Shakespeare, euskara aberasteko amets bat

'Uda gau bateko ametsa' antzezlana euskarara ekartzen lehena izan zen Bingen Ametzaga, 1952an. Aurten argitaratu dute itzulpena lehen aldiz. Besteak beste, euskararen normalizazio linguistikoa izan zuen xede Ametzagak.

2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Lisander maite du Ermik, Ermi maite dute Lisanderrek eta Demetirrek, eta Demetir maite du Elenek. Endredo nahikoa ez, eta zenbait jauntxok, maitagarrik eta iratxok egoera are gehiago endredatuko dute. Edozein tragedia, komedia edo telenobelatako argumentua izan zitekeen, baina ez, William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa antzerki lanaren laburpena da. Shakespeareren «lehen maisulana» izan zen antzezlana, Bingen Ametzaga (Getxo, Bizkaia, 1901; Caracas, Venezuela, 1969) itzultzaile eta euskaltzalearen ustez. 1952an euskarara ekarri zuen lana Ametzagak, eta aurten argitaratu dute lehen aldiz. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak argitaratu du, Getxoko Udalarekin eta Donostia 2016rekin elkarlanean. ItzultzaileAitzindariak bildumaren azken alea da. Bi hitzaurrez lagunduta dago liburua, eta, itzulpenarekin batera, ingelesezko originala ere irakur daiteke.

Hirutan ekarri izan da euskarara Shakespeareren gaztaroko lan hau. Ametzagak itzuli zuen lehen aldiz, baina, esan bezala, hark egindako itzulpena argitaratzen azkena izan da. Aita Bedita Larrakoetxeak 70eko hamarkadan itzuli zuen lana, eta zeregin horretan azkena izan daJuan Garzia. Donostia 2016ren eta EIZIEren Shakespeareren Ametsa biziarazten programaren barruan argitaratu zuten Garziaren itzulpena, iaz. Hiru testuen aurkezpena eta horien arteko alderaketa egin zen programa hartan.

Hiru xedeko itzulpena

Shakespeareren zale amorratua zen Ametzaga, eta idazle britainiarraren obra euskarara ekartzeko xedea zuen. Hamlet, Macbeth, Julio Kaisar eta Uda gau bateko ametsa lanak itzuli zituen, baina horietan lehena baino ez zuen argitaratu. Xabier Irujo Ametzaga bilobak itzulpenaren hitzaurrean azaltzen duenez, hiru helburu nagusi zituen Ametzagak liburua itzultzerakoan: «Unamunoren kulturaren teoriari aurre egitea, euskara idazki eta espresio berriekin aberastea, eta euskararen normalizazio linguistikoarekiko bidea egitea». Hain zuzen ere, Miguel de Unamuno idazleak zioenean euskarak kulturazko hizkuntza izateko ezintasuna zuela, makur ari zela frogatu nahi zuen Ametzagak, nazioarteko literatur klasikoak euskaratuta.

Ez zuen egiteko erraza izan, ordea. Garai hartan ez zegoen euskara estandarrik, eta gutxi ziren euskarazko literatur erreferenteak. Hego Euskal Herrian 1936ko gerra piztearekin batera, gainera, erbesteratu beharrak are gehiago urritu zituen itzultzaileen eta idazleen baliabideak. Hasieran, adibidez, Ametzagak Ixaka Lopez Mendizabalen Diccionario Vasco-Castellano y Castellano-Vasco hiztegia baino ez zuen eskura izan lana egiteko. Shakespeareren obra itzultzeko urriegia suertatu zitzaion hiztegia, eta beste idazle, itzultzaile eta euskaltzale batzuekin hitz eginez moldatu zen itzulpena egiteko; esaterako,Lopez Mendizabali berari bidali zion Hamlet-en testua,zuzenketak eta oharrak egin zitzan.

Erbesterako bidea hartu zuenean, Iparraldera joan zen lehenengo, Parisera gero, eta Hego Amerikara azkenik. Zenbait urte eman zituen Montevideon (Uruguay), Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa. Han itzuli zuen Hamlet, urte luzez Shakespeareren lanetik berak egindako itzulpenen artean argitaratu bakarra izan dena. Erbestean ziren hainbat euskaltzalek sortutako Ekin argitaletxeak eman zuen liburua argitara. Inoiz euskaraz argitaratutako Shakespeareren lehen antzezlana izan zen. Garai hartan, Juan Ramon Jimenezen Platero eta ni liburua ere argitaratu zuen Florensa argitaletxeak, Ametzagak berak itzulita.

Buenos Airesen itzuli zuen, berriz, Uda gau bateko ametsa. Zenbait hilabetez aritu zen zeregin horretan. Ez dago jakiterik liburuaren zein bertsio erabili zuen itzulpenerako; baina Elizabete Manterola liburuaren editoreak itzulpeneko hitzaurrean jakinarazi duenez, badirudi Oxford Unibertsitateak 1911n argitaraturiko The Complete Works of William Shakespeare with a General Introduction by Algernon Charles Swinburne izan zela.

Euskara batuaren beharra

Ametzagak argi zuen euskara batzeko beharra zegoela, eta egiteko horretan aritu zen urte luzez, itzulpenen bidez, batik bat. Euskara batuaren beharraz kontziente izatearekin batera, oso argi zuen euskara batuak gipuzkera izan behar zuela oinarri eta, era berean, beste euskalkietako hitzak erabili behar zituela. Horregatik, nahiz eta bera bizkaitar hiztuna izan, gipuzkerara itzuli zituen liburuak. Neologismoak eta kultismoak alde batera uzten saiatu zen idazlea, euskaraz edozein ideia azal daitekeela erakusteko.

Ameriketarako bidean heldu zion Shakespeareren lanaren lehen itzulpenari, Macbeth-i. Itsas bidaia hartan, ez zuen hiztegirik eskura izan, eta, itzulpena egin bitartean, hiztegi bat sortu behar izan zuen, Euzkel-Erdel Iztegiñu-a. Ametzagak aitortu zuenez, itzulpen hori burutu eta gero errazago egin zitzaion Shakespeareren gainerako lanak itzultzea.

Xabier Irujo Ametzagak EIZIE ri helarazi zion bere aititak egindako Shakespeareren komediaren itzulpena. Juli Kaisar-en eta Macbeth-en itzulpen argitaragabeekin batera helarazi zion elkarteko kide Elizabete Manterolari, liburuaren editoreari.

Euskararen alde egindako lan eskergagatik euskaltzain urgazle izendatu zuen Ametzaga Euskaltzaindiak 1957an, itzulpenengatik batik bat. Shakespeareren lanak euskarara ekartzearekin batera, besteak beste, Oscar Wilde, Johann Wolgang Von Goethe, Plinio, Ciceron eta Pio Barojaren lanak ere itzuli zituen. Baina, itzultzaile izateaz gain, idazlea ere bazen Ametzaga. Esaterako, 1925 eta 1934 artean, hainbat literatur sari eman zizkioten, eta, besteak beste, El hombre vasco (Euskal gizona) saiakera eta 2006an argitaratutako Itsaso aurrean bildumako poemak idatzi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.