Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiko sariak banatu dituzte iluntzean. Libanoko errealitateak izan dira protagonista aurtengo sarituen artean: Sirens dokumentalak eskuratu du sari nagusia, eta Warsha gailendu da film laburren artean. Antolatzaileek emakumeen presentzia azpimarratu dute: bederatzi sarietatik seitan emakumezkoak izan dira garaile.
Slave to Sirens metal taldearen bizitzari eta musikari buruzko dokumentala da Sirens. Rita Baghdadi da zuzendaria, eta, epaimahaiaren ustez, lanak ederki islatzen du Libanoko iraultzaren testuingurua: «Panorama konplexua kontatzen du, non gatazka politiko, sozial eta kulturala gorputzaren praktikekin lotzen den, aldaketa eragile gisa, gorputza desio, sormen, erresistentzia eta eraldaketa sozialerako leku gisa eratuz: erregimena erori ostean sortu diren disidentzien ispilu». Era berean, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Juliaca Carik zuzendutako Uyra, a retomada de floresta lanari, «ikuspegi dekolonialetik filmatzen duen testuinguruarekiko kosmobisio iragazkorra erakusteagatik». FIK eta KRAK sailetan, berriz, Julia Muraten Regra 34 eta Theo Montoyaren Anhell69 filmak nagusitu dira, hurrenez hurren.
Film laburren artean, Dania Bdeirren Warsha izan da lan gailena: ikusleen eta epaimahaiaren sariak irabazi ditu. «Aurrez aurre dauden bi munduren gainean eraikita dago: mundu zapaltzaile eta ilun batetik, bere barne askatasuna bizitzera igaroko da protagonista, zailtasunez eta arriskuz beteriko bide baten ondoren», argudiatu dute.
Gazte epaimahaiak, berriz, Isa Luengo eta Sofia Esteve Santojaren Perpetua felicidad film laburra saritu du, «islatzen duen istorioagatik eta naturaltasunagatik». Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak, berriz, Tunde Skovranen Who I Am Not film luzea saritu du. «Oraindik oso ikusezina den sexu arteko disidentziaren bi bide eskaintzen ditu. Pertsona intersexualen bizitzak zeharkatzen dituzten egiturazko indarkeriak erakusteaz gain, loturak eta laguntza eta zaintza sareak ere erakusten ditu filmak», adierazi dutenez.
Eman dituzte sari gehiago ere. Besteak beste, Casa Susanna lanak eskuratu du Lesbianismoaren eta Generoaren saria; Armairutik plazara proiektuak lortu du ZG/PRO WIP saria; Sol Mirandak jaso du Protagonistaren Interpretaziorik Onenaren saria; eta Alejandro Goicek, berriz, taldeko aktorerik onenarena.
Gaur amaitu da Zinegoak jaialdiaren 20. aldia, baina uztailaren 5era arte aukera egongo da Sail Ofizialeko filmetako batzuk Filmin plataforman ikusteko.