Shakespeare eta Swiften klasiko bana berrargitaratu dute Urrezko Bibliotekan

Juan Garziak egina da 'Hamlet'-en bertsioa, eta Iñaki Mendiguren Bereziartuk 'Gulliverren bidaiak' nobelarena

Iñaki Mendiguren eta Juan Garzia Donostian, berrargitalpenen aurkezpenean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Juan Garziak eta Iñaki Mendigurenek euskarara itzuli zituzten William Shakespeareren (1564-1616) eta Jonathan Swiften (1667-1745) Hamlet antzezlana—1990ean— eta Gulliverren bidaiak nobela —2002an—. Ibaizabal etxearekin atera ziren plazara, Literatura Unibertsala bildumaren abaroan. Baina 1989an Eusko Jaurlaritzak eta EIZIE Euskal Idazle, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak hauspotutako bilduma hartako izenburuak bukatu egin direnez, Jaurlaritzak eta EIZIEk Elkar argitaletxearekin batera bultzatutako Urrezko Biblioteka bildumaren barnean berrargitaratu dituzte Shakespeareren eta Swiften lan klasikoak.

Orain dela hamar urte kaleratutako lanari ukitu «dezente» eman dizkio Garziak, «baina ukituak baino ez dira», eta «funtsean» 2002ko itzulpena da. Joan den astelehenean aurkeztu zituzten bi berrargitalpenak, eta Garziak ez zuen liburua bere soilean aletu, «erredundantea izango litzatekeelako». Hortaz, «esperimentu bat» planteatu zuen. Iruditzen zaio itzultzaileari «Hamlet eta gisako klasikoak» interpretazio beti berriak eragiteko «mekanismo batzuk» direla, «agorrezinak». «Edozein tokitatik, edozein haritatik has gaitezke tiraka, edozein unetan». Hamlet-ekin lotzen den «gai potoloa» heriotza delakoan dago, baina gai «interesgarriagoak» ere badituela. «Izan ere, heriotzari eragitea alferrik da».

Hortaz, honako hari honi tira egin zion Garziak aurkezpenean: «Zer du Hamletek Ofeliaren kontra?». Hamlet printzearen neskalaguna zen Ofelia, «eskala sozialean beste maila batean zegoena». Garziak uste du printzeak maite zuela, «etengabe» aitortzen duenez. «Eta zergatik esaten dizkio, orduan, esaten dizkionak? Eta zergatik bidaltzen du bidaltzen duen lekura?». Komentura, alegia. «Izan ere, harrigarria da lehen irakurketan kolpetik nola esaten dion: 'Hoa komentura!'».

Itzultzailearen iritziz, «ezinezkoa» da obrari buruzko bibliografia osoa irakurtzea, «eta seguruenik auzi hori ehun bat liburutan jorratuta egongo da». «Baina ez ditut denak irakurri, eta nire interpretazioa egin dut». Garziak galdetzen dio bere buruari zer ote duen printzeak: «Amorruzko ankerkeria? Zergatik, ordea, amorrua? Eta zergatik Ofelia errugabearengana zuzendua?». Ondorioztatu du mundu arruntetik «apartatu» nahi izan duela. «Gaiztakeriatik aldendurik zintzotasunean hobetzeko. Eta hortxe dago koska: munduaren gaitza belaunaldiz belaunaldi berrituz joatea dakarren hori saihesteko: haurrak izatea. Ama bihurtzea, alegia». Hamletek emakume izatea gaiztakeriarekin eta zorigaitzarekin berdintzen du, Garziaren iritziz. «Hamletek ezin ditu ez mundua eta ez bere burua jasan, eta jakina da zein den norberarentzatmunduaren jatorria: ama baten sabela». Hala, honako hau da, itzultzailearen ustez, printzearen burubidea: «'Neure ama halako ustela izatea gertatu bada, zer emakume egongo da libre ahultasunetik eta ni bezalako haur zorigaiztokoak izatetik?'».

Swift ironiko eta ezkorra

Jonathan Swift, berriz, «beti» gaurkotzen den autorea dela uste du Mendigurenek. «Literatura satirikoa, ironikoa osatu zuen, oro har gizartearen eta giza izaeraren kritika zorrotza eginez». Azken urteetan jarrera «inoiz baino ezkorragoa eta etsiagoa» azaldu zuen, gainera. Mendigurenek ez daki zerk eraman zuen «halakoa» izatera, baina haurtzaro «pobreak», politikari eta idazle ofizioa «garraztasunez» bizitzeak, osasun arazoek, «eta ase ez zuen bizitza afektiboak» eragina izan zuten autore irlandarrarengan.

«Zerbait kilikagarriagoaren bila» abiatuta, itsasontzi bateko kapitain bihurtuko den «asperturiko kirurgialari» baten lau bidaiak kontatzen ditu Gulliverren bidaiak eleberriak. «Gizarte satira erraldoia da liburua, giza kondizioaren metafora».

Literatura Unibertsala bildumaren 20 obra eguneratuko dituzte Urrezko Bibliotekan. Sei daude jada kalean: Eugene Ionescoren Emekume abeslari burusoila, Katherine Mansfielden Lorategiko festa, Edgar Allan Poeren Kontakizunak, Daniel Defoeren Robinson Crusoe, eta azkeneko biak. Laster, beste bi izango dira plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.