikotik kanpo dauden artistekin kolaboratu du orkestrak». Benito Lertxundi izan zen lehena, orain hogei urte, eta, ordutik, beste asko aritu dira orkestrarekin elkarlanean: besteak beste, Ken Zazpi, Kepa Junkera, Zea Mays, Huntza eta Izaro. «Oraingoan, Kalakan-ekin batera, orkestrak euskal kantagintza eta instrumentu tradizionalak aldarrikatu nahi ditu».
Oso modu «naturalean» abiatu zen proiektu berria, Rochen hitzetan. Izan ere, oraingoa ez da elkarlanean ari diren lehen aldia.2019/2020 abonu denboraldian, orkestrak Gabriel Erkorekaren Zuhaitz obran parte hartzera gonbidatu zuen Kalakan, «bere konfort eremutik ateraraziz». Hirukoteak txalaparta, alboka, txirula, adarra eta beste hainbat musika tresna jo zituen orkestrarekin, eta «bi soinu mundu» uztartu zituzten. Juanjo Menaren zuzendaritzapean aritu ziren ordukoan. Garai hartan eginiko bileretan jada aipatu zuten hurrengo batean alderantzizko bidea jorratzeko aukera: hots, orkestra izatea hirukotearen doinuen mesedetan lanean jarriko zena. Halaxe egin dute oraingoan, eta, Rochen hitzetan, «plazer handiz, gainera».
Jagoba Astizaranek gaztetxoa zela ezagutu zuen KlasikAT egitasmoa, Lertxundiren diskoarekin: «Eta aitortu behar dut proiektuaren zale sutsua izan naizela, beti amesten nuela halako lan bat egitearekin». Kalakan-en zalea ere bazenez, opari gisa hartu zuen kantuak moldatzeko enkargua. Txistularia eta konpositorea den aldetik, «erdian, saltsan» ikusten du bere burua, eta aitortu du beretzat «jolas bat» izan dela «bi mundu horiek nola uztartu» erabakitzea. Aurrez Kalakan-en izaera ezagutzen eta taldearekin errepertorioa adosten jardun eta gero, iaz bakarkako lanean aritu zen hilabete luzez, moldaketetan. «Batik bat, nahi izan duguna da euskal instrumentu, kantu eta erritmo tradizionalei eta Kalakan-ek hain ezagun egin duen errepertorioari halako soineko bat janztea, bozgorailu bat ematea orkestraren bidez. Niretzat plazera eta jolas hutsa izan da imajinatzea alboka, panderoa, txirula eta haien hiru ahotsak nola uztartuko ziren orkestrarena bezalako mundu estandarizatu batekin».
Xalbador eta 'Txoria Txori'
Xan Errotabeherek esan du Zuhaitz obra landu zutenetik ezaguna zutela Astiazaran, eta moldaketetarako inor buruan ba ote zuten galdetu zietenean «berehala» pentsatu zutela harengan: «Izan behar zuen norbait sentsiblea, musika klasikoan jakintsua, baina euskal tradizioaren errespetua ere baduena». Esperientzia ederra izaten ari da taldearentzat ere, eta proiektuan parte hartzen ari diren guztiekiko esker oneko hitzak izan ditu Errotabeherek.
Diskorako hamabi kantu hautatu zituzten taldeak eta Astiazaranek, eta, konpositoreak aurreratu duenez, «hainbat hanka» izango ditu albumak: «Batetik, Kalakan-ek Xalbador omendu nahi zuen, eta aitzakia ona izan da haren bertso batzuk musikara ekartzeko». Zehazki, hiru piezak izango dituzte haren hitzak. Halaber, Kalakan-en kanta ezagunak ere izango dira, eta taldearen perkusiozko pieza baterako musika ere sortu dute. Txoria Txori kantuaren bertsio berezi bat ere ari dira prestatzen.
Astiazaranek egindako lana goraipatzeaz gain, entseguetan sortzen ari den giroa nabarmendu du Oconek: «Kalakan asko maite du gure orkestrak; oso agerikoa da. Aurreko entseguan, Kalakan esatera nindoala, k hizkia entzun orduko txaloka hasi ziren guztiak. Orkestra horrela topatu dudan lehen aldia da; entsegu baten ordez, kontzertu baten moduko zerbait zirudien atmosfera horrek».
Soineko sinfonikoa tradizioari
Herri musika ardatz, Euskadiko Orkestrak eta Kalakan taldeak disko bat grabatuko dute elkarrekin, eta aurkezpen bira egingo dute udazkenean. Jagoba Astiazaranek moldatu ditu kantuak orkestrarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu