Xabier Zeberio. Musikaria

«Sinpletasuna da zailena, sinple eta eder sortzea»

Elkarrekin hogei urte egin ostean, Alos Quartet taldeko kideak dio «inoizko momenturik ederrenean» daudela. 'Lau' disko berria plazaratu dute; gaur aurkeztuko dute, Getxofolk jaialdian.

IÑIGO ROYO.
itziar ugarte irizar
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
«Indarrez eta ilusioz beteta» daudela dio Xabier Zeberiok, eta antzematen zaio hitz egitean. Lorena Nuñez, Francisco Herrero eta Ivan Carmonarekin batera osatzen du Alos Quartet taldea, eta ospatzeko daude aurten: hogei urte bete dituzte, eta Lau disko berria kaleratzeko baliatu dute urtemuga. Gaur aurkeztuko dute, Getxofolk jaialdian (Bizkaia), eta urte amaierarako hiru emanaldi berezi iragarri dituzte: Gasteizen, Donostian eta Tolosan (Gipuzkoa) izango dira, urteotako bidelagunak ondoan hartuta.

Hitz gutxitan esaterik balego, nolako hogei urte izan dira?

Kasualitatez bete ditugu. Kasualitatez diot, kasualitatez sortu zelako taldea: Niko Etxartek elkartu gintuen lehen aldiz, Zuberoako bere estudioan, eta gutxira deitu zigun Dulce Pontes abeslariak. Urte batzuk ibili ginen berarekin; kontsolidatu zen laukotea, gero lehen diskoa, eta handik aurrerabi bide paralelotan jarraitu izan dugu: jende askorekin lanean eta, aldi berean, gure musika propioa lantzen. Diskoa grabatu aurretik egin dugun azken lan berezia Silvio Rodriguezekin grabatu dugun kantu bat izan da, Juan Carlos Cambasen proiektu batean.

Taldekideen artean egon da joan-etorririk, baina formazioa hasieratik mantendu da: biolin bi, txeloa eta biola.

Bai, bai. Laukote klasikoa oinarria da, baina askotan jendeak musika klasiko, serio eta aspergarriarekin lotzen du, eta gurea kontrakoa da. Laukotea tresna bat da gure proposamen partikularrerako, rock talde batentzat gitarra, baxua eta bateria diren bezala.

Eta tresna horrek eman dezakeen jokoa agorrezina zaizue?

Bai. Beti esaten dugu korrontearen kontra doan talde bat dela gurea. Hasieratik pentsatu dugu gure proiektua luzaroko proiektu bat dela, ez uneko moda edo arrakasta baten inguruan sortu dena. Poliki eta mimo handiz egin izan dugu dena, bai kolaborazioak eta bai gure konposizioak. Presarik gabe. Eta, bat-batekotasunak inporta duen gizarte honetan, ohartu gara jendeak eskertzen duela proposamen lasaiago bat.

Horri zor zaio sendotasuna.

Hori da. Luzera begira askoz sendoagoak dira. Hogei urteren ondoren, inoizko momenturik ederrenean gaudela sentitzen dugu, inoiz baino oparoago eta jarraitzaile gehiagorekin. Polita da hogei urteak horrela ospatzea.

Taldekideek musikaren ikuspegi zabal bat konpartitzen duzuela diozue. Horrek ezaugarritzen duela Alos Quarteten musika.

Bai, eta beharrezkoa da. Beti galdetzen digute zer musika mota egiten dugun, eta agian hori da gure puntuetako bat: inoiz ez dugu mugatzen gure estiloa. Uste dut Alos Quartetek lortu duela, urteen eta proiektuen poderioz, zerbait berezia soinuan. Gure kantu bat entzun eta jarraitzaileak esatea: «Hau Alos Quartet da». Formakuntza klasikoa dugu, kontserbatorioetatik gatoz, baina guztiak gabiltza beste hamaika estilotan; ni neu hogei urte egon naiz Oskorrin. Leku astotatik edaten dugu: herri musikatik, popetik, jazzetik... Hortik edan ondoren sortzen dugu, baina gure musika zaila da apal jakin batean sailkatzeko; aldeko bizi dugu hori.

Azken diskoa 2015ean kaleratu zenuten, Garden. Haren segidatzat aurkeztu duzue berria: Lau.

Garden mugarri bat izan zen, sekulako bultzada. Topatu genuen benetako bide bat, eta hortik jarraitu dugu, estetikoki, konposizio aldetik... Baina beste bide batzuetan ere sartu gara. Kolaborazio asko izan dugu diskoan. Adibidez, Aitor Etxebarria arduratu da hainbat kanturen soinu diseinua egiteaz; musika elektronikotik dator, eta esparru edo atmosfera berri bat ireki du gure musikan. Hor lan ildo berri bat ere ireki dugu. Hor dago Izarorena ere.

Pop musikaren eremura hurbildu zarete hor, 'Uretan' kantuan.

Bai. Ez da erraza norberarena kanpoko musikarekin naturalki uztartzea: Izaro pop kantari bat da, baina gure diskoan Alos Quarteten sonoritatean sartu da, eta ez da txaplata bat. Horregatik, lanketa oso luzea izan da. Hiru urteko konposizioa, moldaketa, preprodukzioa... Inurrien modura egindako lan bat izan da.

Kolaborazioena gertukoak batzeko modu bat ere bada?

Guztiz. Denak dira lagunak: Enrike Solinis gitarran, Pablo Martin Caminero kontrabaxu jotzaile handia, Iñigo Egia perkusioan, Ivan Alzate baxuan, Oreka TX... Bidea elkarrekin egin dugun artistak. Zortedun sentitzen gara.

Bi bertsioak aparte —Oi, Pello Pello eta Ikusten duzu goizean kantuen moldaketak—, zuk idatzi dituzu gainontzeko hamalau kantuak. Nola bizi duzu sormenaren alde hori?

Inspirazioa gainbaloratuta dago. Ni goizero jaikitzen naiz, eta hemen esertzen naiz lanean. Badira egunak hiru nota elkarrekin ez direnak ateratzen, eta biharamunean, bat-batean, melodia oso polit bat irteten da. Lan luze bat da. Batzuetan oso aberasgarria, besteetan gogorra; baina gustukoa beti. Konposizioan azken urteetan buru-belarri sartu naiz, eta asko gozatzen dut, jotzen bezainbeste.

Kantu batzuk hunkitzera doaz; besteak alaitasun hutsa dira.

Gure izateko modua ere bada. Atera dugun Eguzkilore singlea alaia eta energiaz betea da, eta beste batzuk atmosferikoagoak, introspektiboagoak dira. Bizitza bera bezala. Garrantzi handia ematen diogu isiltasunari eta sinpletasunari. Hori da zailena: sinple eta eder sortzea.

Harkaitz Canok idatzi du saloia eta herriko plaza, «palazzoaren ateko alde biak», aintzat hartzea duzuela bertute.

Herriko plaza saloietatik urrunegi egon da askotan, musika uste baino gertuago egon arren, eta gu hori puskatzen saiatzen gara. Azkenean, bi musika mota daude: mugitzen zaituena, eta ez zaituena. Hortik aurrera, ez dago besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.