Soberakinik gabe, muinera

Eraso taldeak bere zazpigarren diskoa kaleratu du, 'Inoren lurretan', sei kantuz osatutakoa

Eraso taldeko kideak, aurreko astean, Donostian egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Musika entzuteko moduek azkeneko urteetan izan duten aldaketei erantzuten ahalegindu da Eraso taldea Inoren lurretan bere disko berrian. LP baten neurriei muzin eginez, sei kantu besterik ez dituzte bildu diskoan. «Aurreko lanarekin [Kaiolatik ihes, 2016] egiteko asmoa genuen, baina azkenean ohiko disko bat izan zen. Oraingoan, ordea, bai. Kontsumoa aldatu egin da, disko osoak entzutea gero eta zailagoa da, eta, gainera, guretzat ere lan gutxiago da». Sergio Ruiz Gonzalez Txabarri kantari eta gitarristak uste du, gainera, disko labur bat egiteak freskotasuna ematen diola emaitzari. «Erakusten duzu bizkarrezurra; ez sobera dagoena. Interesgarria da hori».

Talde beteranoa da Eraso, eta bi hamarkada egin behar da atzera taldearen lehen lanak denboran kokatzeko. 1996an atera zuten lehen demoa (Guztiaren arabera), eta jarraian iritsi ziren Gaua maketa (1997), Erantzunik gabe (Mil a Gritos, 1999), Oraina eta geroa (Mil a Gritos, 2001), Grisez bustitako egunak (Metak, 2003) eta Kontra (Metak, 2005). Gero, eten baten ondoren, 2012an itzuli eta beste hiru lan argitaratu dituzte: Ez gara inoiz hilko (Bonberenea Ekintzak, 2012), Kaiolatik ihes (Bonberenea Ekintzak, 2016) eta Inoren lurretan berria.

Metalaren eremutik datozen arren, etiketa txiki gelditzen zaie, eta azkeneko diskoa bera ere, kolore ugariz jantzia dagoela diote. «Errusiar mendi baten antzekoa da». Irudi horrek adierazten ditu diskoaren erritmo aldaketak. «Ziur aski, inoiz egin dugun kanturik gogorrena dago hemen, eta baita lasaiena ere. Hemen parada dago denerako. Hortik dator izenburua bera ere: Inoren lurretan». Izan ere, «80ko hamarkadako semeak» dira, eta hori nabaritu egiten da musikan ere. «Leku askotatik edaten dugu. Azken batean, hori dena gara».

Ekoizpenaren pisua

Diskoa ekainean eta uztailean grabatu zuten Zestoako (Gipuzkoa) Gaztain estudioan, Eñaut Gaztañagarekin. Hain zuzen ere, Gaztañaga teknikari hutsa baino gehiago, ekoizlea izan dela adierazi dute taldekideek. «Kantuak landuak genituen, baina soinua aldatu nahi genuen, rockeroago bilakatu. Argi genuen zer egin nahi genuen, eta horretara hurbildu gara pentsatu baino gehiago».

Aurreko lanak baino gehiago landu dute Inoren lurretan, eta ñabardurak zaintzeko aukera ere izan dute, «produkzio landuagoa» egiteko bidean. «Gordina da diskoa, baina detaileak ere oso inportanteak dira. Eñautekin aukera izan dugu hori guztia gehiago zaintzeko». Horrek eramaten du taldea mutur batetik bestera, iluntasunetik argitasunera oso denbora laburrean. «Gainera, laburra da diskoa, eta erritmoa jartzen dizu bihotzean. Berriro entzuteko gogoa ematen dizu».

2012an bere bigarren garaiari heldu zion Erasok, eta azkeneko bi lanetan taldea sendotu egin dela uste dute kideek. «Oso animatuta eta indarberrituta gaude. Gauzak martxan jarri eta konturatzeko, taldea bera sartu da martxa horretan. Gogotsu eta prest gaude».

Mil a Gritos eta Metak diskoetxeek kaleratu zituzten taldearen lehenengo diskoak, eta Bonberenea Ekintzak-en zigilupean atera ziren azken-aurreko biak. Oraingoan, berriz, taldeak berak kaleratu du diskoa. «Dena dela, azkeneko lanak ere guk geuk egin genituen. Azkenean, Bonberenea plataforma bat da, eta asko ikasi genuen haiekin, baina praktikan oso antzekoa izan da guk geuk kaleratzea diskoa. Ez diogu garrantzi handirik ematen horri»

Zuzenekoak, prest

Orain dela aste pare bat Bilbon aurkeztu zuten diskoa, baina hemendik aurrera ere kontzertu ugari izango dituzte. Hala, bihar bertan Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean bertan izango dira Niketz taldearekin, eta, gero, azaroan, beste hiru kontzertu dituzte lotuta: 10ean Ataunen (Gipuzkoa), 17an Barakaldon (Bizkaia), eta 23an Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.