Juan Garzia Garmendia. Itzultzailea

«Shakespeare ezagutzera gonbidatu nahi dut irakurlea»

Itzulpengintzako Euskadi saria irabazi du. Uste du, irakurlearentzat testu «zaila» izan arren, behin irakurtzen hasita Shakespeareren 'Sonetoak' guztiz «kutsakorrak» direla.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Shakespeareren soneto guztiak «maisuki» euskaratzeagatik saritu dute Juan Garzia Garmendia (Legazpi, Gipuzkoa, 1955). Merezi duen erronka izan dela aitortu du.«Munduko lirika guztiaren gailurrean dagoen obra eman zigun Shakespearek».

Erronka itzela, lanaren tamaina eta idazlearen meritua aipatu ditu epaimahaiak. Saria zuri ematearen erabakia aho batekoa izan da.

Ez dut uste lana bera, hau da, esfortzua, saritu behar denik. Borondatea ez da nahikoa. «Lan handia egin du» esaten da askotan... eta zer? Zein da produktua? Nik uste dut emaitza dela kontua. Halere, egia da nire bizitzaren erdia hartu duela lan honek, hogei urte aritu naiz idatzitakoa behin eta berriz orraztuz, finduz, iruzkinak eginez... ordu mordoa sartu ditut. Orain kontua da ea probetxuzkoak izan ote diren!

Sonetoen jatorrizko errimak errespetatu eta euskaraz egin dituzu.

Soneto batek ez dauka zentzurik ez baldin bada neurtua eta errimatua. Hauek gainera egitura berezia daukate. Dena den, badute abantaila bat, izan ere, jatorrizkoetatik gaztelaniara, italierara edota frantsesera itzuli direnekin alderatuta, euskaraz errazagoa da: errimak beti dira bikoak bakarrik, ez dira gehiago korapilatzen. Bestetik, gure lirika tradizionalean eta bertsolaritza klasikoan hartu dut eredua... euskarak erraztasuna ematen du horretarako. Galdetu bertsolari bati, gaur egun zazpi eta bederatzi errimarekin ari direnean! Zailagoa izan da neurria egokitzea errima baino.

Disko bi ere badakartza liburuak.

Alde batetik, errezitazioak, non 140 lagun inguruk parte hartu duten; soneto bakoitza pertsona desberdin batek errezitatu du ia ia. Eta beste diskoan 11 soneto bildu ditugu, kanta bihurtuak eta kantari ezagunek interpretatuak: Petti, Eñaut Elorrieta, Olatz Prat, Estitxu Pinatxo, Paco Ibañez, Mikel Urdangarin, Pier Paul Berzaitz. Kanta zoragarriak, bakoitza estilo batean, kristonak! Jakina da Joxean Goikoetxea musikari, soinu jotzaile eta moldatzaile paregabea dela, baina konpositore modura izugarrizko lana egin du.

Irakurlearentzat ere erronka da poesia liburu hau ulertzea?

Nik uste dut horrelako testuekin ohitura gutxien daukanak kantuetatik hastea daukala. Lagungarri guztiak hor daude liburu honetara hurbiltzeko eta berau ulertzeko. Hori bai, azkenean norberak egin behar du ahalegina. Guk argi daukagu: ahalegin hori hartzen duenak saria izango du seguru. Behin hasiz gero, ez dago gelditzerik. Sukarra sartzen bazaizu ez dago etenik, gaia amodioa da, eta, amodioan bezala, kutsatu egiten du. Lirika arloan, oso lan ona da Sonetoak hau, harribitxia.

Lau mendeko tartea, idazle handi bat, eta ez bereziki famatu egin zuen generoan —antzerkia—, hain zuzen. Idazle ingelesak bide berriak zabaldu zituen soneto hauekin. Zuk ere, bere garaian Shakespearek bezala, aldaketak bizi izan dituzu zure ibilbidean?

Uste nuen nire kontu bat zela, baina orokorra da. Behin adin batera helduz gero, eta asko irakurri izan baduzu, eta nire kasuan idatzi ere bai, narrazioa pixka bat agortu egiten da. Jada ikusita daukazu dena eta datorrena antzematen duzu. Azken urteetan gehiago irakurri dut saiakera eta poesia, eta Sonetoak honekin biziatu egin nintzen! Beste zerbait dakar horrelako lan bat hartzeak... denboratik eta mundutik aparteago zaude honetan ari zaren bitartean. Itzultzeak eskatzen duen kontzentrazioa bestela ere bada horrelakoa. Honelako piezatan ikaragarria da. Mistiko jarri gabe baina... ahaztu egiten zara momentu horretan munduaz: Shakespeare, edo Will —nik deitzen diodan moduan— eta neu, biok bakarrik.

Azken hau gehituta, Shakespeareren hiru lan dituzu itzuliak guztira. Zer dauka Shakespearek?

Gonbidatu nahi dut irakurlea, ni bezala, Shakespearerengana hurbiltzen. Ni ez naiz belauniko jartzen Shakespeareren aurrean, adorazioa, erudizioa... hori ez! Nik nire irakurketetan pikatu egiten dut, hemendik eta handik gauzak hartu, haria jarraitu... horrela hasi nintzen, eta egin ditudan lanak jolas bihurtzen ditut... baina gero jolas hori oso serio hartzen dut jendaurrean argitaratu nahi dudanean. Jende askok pentsatzen du: hau ez da niretzat. Shakespeare ezagutu gabe, gauzaren aurrean jarri gabe... nik uste dut itzal handi bat dagoela: hau soilik adituentzat da. Eta hori ez da horrela inolaz ere. Pazientzia apur bat behar da. Gure garaian ingelesez apenas zekien inork, eta hor ibiltzen ginen The Beatlesen kantuak loroen moduan abesten eta gero pixkanaka ulertzen. Ez dago benetako gozamenik, lanik eskatzen ez duenik.

Lehenengoz eman zaio Itzulpen saria poesia lan bati.

Bai, lehenengo aldia da itzulpen sail honetan poesia lan bat saritzen dena. Ea honek laguntzen duen, poesian ere errespetu hori jartzen, bere garrantzia ematen, eta jendea ere zaletzen. Adibidez, diskoan errezitazioak egin dituzten lagunak ez dira errezitatzaile profesionalak izan, ez dago inor aurretik errezitatzen ibilia denik, beraz... ez da beldurrik izan behar horrelako testuen aurrean.

Nola hartu duzu saria?

Gustura beti. Zer egin behar dugu ba? Momentu txarrak pasatuz, eta urte mordo batean sos bat ikusi gabe arituak gara itzultzaile gehienok. Honetatik bizitzea oso zaila da. Idazleek ere berdin. Horrela bizi gara, gure bizioa da idaztea, baina, gero, ustez, funtzio garrantzitsua betetzen dugu euskararena sinesten duen jendearentzat behintzat, ez bakarrik diskurtsoa, baizik eta benetan euskararena sinesten duenarentzat. Itzultzailearen betebeharra hori da, hor betetzen dugu paper bat funtsezkoa. Oso gutxi ordaintzen da, eta horrelako zerbait datorrenean, batetik aitortza eta bestetik dirua -argi esan dezagun- ba ni behintzat ez nago muzin egiteko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.