Musika

Skakeitanek agur esango du, hamalau urteko ibilbidearen ostean

Talde donostiarrak iragarri du ibilbidea amaituko duela, eta azken kantu bat argitaratu du. Agur esateko bira bat egingo dute, eta «laster» iragarriko dituzte datak.

Skakeitaneko kide batzuk, 2016. urtean. 'Galera' diskoaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 26a
12:15
Entzun

«Bai, agur esatera gatoz». Skakeitan musika taldeko kideek hala idatzi dute gaur euren sare sozialetan. Hamalau urteko ibilbideari amaiera ematea erabaki dute donostiarrek, eta agur esateko bira baten bidez egingo dute hori. Esan dutenez, «laster» iragarriko dituzte bira horretako kontzertuak, eta, bitartean, oharrarekin batera, euren azken abestia argitaratu dute: 112.

«Hamalau urte joan dira jada. Iaz elkartu ginen ordura arte bizitakoaz hitz egiteko, gure barruan generaman horri argazki bat ateratzeko. Maitasun istorio bat izan dela argi dago, gure bizitzetan aztarna berezia utziko duena. Izan ere, ilusioa eta laguntasuna izan dira, musikarekiko loturarekin batera, proiektu honen ardatz nagusiak. Eta hala moldatu gara, denboraren hariak bera ulertzeko eman digun mapan marrazki bat eginez, gure marrazkia», azaldu dute taldekideek.

Agur esan du taldeak, bai, «baina baikor eta irribarretsu», euren hitzetan: «Jada adostu genuen zer idatzi gure epilogoan, oraindik erraietatik ateratzen zaiguna eta bide honi amaiera emateko era onena: asko maite gera». Horregatik, azken biran «dena emateko» eskatu diete euren jarraitzaileei.

Ibilbide oparoa

Skakeitan zortzikotea 2008. urtean sortu zuten. Taldearen hastapenean ska doinu dantzagarriak ziren nagusi, eta horren adibide da euren estudioko lehen diskoa: Ahots gabekoen ahotsa (2012). Ez zen urte hartan argitaratu zuten lan bakarra izan, eurena izan baitzen Donostiako Piratak mugimenduak plazaratu zuen Mundu berri baten mapa abestia. Lan horiei esker dozenaka kontzertu jo zituen taldeak ondorengo urteetan, besteak beste, Manu Chaorekin, Donostian. Japonian ere egin zuten bira bat.

Irudiaren deskribapenaPello Armendariz, 2014. urtean Manu Chaorekin jo zuten kontzertuan.Gorka Rubio / Foku

Estudioko bigarren lana 2014. urtean argitaratu zuten, Orekariak, crowdfounding bati esker. Ordurako nabarmena zen taldearen eboluzioa, eta bestelako doinu batzuekin esperimentatzen ere hasi ziren. 2016. urtean argitaratu zuten Galera diskoa, eta 2017an Galera Beats nahasketen diskoa. Nola galdu denbora heldu zen 2019an. Disko harekin, azkenik, atzean utzi zituzten ska doinuak, eta taldearen azken kantuetako joera zehaztu zuten. Gitarra, baxua eta bateria oinarri hartuta, doinu elektronikoak ere baliatu dituzte. Disko horrek urteko diskorik onenaren saria jaso zuen 2020ko Gaztea sarietan.

Azken argitalpen luzea Eman ez genuen kontzertua (2021) zuzeneko diskoa izan da; beste abesti batzuk single gisa argitaratu dituzte.

Hamalau urteko ibilbidean, hainbat izan dira Skakeitanen abestiren batean parte hartu duten artistak: Manu Chao, Pello Reparaz, Juantxo Arakama, El Tio Calambres, Hodei Beitia, Tremenda Jauria, Sua, XSakara, Aspencat, Fermin Muguruza, Itaca Band... eta hauek dira taldea osatzen duten musikariak: Pello Armendariz, Olatz Salvador, Julen Idigoras, Borja Anton, Asier Iriondo, Aitor Valcarlos, Gorka Valcarlos eta Ander Zabala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.