1984ko ekainaren 20an plazaratu zuen Kortatu taldeak bere lehen maketa. Sei abesti ziren, garaiko joerari jarraikiz, aparteko baliabiderik gabe eta modu amateur batean grabatutako kasete batean bilduak: Hay algo aquí que va mal, El último ska de Manolo Rastaman, Mierda de ciudad, Sospechosos, Jimmy Jazz eta Nicaragua Sandinista. Kasik erdiak, taldekideen gustuko abestien bertsioak eta egokitzapenak.
Fermin Muguruzak (ahots nagusia, gitarra), Iñigo Muguruzak (ahotsa, baxua) eta Javier Armendariz Treku-k —Mattin Sorzabalbereri erreleboa hartuta— osatu zuten Kortatu taldea. Elkartu zirenean ez zuten, beharbada, jakintza berezirik, ezta aparteko baliabiderik ere horretarako, baina kontuan hartzeko moduko zedarri bat ipini zuten Euskal Herriko musikan eta ordura arteko underground mugimenduan.
Garaiko testuingurua kontuan hartzekoa da: Irunen (Gipuzkoa) plazaratutako maketa batek hilabeteak eman zitzakeen Lekeitiora (Bizkaia) —adibide bat jartzearren— edo Gasteizera iristen. Besteak beste, taldeak berak hartu behar izaten zuelako gehienetan prozesu osoaren ardura: grabaziotik hasi, banaketatik jarrai eta sustapenerainoko tartean legokeen guztia. Zerorrek egizu punk leloak bazeramatzan urte batzuk indarrean. Hain zuzen, lokaletan grabatutako maketen eta fanzineen garaia zen, baita irrati libre eta programa alternatiboena ere, eta uztarketa horrek komunikazio sistema eta sare sozial garrantzitsua osatu zuten, zenbait diskoteka, gaztetxe eta lokal okupaturekin batera.
Eferbeszentzia handiko urteak ziren, eta horrek gazte tribuak eta gazte tribuei loturiko musika moldeak sorrarazi zituen. Musika molde bakoitza identitatearekin lotu zuten askok, eta beste askok, garrasi egiteko ez ezik, egoera iraultzeko eta matxinatzeko tresnatzat ere hartu zuten.
Yurre Ugarte idazleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1965) oso gogoan du Kortaturen lehen maketa hura estreinakoz entzun zuenekoa. Gregorio Galvezek Herri Irratian egiten zuen programan izan zen; zehazki, saioaren amaiera aldera, Destruye fanzinearen egileak —Javi Sayes, Javi Destruye— Azken Furgoia izenburupean osatzen zituen minutuetan. Ugartek garai hartako punk gordinenera eta hardcorera zituen ohituta belarriak, besteak beste, underground giroan molde haiek zirelako nagusi, baina, gainera, Tortura Sistematika, Autodefensa eta BAP taldeek osatzen zutelako bere lagunarte hurbila. Kortatuk hainbat aldetatik harritu zuen Ugarte: «Irrati kaseteko irratian, eta latorri hots horrekin, bertako talde bati ska erritmoak entzutea sekulakoa izan zen».
Baita neskak ere
Kortaturen estreinako kontzertuak ere ez ditu erraz ahaztekoak Ugartek, ez Errenterian (Gipuzkoa) emandako lehena, ez eta handik gutxira Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) eskainitakoa ere. Hura bereziki du gogoan: «1985eko urtarrilean izan zen, eskola okupatu batean. Hotz ikaragarria zegoen, eta kontzertuan, lau katu besterik ez ginen, baina berehala berotu ginen, dantzan, ska erritmoei esker». Akorduan du kontzertura bildutako ikus-entzule apurrak eta musikariak zein bozgorailuak eta gainerako tresnak plano berean zirela. Alegia, oholtzarik ere ez zegoela, eta gogotik egin zutela denek dantza.
Kontuan hartzeko datua bada hori, emakumezko baten ahotik adituta bereziki: «Lagunen hardcore kontzertuetara gustura joaten ginen, baina ez ginen pogoetan sartzen. Aldiz, Kortaturen musikarekin kristo guztia jartzen zen dantzan, eta neskak ere hortxe sartzen ginen, ez baitzegoen halako arriskurik. Aldaketa handia ekarri zuten».
Irungo taldearen ekarpenaz mintzatzeko gakoetako bat, hain zuzen, ska erritmoa dela uste du Ugartek: «Dantzarekin batera, niretzat, poza eta alaitasuna ekarri zuten». Hain zuzen, Kortaturen lehen maketako abestietako batek, El ultimo ska-k, badu esplizituki horren aldarririk: Qué bien me lo estoy pasando bailando este ska (zeinen ongi ari naizen pasatzen ska hau dantzatzen). «Eta halaxe zen, desfase eta kaos garai hartan, oso ondo pasatzen hasi ginen».
Dibertitzeko premia nabarmena zen inondik ere, garai hartako gazteen egoera hobekien erretratatu zuen esaldia kontuan hartuz gero. Mucha policia, poca diversion (polizia erruz, dibertsiorik gutxi), zioen lelo horrek, Eskorbuto taldeak sortua 1983an, hain zuzen, Espainiako barne ministro Jose Barrionuevok Zona Especial Norte edo ZEN plana ezarri zuen urtean. Hego Euskal Herriko matxinada geldiarazteko helburuz diseinatutako neurri sortak, besteak beste, susmagarri bihurtu zuen gazte oro. Plan horri berari zuzenduta, Sospechosos abestia sortu zuen Kortatuk.
Dibertitzeko erritmoa ez ezik, umorea ere bazuen Irungo taldeak. Ugarte: «Mierda de ciudad beharbada barregarri samarra edo sinplea gerta liteke gaur egun, baina identifikatuta sentitzen ginen! Oso zuzenak ziren, umoretsuak eta, gainera, dantzagarriak».
Koktel horrek, hain zuzen, berehalako hauspoa eman zion Kortatu taldeari. Hasi orduko, belaunaldi baten isla eta mugimendu baten ikur bihurtu ziren.