«Zinema mexikarraren urrezko aroaren azken diva». Herrialdeko hainbat agerkarik goiburu horrekin agurtu dute Silvia Pinal aktorea (Mexiko Hiria, 1931) haren heriotza jakin berritan. 1949an egin zuen debuta Pinalek, El pecado de Laura (Julian Soler) filmean. Hurrengo hamarkadan, interpretazio mundua aktore maskulinoen neurrira eraikitako garai batean, bere izena eta beste egiteko modu batzuk entzunarazi zituen, eta horrek eman zion ospea. Un rincón en el cielo (1952, Rogelio Gonzalez) filma izan zen mugarri bide horretan, baina, batik bat, Luis Buñuelekin egindako lanek eman zioten atzera-bueltarik gabeko bultzada haren ibilbideari. Haren «musa» izan zela irakur daiteke gaur agerkari ugaritan, eta Pinalek berak ere bere egin ohi zuen izendapen hori.
Buñuelekin egin zituen hiru lanen artean, 1961eko Viridiana-k eman zuen zeresan handiena, zeinetan mojagai baten rola jokatu zuen Pinalek. Espainia frankista hertsiaren eta haren nazionalkatolizismoaren aurka jo zuen filmak, eta zalaparta handia eragin zuen Cannesen erakutsi zenean —Urrezko Palma irabazi zuen—; Vatikanoak «blasfemiatzat» jo zuen, eta zinta erretzeko eskatu. Pinalek Mexikora ezkutuan eramandako kopien bitartez salbatu zen filma, hein handian. El ángel exterminador (1962) eta Simón del desierto (1964) izan ziren Buñuelekin egindako beste bi lanak.
Zinema alde batera utzita, politikagintzara ere egin zuen jauzi Pinalek —PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko diputatu izan zen—, eta telebistarako jardunean murgildu zen ondoren. Audientzia oso handiko telenobeletan egin zuen lan, baita aurkezle gisa ere. Gaur hil da, 93 urte zituela.