Literatura

Simone de Beauvoir, nobelagile

Hil honetan 35 urte bete dira Simone de Beauvoir zendu zenetik, eta haren nobela euskaratua, 'Besteen odola', berriki berrargitaratu da Urrezko Bibliotekan. Ez da, ordea, haren narratiba lan bakarra.

Simone de Beauvoir pentsalari eta idazle feminista, artxiboko irudi batean. ANNEMIEK VELDMAN.
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Jakina denez, Simone de Beauvoir filosofo eta idazleak Bigarren sexua saiakera totemikoa du obrarik inportanteena; sekulako arrakasta izan zuen kaleratu eta berehala, eta feminismoaren ikur bilakatu zen. Beauvoir, ordea, idazle oparoa izan zen mugarri horren itzaletik kanpo ere; saiakerak eta memoria lanak ondu zituen, eta narratiban ere urratu zuen bidea, zeinak irakurleen estimazioa eta Goncourt sari bat ekarri baitzizkion, besteak beste. Berebat, hil ondoan gizenduz joan da haren obra argitaratua, Sylvie le Bon de Beauvoirren edizio lana dela medio, eta, 1990eko urteetatik hona, lehendik argitara eman gabeko nobela laburrak eta gutun sortak kaleratu dira.

Simone de Beauvoirren nobelagintzak baditu ezaugarri orokor eta berezko zenbait. Haren narratiba lan guztiz gehienetan beraren garaiko burgesia intelektuala izaten da protagonista; hazi eta hezi zeneko gizarte giroa agertokitzat hartuta, Beauvoirrek bere kezka filosofikoak narratibaren bitartez mamurtu zituen, ideia konplexu eta batzuetan abstraktuak egiantzeko situazioetan haragituz eta jokatuz. Itxura batean eleberri sinpleak dira, formaz konbentzio errealistei jarraitzen zaizkienak jeneralean, aparteko hausturarik gabe, eta prosa lau xamarrean emanak. Soiltasun formal horrek aldamio lana egiten du, Beauvoirren filosofia existentzialistaren gai sakon ugariren euskarri: Bestea subjektu gisa, askatasun indibidualaren eta erantzukizun kolektiboaren arteko talkak eta tentsioak, identitatea eta haren garapena... Horiek guztiak eta gehiago aztertzeko, Beauvoirrek pertsonaia azterketa zorrotzak eta intimoak egiten ditu nobeletan, emakumeenak batik bat, frankotan maitasun harremanak hartuta istorioa taxutzeko estakuru gisa. Sakonean besterik den arren, azaletik irudi lezake burges letrazaurituen maite jolasak baino ez dituela kontatzen, eta horrek (bai eta kontamoldearen soiltasunak ere) bidea erraztu die lanok nouvelle à clef gisa irakurri dituztenei; izan ere, asko erreparatu izan zaie bere nobelen ezaugarri autobiografikoei, Beauvoir eta bere hurkoak zer pertsonaia diren deszifratu nahirik beti.

Beauvoirrek bigarren eleberria du Besteen odola euskaratua; lehena, L'invitée (Gonbidatua), 1943an kaleratu zen, eta bikote harremanen eta norberaren askatasunaren mugak eta ifrentzuak esploratzen ditu, ménage a trois bat oinarri duen maitasun istorio batekin. Eleberriak arrakasta txukuna izan zuen, eta iragartzen zituen haren aurrerantzeko narratibaren ezaugarri nagusiak. Bi urte geroago argitaratu zuen Beauvoirrek Besteen odola, Bigarren Mundu Gerra bukatu baino lehentxeago. Aurrekoa baino dezente laburragoa izanagatik, formaz (eta igual edukiz ere) landuagotzat jo daiteke: naziek okupatutako Paris du gertaleku, eta bere burges jatorriari uko egiten dion pertsonaia bat protagonista. Badira, batetik, pertsonaien arteko amodio gorabeherak, eta, bestetik, kontzientzia politikoaren ekin behar eta ezinak; bi habe horietan bermaturik, Beauvoirren eleberriak dilema eta auzi moral batetik bestera darama irakurlea, saltoka bezala, eta auziok osatzen dute nobelaren benetako taupada narratiboa, hasi eta buka josten duen haria. Ba al du burgesak bere jatorriari zinez eta guztiz uko egiterik? Zein dira bizitzeko arrazoi duinak? Merezi al du gerran borrokatzea? Besteren amoreari ez erantzuteak ba al dakar aurreragoko erantzukizunik? Azken finean, nornahiren zernahi erabakik dakartza ondorioak, norberaren zirt edo zart egin beharra beti islatzen baita besteengan: «Ez zara ezabatuko», esaten dio protagonistak bere buruari: «Inork ez du zure ordez erabakiko, ezta patuak ere. Besteen patua zu zara. Erabaki. Ahalmen hori daukazu». Jean Paul Sartreren «infernua besteak dira» ezagunaren oihartzun bat dirudi «besteen patua zu zara» horrek, eta Sartreren hura baino finxeago josia dago apika, nahiz enbor existentzialista bereko ezpala izan. Nobelaren kontamoldeak berak ere indartzen ditu ideia horiek: narratzaileak darabilen pertsona gramatikala aldatu egiten da batzuetan, eta horrek arroztu egiten ditu pertsonaiak, beren buruari kanpotik erreparatu eta beste bat balira bezala agertzen baitira.

Lehen aldiz iaz argitaratua

Beauvoirrek narratiba lan gehiago ere argitaratu zituen hil aurretik, besteak beste Les Mandarins (Mandarinak) nobela, zeinarekin Goncourt saria irabazi baitzuen 1954an. Horrek ere badu funts autobiografikorik, baina ez Beauvoirrek garaitsu hartan idatzi zuen beste nobela labur batek bezainbeste: Les Inséparables (Lagun minak). Ordu hartan argitaratu gabe geratu zen, «intimoegia» zelakoan, eta 2020an atera zen. Sylvie eta Andree umetatiko adiskideak ditu protagonista, eta Sylvie bera narratzaile; Andreeri dion amodio platonikoa esplikatzen hasi, eta beren adiskidantzaren bilakaera kontatzen du, biak hazten diren giro burges eta katoliko itogarria deskribatuta bidenabar. Dirudienez, Beauvoir bera dago Sylvie kontalari enamoratuaren atzean, eta Andree, berriz, Elizabeth Lacoin haren txikitako adiskidea zen.

Nobela laburra da oso, non Beauvoirrek, kezka filosofikoak beren-beregi garatu baino gehiago, gordin erretratatzen baitu giro burges horren moral erlijioso, lepozut eta zurruna. Txukun idatzia dago, eta oreka eta sen narratibo handiz garatua, baina, guztiarekin ere, badirudi kaleratu zenetik balio dokumentala eman zaiola nagusiki. Hori nabaria da, esaterako, Lumen argitaletxearen gaztelaniazko edizioan: Beauvoirren eta Lacoinen gaztetako argazkiz betea dago, eta haien gutun ugari ditu eranskin gisa. Eta biografia hutsari horrenbeste erreparatzeko joera, Simone de Beauvoirren mitoa gizendu beharra, alegia, akaso ez ote zaion gailentzen haren idazlanak leituz gozatu nahiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.