Sistemaren autopsia

Markeliñek 'Makinista' antzezlana estreinatuko du bihar, «duintasunari eginiko irainaren begiratu historiko bat»Aurrerabidearen alderdi positibistari kritika latza egingo dio, ironia eta umorea erabiliz

Markeliñe konpainiak Zornotza aretoan estreinatuko du, bihar, Makinista antzezlana. LUIS ANTONIO BARAJAS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Badoaz pertsonak, gizarteak eta herriak aurrera. Badoaz elkarrekin eta elkarren aurka historia osatzen, emeki baina bizi. Badoaz, eta ez dute trena gelditzerik. Zein da makinista, ordea? Zeinek gidatu du mundua gaurdaino eta muturreraino? Zein interespean? Erantzunak bainoago, galderak plazaratuko ditu Markeliñe konpainiak Zornotza aretoan (Bizkaia) bihar estreinatuko duen lanean, Makinista-n. Alabaina, Jon Kepa Zumalde zuzendariak ohartarazi du «mezu zuzen eta argia» emango dutela, «garaiak hala eskatzen duelako». «Sistemari autopsia alegorikoa» egingo dio Makinista-k, «porrot kolektiboaren zergatiak agerian uzteko». «Gauzak argi esango ditugu, itzulinguruka ibili gabe», abisu eman du Zumaldek.

Orain dela urte bi aurkeztutako Anomalia magnetikoa kale antzerkiko obra moldatu dute horretarako. Eta lan horretan azaltzen zituzten gakoetan sakondu dute Makinista-n.

Testurik ia ez zuen lehen lan horrek; aktoreen gorputz espresioa eta soinu, irudi eta piroteknia efektuak baliatuz ondutako obra zen, batik bat. Ordea, lan berrian elkarrizketa eta bakarrizketa biziak txertatu dituzte, eta horrek aktoreen lana «zaildu» egin duela adierazi du Zumaldek. «Aipatzekoa da egiten duten lana, fisikoki esfortzu handia eskatzen duen obra bat delako. Gorputzaren mugimenduak garrantzi handia du. Horrek arnasa ondo hartzea eragozten du, eta arnasa ondo hartzea beharrezkoa da, ondo hitz egiteko eta ahoskatzeko».

Alderdi bi horiek uztartzea samurra ez izanagatik, testua sartzea «ezinbestekoa» zen Anomalia magnetikoa-tik Makinista-ra pauso bat emango bazuten. Izan ere, «duintasunari egindako irainaren azalpen historikoa» da antzezlana. «Gizakian jarri dugu arreta, gizakiak historian modu kolektiboan zer-nolako erlazioak sortu dituen aztertzeko». Tximinotik hasita, burbuila espekulatzaileraino. «Bilakaera fisikoaren ondoren, bidegurutze erabakigarri batera iritsi zen gizakia: Lurra da nire jabea edo ni naiz Lurraren jabea?».

Konferentzia antzeztu bat

Zumalderen iritziz, kolektibotasunaren barneko erlazio horiek sarritan tenkatu dira elkarbizitzaren oinarrizko arauei eta oro har pertsonen duintasunari eraso egin zaienean. Hala bada, historiaren une horiei erreparatuko diete. Konferentzia antzeztu bat planteatuko dute horretarako.

Zuzendariak kontatu duenez, «hizlari batek begiratu historiko bat emango du, gizakiaren sorreratik hasita. Indarraren ondorioz hartzen ziren erabakiak. Gizarteak aurrera egin ahala, izan dira aldaketak, baina biolentziak agindu du beti, erabili dituen moduak sibilinoagoak izan badira ere. Ondorengo aroek bestelako kontzeptuak ekarri zituzten: erlijioa, ekonomia eta politika».

Esparru horietan, kolektibitateari eraso egin dioten jokabideak berehala ernatu zirela azaldu du Zumaldek. Munduaren luze-zabalean pasatu dela uste du. «Historiari erreparatuz gero, ikus dezakegu oso leku desberdinetan errepikatu direla tankera horretako jokabideak. Esaterako, Ameriketan inka eta maiekin gertaturiko sarraskiak Europan eta Txinan gertatu dira beste zibilizazio batzuekin. Indarra historikoki erabili da boterea lortzeko», gogoeta egin du.

Hari horretatik tiraka, Frantziako Iraultza eta klase borrokari begiratu bat eman ondotik, argi utziko dute Makinista-n egungo krisi ekonomikoa ez dela kasualitatea. «Eta galdetu egingo dugu ez bakarrik noiz aterako garen hemendik, baizik eta nola».

Kritika zorrotza egingo dute, ironia, umorea eta metaforak baliaturik. «Berez, ez dugu ezer berririk esango. Sistemari eta garapenaren alderdi positibistari egiten zaion autopsia gisa planteatuko dugu obra». Markeliñeko aktoreek goitik behera irekiko dute beren barrua, inguratzen dituen sentsazio «ustel» horren zergatia zein den argitzen saiatzeko. «Bisturia sartu, eta anotazio nekrosikoari emango diogu hasiera».

Kalean ikus-entzuleekin izaten den gertutasuna bestelako bideetatik lortzen ahaleginduko dira antzokian. Eszenografia soila izango dute. Ate bi paratuko dituzte oholtzan, «amaren barrualdea izango balira bezala». Ate bi horietatik sortuko dira mundura aktoreak. Haiekin taularatuko dituzten objektuekin eratu eta moldatuko dute eszenografia. Objektu batetik sortuko dira beste batzuk. «Joko bisualak egingo ditugu, eta hutsik dagoen agertokia hornituz joango dira aktoreak».

Zornotzan estreinatu ondotik, Donostiako DFerian aurkeztuko duteMakinista, martxoan.

'MAKINISTA'

Konpainia: Markeliñe.

Estreinaldia: Zornotza aretoan, bihar, 21:00etan.

Zuzendariak: Jon Kepa Zumalde, Paco Trujillo eta Marijo de la Hoz.

Aktoreak: Sandra Fernandez Agirre, Itziar Fragua, Jon Koldo Vazquez eta Fernando Barado.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.