Shanghaiko (Txina) Biurtekoaren 14. edizioa azaroaren 9tik martxoaren 31ra iraganen da, eta Etxepare Euskal Institutuak euskal artisten lanak nazioartekotzeko duen Zabal programari esker,Itziar Barrioren bideo instalazio bat eta Jorge Oteizaren bost eskultura erakutsiko dituzte han.
Shanghaiko Biurtekoaren komisario Anton Vidoklek joan den uztailean heldu zion gaiari, euskal museoak, artisten estudioak eta bestelako hainbat espazio bisitatu baitzituen Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta.
Aurtengo edizioak unibertsoa eta zinema lotuko ditu Cosmos Cinema izenburupean, eta mundu osoko 80 artista baino gehiagoren lanak bilduko ditu, XX. mendeaz geroztikoak denak. Helburua, unibertsoaren funtzionamenduaz eta bertan dugun lekuaz gogoeta egiteko abagunea eskaintzea ikusleari. Biurtekoaren egiturak muntatze printzipio bati jarraitu dio, erakusketa osoa zinemaren beraren izaera kosmikoaz mintzo den film luze gisa uler dadin.
Horretara datoz, hain zuzen, Itziar Barrioren eta Jorge Oteizaren lanak. Barriok elementu dokumentalak eta fikziozko elementu espekulatiboak elkartu ditu bere bideo instalazioan (A Demon that Slips into Your Telcopes while You're Tired and Blocks the Light, izenburuz), eta zientzian eta teknologian dihardutenek mundua ulertzeko duten erak eguneroko bizimoduan zer-nolako eragina duen aztertu nahi du. Barriok Material izenburupean trilogia bat osatu zuen New Yorkeko (AEB) New Museumeko Artea eta Teknologia mintegiko kide gisa 2020an, eta trilogia horren parte da Shanghaiko erakusketara daraman lana.
Hutsa, espazioa, metafisika
Oteizaren obrek, berriz, hutsaz, espazioaz eta metafisikaz dihardute. Shanghaira bidean diren lanetako bi, Kutxak Harrian (1958), marmol zurian zizelkatu zituen, eta bolumen baten alde positiboak eta negatiboak materialki irudikatzeko saioa dira. Malevitx unitate irekiaren bidezko espazio errotazioa / Malevitxen omenez (1957) eskultura ere han izango da. Urte hartan Sao Pauloko IV. Biurtekoan aurkeztutako eskultura sortaren parte da.28 piezak osatu zuten sorta, eta berorien bidez espazioa ez betetzearen ideiari heldu zion. Ikatz paperean egindako bi collagek osatuko dute Oteizaren bostekoa.
Shanghaiko Biurtekoak Barrioren eta Oteizaren lanak erakutsiko ditu
Arte garaikidea erakusten duen egitasmorik garrantzitsuenetakoa da Asian. Aurtengo edizioak unibertsoa eta zinema batuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu