Hilberria

Shelley Duvall hil da, 75 urterekin

Aktore estatubatuarra diabetesaren ondorioz zendu da, bere etxean. Besteak beste, 'The Shining', 'Popeye' eta '3 women' filmetan parte hartu zuen.

Shelley Duvall aktorea, 'The Shining' filmean (Stanley Kubrick, 1980).
Shelley Duvall aktorea, 'The Shining' filmean (Stanley Kubrick, 1980).
2024ko uztailaren 12a
11:32
Entzun

Nekez ahaztuko du zinemaren historiak Shelley Duvallek The Shining (Stanley Kubrick, 1980) filmean jokatu zuela Wendy Torrance-ren rola. Jack senarraren (Jack Nicholson) aizkorakadetatik babestu nahian hoteleko komunean ixten den Wendyren aurpegiera betirako gelditu zen aktorearen ibilbideari atxikia, eta, bestelako film ugari ere egin zituen arren, askok, oraindik ere, irudi harekin lotzen dute Duvall.

Aktore estatubatuarra 75 urterekin hil da, Texasen (AEB). Diabetesari ezin aurre eginda zendu da Duvall, senarrak The Hollywood Reporter hedabideari baieztatu dionez. 1970ean Brewster McCould filmarekin hasi zuen bere ibilbide zinematografikoa, Robert Altman zuzendari zuela. Ordutik, zuzendari horren beste sei filmetan parte hartu zuen; horien artean da Nashville, 1975eko filma, lehen aitortza jaso zuenekoa.

3 Women film luzearekin lortu zuen ospea; Cannesko Zinemaldian (Frantzia) aktorerik onenaren saria lortu zuen, baita Erresuma Batuko Zinema Akademiaren Bafta sarietarako izendapena ere. Produktore lanak ere egin zituen 80ko hamarkadan, hala nola Time Bandits, Roxanne, The Underneath eta The Portrait of a Lady ikus-entzunezkoekin. Horrez gain, kable bidezko telebistan arrakasta eskuratu zuen, haurren edukiak sortuz; adibidez, Faerie Tale Theatre, 1982tik 1987ra bitartean eman zuten telesaila. Think Entertainment bere ekoiztetxearekin egindako lanen ondorioz, Emmy sarietarako bi izendapen lortu zituen.

Osasun mentala zaintzeko, Hollywoodetik (Los Angeles, AEB) bere jaioterrira joan zen, Texasera, 90eko hamarkada amaieran. 2023. urtean parte hartu zuen azkenekoz film batean,The Forest Hills-en, Scott Goldbergen gidaritzapean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.