Sinadura bilketa abiatu dute Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuaren kontra

SEO-Birdlifek eta Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak antolatu dute egitasmoa. Nazioartekoa da, eta 1.300.000 sinadura biltzea dute helburu.

Urdaibai, Guggenheim museo bat egin nahi duten lekua. EFE
Guggenheim museoa eraiki asmo duten zona, Urdaibain. EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko uztailaren 15a
13:16
Entzun

Urdaibain (Bizkaia) eraiki asmo duten Guggenheim museoaren kontra direnek beste salaketa bide bati ekin diote: sinadura bilketa bat abiatu dute. Zehazki, SEO-Birdlife erakundeak eta Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak sortu dute ekinbidea. Haren bitartez, Salomon R. Guggenheim fundazioari eskatuko diote bertan behera utz dezala proiektua, eta, hala, «uko egin diezaiola Urdaibaiko biosfera erreserbaren suntsiketari», sustatzaileek zehaztu dutenez.

Azaldu dutenez, sinadura bilketa nazioartekoa da. Euskal Herriko mugez kanpoko sinadurak ere jaso nahi dituzte. Izatez, helburua da 1.300.000 biltzea osotara. Kopurua ez dute ausaz aukeratu, gainera: Bilboko Guggenheim museoak urtero jasotzen duen bisitari kopurua da hori, hain justu ere. Esteka honetan parte har daiteke.

Egitasmoaren berri emateko plazaratutako oharrean, Urdaibaiko Guggenheimen kontrako plataformek tinko kritikatu dute museoaren proiektua, beste behin. Esaterako, prozesuari dagokionez, salatu dute instituzioek ez dietela aditu herritarrei, haien iritziak ez direla aintzat hartu. Bestalde, museoa eraikitzeak Urdaibaiko biosfera erreserbari zer-nolako kaltea eginen liokeen nabarmendu dute, irmo. Are, aldarrikatu dute erreserba «berez» dela museo bat, «dibertsitate biologikoz, kulturaz eta historiaz betea». Hori hala, nabarmendu dute museoa eraikitzeak kalte larri eta itzulezinak eraginen lituzkeela, «turismoak dagoeneko gainezka egin duen eskualde batean».

Salatu dutenez, bai Bizkaiko Foru Aldundiak eta baita Espainiako Gobernuak ere «behin eta berriz» ahaztu dute zona hori babestu behar dela. Horregatik, sinadura bilketa abiatu dutenek instituzio horiei eskatu diete men egiteko Europako araudiari eta «alternatibak bilatzeko», tokiko biztanleei parte hartzeko modua emanez horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.