Ehun bat dokumental, luzetasun, gai eta forma askotakoak. Horra zein izanen den Fipadoc jaialdi berriaren eskaintza. Berria, ez arras berria, baina ez eta zaharra ere. FIPA Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko Jaialdiari Doc gehitu, eta horra Fipadoc, Nazioarteko Dokumental jaialdia. Leku bera atxiki du, Miarritze (Lapurdi). Egutegi bera ere bai, urtarrileko azken asteburua; aurten, urtarrilaren 22tik 27ra izanen dena.
Orain arte fikzioa, telesailak, erreportajeak eta dokumentalak biltzen zituen jaialdiak, baina erabaki dute hemendik aitzina dokumentaletan bakarrik zentratzea beren jaialdia. Profesionalei ireki festibala izanen da Fipadoc; FIPA bezala, funtsean. Eta hain segur hori du erronka nagusia: profesionalek bereganatzea jaialdia. Egia baita azken urteetan FIPAra gero eta profesional gutiago agertzen zela. Ageri zen eragina txikituz joan zela.
Anne Georget jaialdiko presidenteak segurtatu du iaztik honako trantsizioa. Hirugarren urtea du presidente. Georget bera dokumental egilea da aspalditik, eta FIPA garaian ere dokumentalaren sailari arreta berezia ematen zion. Haren ondoan, Christine Camdessus, ordezkari nagusi moduan. Harentzat lehen urtea da. Azken urteetan ekoizle lanetan aritu da. Ekoitzi dituen filmen artean, 2013ko Oscar sarietara izendatu Emad Burnat eta Guy Davidi egileen 5 Broken Cameras dago.
Fipadoc Europa mailako hedadura duen orotako dokumental jaialdia bihurtzea dute xede. Nahiz eta argitu nahi duten badakitela aurtengoa «0 urtea» dutela, Camdessusen hitzetan, «anbizioa» badute. Baina testuingurua ez dela baitezpada beren alde umorez esplikatu du. AEBetako Sundance jaialdi famatua hasten dela —«ez dakit ezagutzen duzuen», galdetu du ironikoki—, jaialdi horrentzat egile batek baino gehiagok beren filmaren esklusibotasuna atxiki duela azaldu du Camdessusek. Adibide bat emateko, Jaialdian Michael Mooreren Fahreinheit 11/9 dokumentala aurkeztuko dute. Moore Miarritzera gonbidatua dute, baina ez dakite oraino etorriko ote den. Oro har, urte honentzat «neurriz kanpoko anbizioak» zituztela adierazi, eta «barkaberatasun» pixka bat eskatu du Camdessusek.
Funtsean, Miarritzera ekarriko dituzten film bat baino gehiago jadanik ikusiak izan dira han eta hemen. Raul de la Fuente iruindarrak Damian Nenow poloniarrarekin batera zuzendutako Another Day of Life filma, adibidez, jadanik saritua du European Film Awards jaialdiak. Miarritzen, Nazioarteko Film Dokumentalen Sailean lehiatuko da. Angolara darama dokumentalak, 1975. urtera. Lehertu berri den gerra zibila Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarraren begietatik segitzeko aukera ematen du.
Beste adibide bat ematearren, Rithy Panhek zuzendutako Les Tombeaux sans noms ere emango dute, Venezian jadanik aurkeztua dena. Khmer Gorriek hil zizkioten senideen hilobien bila, gogoeta bat proposatzen du, memoriaz. Film hau ere nazioarteko lehiaketan sartua dute.
Dokumental jaialdi bihurtu izana Frantziako Estatuaren kultura ekitaldien antolaketarekin lotu du Camdessusek: «Frantzian dokumental jaialdi bat baino gehiago bada gai baten inguruan berezitu dena. Baina ez zegoen orotariko dokumentalen jaialdirik Frantzian, Europako herrialde handi guztietan gutxienez bat dagoelarik. Hortik ondorioztatu dugu menturaz zerbait eskas zela». Sail baten inguruan espezializatzeari esker jaialdi batek baino gehiagok biziberritze bat lortu duela baloratu du. Lilleko Series Mania jaialdia eta Annecyko animazio jaialdia jarri ditu adibidetzat. Camdessusek gaineratu du partaide batzuek bat egiten zutela ideia horrekin.
Dokumentalaren interes artistikoa goraipatu du ordezkari nagusiak. «Batzuetan ez da baitezpada ulertzen zer den zuzen genero hori, baina behin ulertzen dela zer den, behin ulertzen dela egiaren historiak direla, orduan, hor ohartzen gara zein aberatsa izan daitekeen».
Fipadoc jaialdiaren aurkezpenean parte hartu du Michel Veunac Miarritzeko auzapezak ere, eta bere argudioak aitzinatu ditu. «Gauzak anitz aldatu dira azken aldi honetan. Zergatik atxiki telesailen saila, jakinez Frantzian bi telesail jaialdi daudela? Ez du zentzurik. Fikzioan, berdin».
Nazioartetik musikara
Lehiaketak izanen ditu jaialdiak. Sail nagusia nazioartekoa izanen da. Sail horretako epaimahaikideen artean dago Shola Lynch dokumental egile amerikarra —Free Angela and All Political Prisoners filma egin zuen, besteak beste—.
Alemaniako sorkuntzak leku berezi bat izanen du, halaber. Alemaniako dokumentalgintza Europako zutabe nagusietako bat baita, Fipadoc taldearen iritziz.
Frantziako sorkuntza aurkezteko ere pare bat sail pentsatuak ditu jaialdiak. Sail bat «inpaktatu» dezaketen dokumentalentzat atxikia dute. «Mundu hobe bat egiteko gaitasuna ukan dezaketen filmen sail bat daukagu». Etorkinak laguntzeko antolatzen diren elkartasun sareak, EI Estatu Islamikoaren sexu esklaboak, eta Coca-Colaren birziklatze estrategiaren kritika; horra sail horretan aurki daitezkeen gaietako batzuk. Sortzaile gazteen saila ere ukanen du jaialdiak. Esperientzia digitalari ere bere espazioa emango diote. Modu interaktiboan, dokumentalen narrazio forma berriak esperimentatzera gonbidatzen du espazioak.
Urtarrilaren 22ko hasiera gaualdian Michael Epsteinek zuzendutako John and Yoko: Above us only sky filma proiektatuko dute, John Lennonen Imagine diskoaren grabaketaren irudiekin.
Soilik dokumentalak
Fipadoc bihurtu dute Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko FIPA. Askotariko ehun bat dokumental ekarriko dituzte Miarritzera urtarrilaren 22tik 27ra bitarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu