Pertsona bat lanerako bidean, beste bat gurasoei bisita egiten, haurrekin jolasean hau, kantuan hura, lagunak agurtzen bata, ezezagunei begira bestea... Eguneroko gertaera eta pasadizo arruntak, edozeini jazo ahal zaizkionak, bildu ditu Bea Salaberrik (Donamartiri, 1979) Baionak ez daki estreinako ipuin liburuan (Susa). «Gertaera hutsak, soilak, biziki arinak, korapilorik ez dutenak» dira ipuinotan kontatu dituenak, baina badute, irakurketa sakonago batean, beste alde bat ere, «ifrentzuan dagoena». «Ze bizipen diren, nola eragiten duten irakurlearengan. Nola kokatzen gaituen...».
33 ipuin dira guztira, oso laburrak denak. Badira orrialde pasatxoko luzera dutenak, eta luzeenek ez dituzte bost orrialdeak gainditzen. Narrazio hutsean baino gehiago, detaileetan jarri du begia egileak, ideiaren soiltasunean: «Irakurleari esentzia bat transmititzea biziki maite dut. Eroso sentitzen naiz hor. Ideia bat hartu, biluzi eta haren esentzia eman». Horretarako, hasierako asmoari «ezer ematen ez diona» kentzea izan da ipuinak idazteko erabili duen ariketa bat. «Poesiarekin lotzen dira, ez baitira garatuak. Mikroipuinak dira finean».
Euskaraz genero horretako ipuinak ez ditu irakurri, baina frantsesez nahiz gaztelaniaz, ordea, bai: Anna Gavalda, Phillippe Delerm, Sandra Cisneros... «Antzeko kontakizunak dira, poesiatik hurbil diren gauzak». Eta atzera begiratuta Charles Baudelaireren Le Spleen de Paris —edota Petits Poèmes en prose— (1869) ekarri du gogora generoaren hastapenak gogoratzerakoan. «Ez da ez poesia ez narrazioa».
Indibiduoa taldearen gain
Lehenengo pertsona erabili du idazleak 33 ipuinotan, eta hori izan liteke kontakizunak batzen dituen elementuetako bat. Ni hori, ordea, ez dago identifikatua liburuan: «Ni plurala da; ez autozentratua». Hain zuzen ere, narratzailea emakumea dela jakingo du irakurleak ipuinen batean; langilea dela beste batean... baina ez askoz gehiago. «Indibidualtasun handi bat dute pertsonaiek, eta, alde horretatik, azkenaldian hainbestetan aipatzen den Gu horretatik deslotzen dira. Onartu dituzte pentsatzen eta esaten dituztenak».
Hasiera batean ipuin soil eta solte gisa pentsatu bazituen ere, gerora, pertsonaien bizipenetan sakonduta,«mikro horri begiratuta», bestelako gai batzuk agertu zaizkio egileari. «Baionesaren kezkak izan daitezke». Baiones hori nolabait definitu ere egin du Salaberrik: «35 urte ditu, euskalduna da, kezka batzuk ditu, eta baita gogoeta batzuk ere. Eta gizarteko jokamolde batzuen nolabaiteko kritika ere egiten du».
«Hasierako asmoa» ez bazen ere, ipuinek malenkonia puntu bat dutela uste du idazleak, «malenkonia alai bat». «Dei egiten diete oroitzapenei, iraganari, emozio bat transmititzeko». Ez dute, ordea, iragan jakin baten erretraturik egiterik, ez eta iragan bat idealizatzen ere. «Begirada gazi-gozoa» dute, Salaberriren irudiz.
Lehen liburua du Baionak ez daki Bea Salaberrik, baina aurretik idatzi izan du hala Iparraldeko Hitza-n nola Han eta hemen blogean. Gorka Arrese Susa argitaletxeko arduradunak aitortu du ez zuela ezagutzen Salaberri, baina hark ipuin batzuk igorri zizkionean «liluratuta» gelditu zela, «idazkeraren ederragatik eta ohikoa ez den modu batez begiratzen dielako gauzei». Hasieran igorritako ipuin haiei beste batzuk gehitu dizkie idazleak, eta «lan biribila» egin.
Normalean, ipuin hitzaren atzean «gauza bitxiak, nabarmenak, trama konplexuak» ezkutatzen dira, Arreseren iritziz,«asmatutako fikzioak». Salaberrirenetan, berriz, ez. «Gutako norbaiten bizimoduaren parteak izan zitezkeen. Gorazarre egiten diote ipuinok egunoroko arruntari». Ezdeustasun horren atzean, baina, «mundu intimo eta sakon bat» ikusten du Arresek, eta baita «bizitzan portatzeko, jendartean ibiltzeko eta besteenganako begiratu bat azaltzeko ideologia karga handi bat».
Soiltasunaren ifrentzua
Eguneroko arruntean oinarritutako 33 mikroipuinez osatu du 'Baionak ez daki' aurreneko liburua Bea Salaberrik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu