Zinema estreinaldiak

Sinfonia baten azken notak

Emmanuel Courcol zinemagile frantsesaren hirugarren film luzea da 'En fanfare': bi anaiaren arteko harremana da istorioaren ardatza; bereiz hazi zituzten arren, musikak batuko ditu.

Emmanuel Courcol zinemagilearen 'En fanfare' filma.
Emmanuel Courcol zinemagilearen 'En fanfare' filma.
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko martxoaren 26a
04:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Thibaut areto batean dago. Podium txiki batera igo, eta orkestra sinfonikoa zuzentzen ari da. Emozioz mugitzen ditu besoak, aurrean dituen musikariak gidatuz, eta, aldi berean, goxo heltzen dio batutari, hura apurtzeko beldurra izango balu bezala. Entsegu batean daude, baina Thibauten indarrak erakusten du kontzertu asko gidatu dituela. Beso mugimendu bizi horietako batean, zorabiatu eta lurrera eroriko da gizona. 

Thibaut gaixo dago, leuzemia du, eta hezur muinaren transplantea behar du. Aukerarik onena haren arreba da, baina, bateragarriak ote diren jakiteko azterketak egitean, ohartuko dira ez direla anai-arreba biologikoak. Thibauten harrigarri, jakingo du adoptatua dela, eta, ezusteko hori gutxi balitz bezala, esango diote ezagutzen ez duen anaia biologiko bat duela. 

Orkestra zuzendaria anaiaren bila joango da Frantzia iparraldeko herri txiki batera, Parisko erosotasuna utzita. Jimmy ezagutuko du han. Jangela batean lan egiten du, buruko saretxo eta guzti, eta amarekin bizi da, afalorduan bizilagunez eta adiskide ugariz betetzen den etxe batean. Badirudi bi anaiek bizitza guztiz ezberdinak dituztela, baina zerbaitek batzen ditu: musikarekiko maitasunak. Thibaut orkestra zuzendaria da, nazioartean ezaguna; Jimmyk, bestalde, entzumen absolutua du, eta tronboia jotzen du herriko bandan. 

En fanfare Emmanuel Courcol zinemagile eta aktore frantsesaren hirugarren film luzea da, eta, Cannesen estreinatu ondoren, Ikusleen Saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Courcolek gidoi baterako egindako kontsulta bat dago istorioaren oinarrian. Hain zuzen, Frantzia iparraldeko Lille eta inguruak bisitatu zituen zinemagileak. Meatzez beteriko eremua da hori, langile klasekoa, eta jendearen harrerak eta goxotasunak harritu egin zuten Courcol. Fanfarre eta folklore tradizio handia ere badute inguru horretan, eta Courcol eta Irene Muscari gidoigilea musika klasikoaren zale amorratuak izanik, bi mundu horiek lantzea erabaki zuten: «elitearen musika» deitu dakiokeen hori, musika klasikoa, eta fanfarrea, hau da, herriaren musika. Horretarako eraiki zuten bi mundu guztiz ezberdinetan haiztako anaien harremana, eta sinfonia baten partitura balitz bezala idatzi zuten gidoia, bere allegro, adagio eta minuet guztiekin. 

Courcolek musikaren bidez elkartzen diren bi munduri buruzko kontakizun bat pantailaratu du En fanfare luzean. Ezusteko handirik ez duen film honek umore puntuak eta une hunkigarriak tartekatzen ditu, eta tartea eman klase ezberdintasunari eta bestelako gaiei. Gaiek eman ditzaketen baliabide zinematografiko errazetan erori gabe, lehen notatik azkeneraino eta publiko zabal batentzat gozagarria izan daitekeen pieza da En fanfare. 

'En fanfare' 

Beste estreinaldi batzuk: 

'La furia' filmeko irudi bat.
'La furia' filmeko irudi bat.

'la furia'

Alex aktore gaztea bortxatu egin dute Urtezahar gaueko festa batean, eta ez daki erasotzailea nor den. Haren anaia Adrianengana jotzean, hark zalantzan jarri eta estu hartuko du. Horrela, Alex anaiarengandik eta ezagutzen duen horretatik urrunduko da, lotsak, nazkak eta erruak gaina hartuta. Adrianek, amorruak jota, bide gero eta ilunago bat hartuko du. Bitartean, Medea pertsonaia mendekuzalea antzeztuko du Alexek; antzerkian aurkituko du bere mina eta haserrea bideratzeko modu bakarra.

 

'un hombre libre' 

Dokumentalak Agustin Gomez Arcos Almeriako idazlearen bizitza jasotzen du. Gomez Arcosek 70eko hamarkadan lortu zuen arrakasta Frantziako literatur eszenan; Espainian, berriz, itzalean zegoen haren izena. Gomez Arcosek frantsesa aukeratu zuen erregimen frankistak garaitutakoen oroimena ez isiltzeko eta bizirik iraunarazteko, eta aitzindari izan zen memoria demokratikoaren, feminismoaren eta genero eta sexu identitatearen alorretan. 

 

'Ghostlight'

Dan eraikuntzako peoia da, eta familiako tragedia batek atsekabetua bizi da. Sharon emaztearengandik eta Daisy alaba talentudun baina arazotsuarengandik urrun, Danek kontsolamendua eta komunitatea aurkituko ditu aktore amateurren konpainia batean. Protagonistak bere emoziorik sakonenei aurre egin beharko die Shakespeareren tragediarik handienari buruzko aurrekontu txikiko antzezpen batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.