Sinadura bilketa bat Iruña-Veleia auzia argitu dezatela eskatzeko

Iruña-Veleia Argitu plataformak agiri bat aurkeztu du lehen 140 atxikimenduekin. Kultur, gizarte, politika eta unibertsitate arloko ordezkari ezagunak dira sinatzaile gehienak

Agiriaren aurkezpen ekitaldia, atzo, Gasteizen, sinatzaileetako batzuk tartean zirela. Gontzal Mendibilek eta Nekane Juradok irakurri zuten idatzia. J.RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun

Iruña-Veleia Argitu plataformak sinadura bilketa bat abiatuko du datozen egunetan, erakundeei auzia ikertu dezaten eskatzeko. 2005ean eta 2006an aurkitutako «ezohiko ostrakak» faltsutzea egotzita daude Eliseo Gil, Oskar Escribano eta Manuel Cerdan, eta, haien aurkako ahozko epaiketa noiz hasiko zain, bide judiziala alboratu eta bide zientifikoa zabaltzeko eskaria egin dute ostera ere. Izan ere, plataformako kideen iritziz, oraindik ez dago argituta aztarnategian aurkitutako piezak faltsuak direnik. Adituak diren laborategietan aztertu beharko lirateke, haien irudikoz. Hori bera eskatzeko agiri bat kaleratu dute, eta lehen atxikimenduak jaso dituzte dagoeneko. Kultur, gizarte, politika eta unibertsitate arloko 140 ordezkari ezagunen babesa jaso du manifestuak.

Atzo aurkeztu zuten agiria Gasteizen egindako agerraldian. Adierazpena sinatu duten hainbat ordezkariren babesa izan zuten horretarako. Bertan izan ziren, besteak beste: Gontzal Mendibil, Nekane Jurado, Pako Aristi, Maite Aristegi eta Patxi Zabaleta. Orotara, hogei bat laguneko taldea izan zen manifestuaren aurkezpen ekitaldian. Idatziaren aldeko atxikimendua adierazi zuten, halaber, Benito Lertxundik, Garbiñe Biurrunek eta Eduard C. Harris arkeologoak; ez zuten bertaratzerik izan, baina haien eskaeraren eta babesaren berri ematen zuen bideo bana erakutsi zuten agerraldian.

Piezen egiazkotasunean jarri dute arreta beste behin Iruña-Veleia Argitu taldeko ordezkariek. Izan ere, ez dituzte ontzat ematen Arabako Foru Aldundiaren eskariz orain hamar urte egindako azterketak, eta gogorarazi dute badirela kontrakoa dioten txostenak. Auzia argitu ahal izateko berriak egitea ezinbestekoa dela uste dute. Eskari hori bera du oinarri agiriak, hain zuzen: alde batetik, idatziak zera eskatzen du, piezen lagin bat aztertzea arkeometrian adituak diren Europako hiru laborategi ezberdinetan, «kasu berezietako protokolo zorrotzak ezarriz». «Badakigu erraza dela egia aurkitzea gaur egungo arkeologian ohikoak diren datazio teknika modernoak erabiliz», dio adierazpenak. Horrez gain, ostrakak aurkitu zituzten aztarnategiaren inguruetan auzibidearekin zerikusirik ez duten «arkeologo entzutetsuek» indusketa kontrolatuak egitea ere eskatzen diote erakundeei. Auzipetuen defentsak eginak ditu bi eskari horiek epaitegietan aurrez ere, baina ez dituzte aintzat hartu. Adierazpenaren sinatzaileek azpimarratu dutenez, garrantzitsua da piezak egiazkoak diren ala ez argitzea, eta «ez bakarrik euskararen historiarentzat, baita beste ezagutza arlo askorentzat ere».

Edonola ere, «begi bistako arrazoi humanitarioak» ere argudiatu dituzte horretarako. Izan ere, hamar urte beteko dira aurki piezak aurkitu eta faltsutzat jo ondoren, Lurmen enpresaren aurkako auzibidea hasi zutenetik. Bada, idatziaren sinatzaileek iraupen hori salatu dute, eta gogorarazi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zabalik dagoen auzi judizialik «zaharrena» dela. Horiek hala, neurriok presazkotzat jo dituzte: «Ezin da denbora gehiago egon auzia ikertu gabe». Bederatzi urte izan da auzia instrukzio fasean, eta iragan maiatzean eman zituzten argitara auzipetuen aurkako akusazio idatziak. Orotara, bost eta zazpi urte arteko kartzela zigorra eskatzen dute Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Fiskaltzak Eliseo Gil eta Oskar Escribanorentzat, eta bi eta hiru urtekoa Manuel Cerdanentzat. Baita 300.000 euroko isun ekonomikoa ere.

Agiria, kalera

Iruña-Veleia Argituko kideak pozik zeuden manifestuak izan duen erantzun zabalarekin, eta nabarmendu zuten «egun historikoa» izan zela auzia argitzeko bidean. Hala adierazi zuen Juan Martin Elexpuru bozeramaileak: «Ate asko jo ditugu, inoiz baino gehiago. Eta, halakoetan gertatzen den moduan, batzuek ireki dizkigute, eta beste batzuek, ez. Hala ere, mila esker guri entzuteko denbora hartu duten guztiei».

Manifestua kalera aterako dute orain, eta sinadura bilketa abiatuko dute herriz herri eta kalerik kale. Halere, sarean ere izango da sinatzeko aukerarik, change.org webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.