Gaur dute euskararako lehenbiziko jauzia Simon Stephens idazle eta antzerkigile britainiarraren Clare Burns eta Alex Priest pertsonaiek. Stephensek idatzi bezala, Londresko Saint Pancras geltokian ariko dira euskaraz bata zein bestea, elkarri, elkar ezagutu berritan, eta elkarrizketa kasik absurdo batean murgildurik. Egiazki, baina, Londresen baino gehiago, Bilboko Arriaga antzokian izanen dute enkontrua Burns eta Priest euskaradunek, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen, eta Tanttaka Teatroa konpainiaren ekimenez batik bat. Simon Stephensen Heisenberg antzezlanean oinarrituta, izen bereko obra ekoitzi baitu Tanttakak berriki. Fernando Bernuesen zuzendu du lana, eta Naiara Arnedo eta Ramon Agirre dira antzezleak. Arriagako Foyer aretoan taularatuko dute, 19:30ean.
Arnedok Clare Burns 42 urteko emakumearen rola jokatuko du; Agirrek, 75 urteko Alex Priest gizonarena. Hain justu ere, biek elkar ezagutzen dutenekoa jasotzen du Heisenberg lanaren hasierak, eta ustekabeko topaketa horrek segidan ekarriko ditu umorez blaitutako hainbat erreakzio eta egoera absurdo. Hau baitu premisa istorioak: Burnsek usteko du ezagutu berri duen gizon hori aita duela, urtebete lehenago zendua. Eta, harridurak bultzatuta, garondoan musu bat emateraino txoratuko da Burns. Tanttaka konpainiak helarazitako oharraren arabera, obrak balio du erakusteko «gizakien arteko konexioa zeinen ziurgabea eta komikoa izan daitekeen».
Hain zuzen, Tanttakak Stephensen obraren handia nabarmendu du euskarazko bertsioa aurkeztearekin batera. Diotenez, egilearen bertuteetako bat da ederki dakiela «zukua ateratzen» eguneroko egoera arruntei. Heisenberg-en kasuan, sinetsita daude Stephensek maisuki erdiesten duela antzezlan «dibertigarri bat» osatzea, eta, hori bakarrik ez, idazleak «testu adimentsuak eta delikatuak idazteko duen gaitasuna» ere bistaratzen da bertan, diotenez.
Jakinarazi dutenez, Bernuesek zuzendutako muntaketa propio dago diseinatua Arriagako Foyer espazioan eta gisakoetan antzeztua izateko; ikusle talde txiki baten aurrean egiteko egokiagoa baita.
Gainera, emandako informazioaren arabera, interesa duten herritarrek aukera franko izanen dituzte antzezlana ikusteko. Gaurkoaz gain, beste hainbat data iragarri dituzte —2025erako guztiak—: adibidez, urtarrilean Getxon (Bizkaia) izanen dira; otsailean lau emanaldi eginen dituzte Donostian; martxoan, Beasainen (Gipuzkoa), Eibarren (Gipuzkoa) eta Gernikan (Bizkaia).