Sinbologia bat sinkronizatzeko

Oihane Enbeitak, Andoni Gartziak eta Eneritz Zeberiok irabazi dute Joseba Jaka sorkuntza beka

Ezker-eskuin, Andoni Gartzia, Oihane Enbeita eta Eneritz Zeberio, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun

Oihane Enbeitak, Andoni Gartziak eta Eneritz Zeberiok irabazi dute aurtengo Joseba Jaka Sorkuntza Beka, antzerki lan bat sortzera zuzendutakoa. Proiektuak Lua Kastore du izena, eta izen bereko protagonistaren barneko bidaia izango du oinarri. Gartzia diseinu grafikoan eta ikus-entzunezkoetan aritzen da, Zeberio dantzaren alorrean, Enbeita eta antzerkitik eta hitzetatik dator. Ma kolektiboa osatu berri dute, eta taldearen aurreneko urratsetan jaso dute orain Elkar Fundazioak banatzen duen beka. «Lehen gogotsu baginen, orain are gogotsuago, aurrera egiteko», adierazi dute. Urtebete dute proiektua garatzeko, eta, oraindik hastapenetan egonik ere, zertzelada nagusiak aurkeztu dituzte. «Diziplina anitzeko proiektua da; geruza sinbolikoak dauzka, eta planteamendu poetiko batez adieraziko da», aurreratu du Enbeitak.

Ez da testu batean oinarritutako proiektua, «dramaturgia garaikidean» kokatzen den lan bat baizik, Enbeitaren hitzetan. Hala, bakoitzaren diziplinak taulan zelan «fusionatzen» diren landu nahi dute. Zeberio: «Horretan asmatzea da gure erronka. Badugu pertsonaia zentral bat, abiapuntu bat, baina lengoaia horien uztartzea oraindik entsegu gelan eta edizioan egin behar den gauza bat da. Aipatu dugun poesia geruza horrek fina izatea eskatzen du».

Estreinakoz antzerkiari

Joseba Jaka beka 2016an jarri zen berriz martxan, hamar urteko etenaren ondoren. Bi urtetik behin ematen da, eta 10.000 euroko laguntza banatzen du kultur lan bat osatzeko. Aurreko aldian literatur beka gisa ezagutzen zen, baina bigarren aldi honetan sorkuntza beka izendatu dute. Duela bi urtekoa literaturari eskaini zitzaion —Alaine Agirrek irabazi zuen, Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama nobelarekin—, eta, aurten, estreinakoz zuzendu dute beka antzerki lanen sorkuntzara.

Agurtzane Intxaurragak, Iratxe Retolazak eta Jaime Valverdek osatu dute epaimahaia. Orotara, antzerki lan bat egiteko bederatzi proiektu jaso dituzte. «Bizpahiru egitasmo sendo eta iradokitzaile, berritzaileak gaitegian edo dramaturgian, anbizio handikoak, eta ekarpen estetikoak zein sozialak proposatzen dituztenak», Intxaurragaren hitzetan. Bidenabar, aipatu du bederatziak eszena gainean ikusi nahiko lituzketela.

Halere, epaimahaiak aho batez egin du Lua Kastore proiektuaren alde. Haren izaera «berritzailea» azpimarratu dute, gaitegiarena batetik, baina batez ere dramaturgia proposamenarena, «nortasun handiko atmosfera bat sortzea helburu duena».

Ikuskizunerako propio sortuko dute musika. «Bai eszenografia, bai musika, bai ikus-entzunezkoak; denak hartzen ditugu pertsonaiatzat, edo, behintzat, aktibotzat, agertokian. Ez dira ilustratzeko erabiliko ditugun teknikak», azaldu du Enbeitak. Eta horiek lotzen hastea dute hurrengo urratsa. «Sinkronia lan bat egin nahi dugu geruza horiekin guztiekin; ez dugu testu bat hartu eta horren gainean eraikiko; geruza guztiak batera eraikitzen joango gara, nukleo beraren inguruan». Lua Kastore da nukleo hori, abiapuntu gisa marraztu duten pertsonaia. Enbeitak argitu duenez, Lua-k Hawaiiko arte martzialetan hezurrak haustea helburu daukan diziplinari egiten dio keinu; eta Kastore-k kastore animaliari, «ingurumena moldatzen duena, gizakiak bezala». Enbeita: «Hau esaten dut adierazteko sinbologia bat dagoela landuta, eta sinbologia horren baitan dena zipriztinduta dagoela, baita pertsonen izenak ere, eta proiektua, oro har».

Elkar sariak, ostegunean

Datorren ostegunean, hilaren 19an, Elkar sariak banatuko dira, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean (Gipuzkoa). Bertan jasoko dute Joseba Jaka saria Enbeitak, Gartziak eta Zeberiok .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.