Sofia Otero aktoreak Zilarrezko Hartza lortu du

Nicolas Philiberten 'Sur l'Adamant' filmak irabazi du Urrezko Hartza Berlinalen. Philippe Garrelek eskuratu du zuzendaririk onenaren saria

Sofia Otero aktorea, Zilarrezko Hartza eskuetan duela. HANNIBAL HANSCHKE / EFE.
Andoni Imaz
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Eskerrak talde teknikoari, ile apaintzaileei, makillatzaileei, zuzendariari, ekoizleei, gurasoei, anai-arrebei, aitona-amonei, osaba-izebei...». Berlinale zinema jaialdiko sariak banatzeko ekitaldian zeudenek ezin izan dute irribarrea gorde Sofia Otero malkotan hitz egiten entzutean. 8 urteko basauriarrak aktorerik onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du, Estibaliz Urresolak zuzendutako 20.000 especies de abejas filmean egindako lanarengatik. Lehenengoz aritu da kamera baten aurrean, haur trans baten larruan.

Filma gaztelaniaz da nagusiki, baina euskarak badu bere tokia. Lehen aldiz lehiatu da euskarazko lan bat Berlinaleko Sail Ofizialean.

Kristen Stewart aktore ezagunak eman zion saria Oterori; izan ere, aurten hura aritu da epaimahaiburu, eta harekin izan dira epaimahaian Francine Maisler casting zuzendaria, Golshifteh Farahani aktorea, eta Valeska Grisebach, Radu Jude, Carla Simon eta Johnnie To zinema zuzendariak.

«Erotu zarete, ala?». Nicolas Philibert zinemagileak segundo batzuk behar izan ditu aulkitik altxatzeko, eta beste batzuk igaro ditu isilik agertokian, Urrezko Hartza irabazi duela sinetsi ezinda bezala, hitz horiek esan aurretik. Izan ere, hark zuzendutako Sur l'Adamant dokumentala ez zen ageri sari nagusia irabazteko hautagai faboritoen kinieletan. Buruko gaitzak dituztenentzako zentro bat da Adamant, Sena ibaian dagoen ur gaineko egitura bat, eta hura erakutsi du Philibertek bere lanean. «Dokumentala zinema da, eskubide osoz: 40 urte daramatzat borroka horretan», esan du saria jasotzean.

Epaimahaiaren sari nagusia Christian Petzolden Roter Himmel lanak irabazi du. Carlos Saura hil berriarekin oroitu da Petzold saria jasotzean, eta esan du Deprisa, deprisa bere film kutunetako bat dela —Urrezko Hartza irabazi zuen 1981ean—. Epaimahaiaren saria, berriz, Joao Canijoren Mal viver filmak lortu du.

Erkiziaren lanari saria

«Gora irandarren iraultza!», oihukatu du Philippe Garrel zinemagileak, zuzendaririk onenaren Zilarreko Hartza jasotzean, saria Jean-Luc Godard zenari eskaini aurretik. Le grand chariot filmagatik saritu dute.

Taldeko aktorerik onenaren saria Thea Ehreri eman diote, Christoph Hochhauslerren Bis ans ende der nacht filmean egindako lanagatik —«garbi esanda: burua lehertu digu», azaldu du Stewartek—; gidoirik onenarena, Angela Schaneleci, Music filmagatik; eta ekarpen artistiko bikainarena, Helene Louvart argazki zuzendariari, Giacomo Abbruzzeseren Disco Boy-n egindako lanagatik.

Encounters sailean, Bas Devosen Here-k lortu du filmik onenaren saria, eta epaimahaiaren sari berezia Paul B. Preciado filosofo eta idazle espainiarraren Orlando, ma biographie politique-k eta Lois Patiño galiziarraren Samsara-k, ex aequo. Xabier Erkiziak egin du soinu diseinua Samsara-n; «filmak entzuteko ere badirelako», ospatu du sarean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.