Idazlea eta ilustratzailea: Mikel Valverde.
Itzulpena: Julen Gabiria.
Argitaletxea: Giltza.
Skaterrak deitzen den trilogiaren lehen alea da Ertzean eleberria. Skatelarien eta paisaia urbanoaren ilustrazioek girotuta, nerabeez hitz egiten zaigu eta, aldi berean, misteriozko ikerketak argitzen dira.
Kontaketa hiru ardatzetan mugitzen da, dena lotzen duten hari gisara Adrian protagonista eta Imanol anaia (antagonista?) dabiltzalarik.
Hiru ardatzetan agertzen lehena etxea da, Eva amak ordezkatzen duen babesleku eta konflikto sorleku oinarrizkoena. Etxeko gertakariek nerabeek bizi duten komunikazio-ezintasuna agerian jartzen dute eta kontaketari abiapuntu psikologikoa ematen diote. Konfliktoen sortzaile Imanol da, ama dinamizatzaile malabarista eta Adrian iheska, bere burua babesten.
Bigarren ardatza skate-mundua da, Imanolen ingurune naturala. Adrianentzat eremu deseroso bezain erakargarria da, giza harremanetarako abila izan ez eta bertakoek abegiz hartzen duten unetik. Eleberriko beste bi ardatzen arteko abaro-leku gisara funtzionatzen du. Haren inguruan elkartzen dira ikertzaile taldea osatzen duten pertsonaia nagusiak.
Hirugarren ardatza eleberriko misterioa da. Zoriak argitu beharreko baten aurrean jartzen du lagun taldea eta —hau bai ezustea— Adrian lotsatia izango da bertako liderra.
Konflikto psikologikoetatik abiatu eta misteriozkora lerrokatze horrek hankamotz uzten ditu pertsonaien garapen eta gatazkak, baina uler liteke hurrengo aleetan berreskuratu egingo direla. •
Literatura. 'ERTZEAN'
Skaterrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu