Donostiako 61. Zinemaldia. Zinemira. Mireia Gabilondo eta Ainara Gurrutxaga. Zinema zuzendaria eta aktorea

«Sinesgarriagoa egiten dute istorioa aurpegi berriek»

'Amaren eskuak' Karmele Jaioren eleberrian oinarritutako filma aurkeztu dute Mireia Gabilondo zuzendariak eta Ainara Gurrutxaga filmaren protagonistak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Amaren eskuak, Mireia Gabilondoren lan berria, Karmele Jaioren izen bereko eleberrian oinarrituta dago. Nerearen istorioa kontatzen du. Nerea 38 urteko kazetaria da; Lewisekin ezkonduta dago, eta alaba bat dute. Eguneroko bizitzaren zurrunbiloan murgilduta dago, denera iritsi ezinik, eta, bat-batean, ama Luisak alzheimerra duela esaten diote. Nerearen bizitzaren oreka ahula apurtzen du albiste horrek, bainapertsonaiak zailtasunei aurre egiten die, eta amarekiko harremana berreskuratzen du.

Amaren eskuak Zinemira Sailean aurkeztu zuten atzo, euskal zinemagintzari eskainitako egunean. Gaur, Principe aretoan emango dute, 16:00etan, eta bihar, Antiguo Berrin, 19:30ean. Zinemaldiaren ondoren, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zinema aretoetan ikusi ahalko da, baita Madrilen eta Bartzelonan ere, gaztelerazko azpidatziekin.

Mireia Gabilondo (Bergara, 1964), zinemagilea izateaz gain, Ttanttaka Teatroa konpainiaren zuzendaria da. Ainara Gurrutxaga (Errenteria, 1977) Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiako aktorea da.

Zerk piztu zizun Karmele Jaioren eleberrian oinarritutako film bat egiteko gogoa?

MIREIA GABILONDO: Oso ondo adierazten ditu barruko sentimenduak, zer den ama bat galtzea, adibidez. Horrelakoetan konturatzen zara zenbat gauza ez dituzun esan, ez dituzun entzun, eta, egoera horren aurrean, zure bizitzarekin aurrera jarraitu behar duzula. Horrekin batera, polita iruditu zitzaidan azaltzea ama batek zer bizi izan duen zu jaio aurretik, edo zu konturatu gabe. Ama bat, ama izateaz gain, pertsona ere badela, bere amodioak, bere sekretuak eta bere intimitatea dituena. Gainera, eleberrian eta pelikulan, alabak ere antzeko bizipenak izan ditu. Bidaltzen duen mezu positiboa ere gustatu zitzaidan: zailtasunen aurrean, bizitzan aurrera egin behar dela.

Zer ekarpen egin diozu eleberriari?

GABILONDO: Eleberriaren pertsonaien aurpegiak, paisaiak, kokalekuak nire imaginariotik eta sentimenduetatik iragazi, eta, horrekin, pelikularen irudiak sortu ditut.

AINARA GURRUTXAGA: Lantaldeko kide bakoitzak bere ekarpena egiten du, bere ikuspegia islatzen du pelikulan. Argazki zuzendariak, nik, protagonista gisa ere, nire ikuspegia eman dut. Ikuspegi guztion batuketa da emaitza.

Pelikulan ohiko arazoak azaltzen dira; seme-alaben zaintza, gurasoen gaixoaldiak, lana eta familia kontziliatzeko zailtasunak... Edonor identifikatuta sentitzeko modukoa da Nerea protagonistaren istorioa?

GABILONDO: Horixe bera gertatu zitzaidan niri irakurri nuenean. Baina konturatu nintzen ez dela soilik egungo kontua, gure amek ere bizi izan zituztela.

GURRUTXAGA: Nerearen konplexutasuna asko gustatzen zait. Zoritxarrez, ez da hain ohikoa emakumezko pertsonaiak hain konplexuak izatea. Tristura, goxotasuna eta maitasuna erakusten ditu, baina sentimendu eta erreakzio bortitzak ere baditu. Erreala da, eta horrekin oso identifikatuta sentitu naiz.

Zuk, Ainara, zineman lan egiten duzun lehen aldia da. Zelako esperientzia izan da?

GURRUTXAGA: Inpaktu handikoa izan da, profesionalki zein pertsonalki. Eremu erabat ezezaguna zen niretzat, eta hasieran beldur nintzen. Hala ere, neure buruari esan nion: «Horrelako aukera asko ez zaizkit sortuko nire bizitzan. Aurrera». Dena den, erronka handia izan da, niretzat lan egiteko modu berria zelako.

Emakumeen istorioa da Amaren eskuak. Nerea protagonista, ama Luisa, izeko Dolores... Gizonak bigarren lekuan gelditzen al dira?

GABILONDO: Bigarren planoan, bai, baina oso garrantzitsuak dira. Gainera, orokortzea gustatzen ez bazait ere, zaintza, seme-alabena zein gurasoena, oraindik ere emakumeen esparruan dago, nahiz eta gizon askok lan handia egiten duten. Nerearen anaia hor dago, baina zaintzaren pisu gehiena Nereak hartzen du. Hala ere, pertsonaiak defendatzea gustatzen zait, eta anaiak ere ez du gehiago egiten ezin diolako egoerari aurre egin; ez da ez duelako nahi.

Aktore gehienak ez dira oso ezagunak. Arriskutsua al da hori?

GABILONDO: Ainararen izena segituan izan nuen. Bera beldur zen, antzerkigintzatik datorrelako, baina esan nion: «Gure lana interpretatzea da. Alde teknikoa, kamerak, eszenen grabazioa... ikasten da». Loli Astorekaren pertsonaia ere oso garbi neukan. Adineko emakume bat eta euskaraz dakiena ez dago hainbeste aktore. Gainera, Loli komediaren erregistroan ikusi dugu normalean, baina nik banekien oso aktore dramatiko ona dela. Esther Remiro ez da oso ezaguna, baina aktore handia da. Nik nahi nuen aurpegi berriak egotea, sinesgarritasun handiagoa emateko asmoz.

Zinemaldian dagoen euskarazko fikziozko film luze bakarra da.

GABILONDO: Oso albiste txarra da. Ez dago ia ekoizpenik euskaraz; proiektuak finantzatzea gero eta zailagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.