Bigarrenez jaso du haur eta gazte literaturako Euskadi saria Leire Bilbaok (Ondarroa, Bizkaia, 1978). 2006an kaleratu zuen bere lehen poesia bilduma, eta, besteak beste, bost poema liburu eta haur eta gazte literaturako hogeitik gora lan kaleratu ditu geroztik.
Zein soinu banda du sari honek? Zein onomatopeia?
Topa! Maite Mutuberriarekin.
Bigarrenez jaso duzu saria. Lehenengoan Maite izan zenuen lagun liburuan, eta orain ere bai.
Poz bikoitza daukat, bera izan baitut bidelagun eta konplize orain arte. Nik buruan ideia badut, baina nik ez dakit ilustratzen. Arriskatu eta gauza berriak egiteko prest egotea gauza handia da niretzat, zeren niri okurritu egiten zaizkit, baina gero paperean jarri behar dira.
Zein zailtasun izan zenituen sortzerakoan?
Liburua hamar kapitulutan egituratuta dago. Oso pentsatua dagoen liburua da; oso ideia sinplea dirudi, eta sinple emanda dagoela. Baina askotan hori da zailena: gaia edo ideia topatzea, eta hori ahalik eta errazen ematea.
Kaligramen generoa berritzen duen lana dela azpimarratu du epaimahaiak. Nola hartu dituzu hitzok?
Literatura jolasa da niretzat; eguneroko errutinatik ateratzen gaituen zerbait izan behar du. Poemek gauzen esentziara jotzen dute orduan, eta nik hori nahi nuen: gauzen esentziara, objektuen musikara, zaratara, hotsetara jotzea, betiere horiekin jolastu eta nire burua aproban jartzeko, zerbait diferentea egiteko.
Leire Bilbao. Idazlea
«Sinplea dirudi, baina oso ondo pentsatuta dagoen liburua da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu