Literatura

Sexuaren hondoan, egia

Bolo-bolo dabil zenbait zirkulutan liburu bat, algara eragilea, izenburutik bertatik harrigarria: 'PornoBurka'. Brigitte Vasallok parodia gupidagabea oparitu dio Bartzelonako Raval auzoari.

Brigitte Vasalloren eleberriak Bartzelona dauka kokaleku eta gai. LAURA VIVES.
2014ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Kontuak ez dirudi txantxetarako; kontuz, Michel Foucaulten aipu batek zabaltzen du eleberria: «Mendez mende zabaldu den ustea da sexu kontuak ezkutatu behar direla lotsagarriak direlako, baina orain jakina da sexuan ostentzen direla norbanakoaren alderik sekretuenak: haren mamuen egitura, errealarekin hartu-emanetan aritzeko dituen moduak. Sexuaren hondoan, egia». Emakume izenez Herculine Barbin, gizon izenez Abel, XIX. mendeko pertsona intersexualaz ari zelarik idatzi zituen lerrook Foucaultek. Aipuak ez dira ausaz jartzen, jakina, baina jarraian hasten da istorioa, honako esaldi honekin, jatorrizkoan: «Me cago en la dignidad».

Hortik aurrerako orrietan —150 pasatxo— irakurleak ez du begirik bilduko, ez du bakerik izango bizpahiru eserialditan jo eta akabatu arte. Hala aitortu dute, bederen, dozenaka irakurlek sarean; halaxe jakinarazi diote egileari halaber, azken hilabeteotan egin dituen aurkezpen eta solasaldietan. Brigitte Vasallo (Bartzelona, 1973) egilearen bisita txartel gisa balio dezake honako esaldi honek: «Idazlea estropezuka, kazetaria tarteka, kulturarteko bitartekaria edozein unetan, feminista zalantza izpirik gabe, eta aktibista harreman sexual-afektibo alternatiboetan». Bestela, elkarrizketetan esan ohi duen beste hau: «Definizio bat eskatzen didatenean, beti esan ohi dut 'bizizalea' naizela, nahieran ulertuta».

PornoBurka eleberria 2013ko urrian atera zen argitara, Ediciones Cautivas zigilupean. Autoeditatua da berez, eta badu pulp fikzioaren trazarik, orriak zuri-zuriak badira ere. Azpititulua, honako hau: Desventuras del Raval y otras f(r)icciones contemporáneas. Hain zuzen, egilearen esanetan, egungo sexuan (hain ederki ontziratua eta etiketatua) egia zantzuren bat bilatzeko asmoa du liburuak. Parodiaren soinekoa jantzita, honako gaiak jalgiarazteko plazara: identitateak, fikzioak, gezurrak, besteren soinetan ikusten diren burkak, auzo espekulatuak, hiri turistikoak, gay kontsumismoa, alteritatearen eraikuntza, aurreiritziak, eta nortasun bakarraren zama jasanezina. Esan gabe doa, sexua ere bai.

Besteren burkak

Ez da nobedade, Vasalloren pertsonaiek arazoak dituzte sexuarekin, baita sexu arazoak ere. «Gatazka latzetan dabiltza identitate pertsonal eta nazionalekin, tirabirak dituzte beren buruari ezarri dioten etiketarekin; izan ere, ez du definitzen direna, baizik eta izan nahi luketena». Honela aurkezten ditu pertsonaia nagusiak: neska feminista pornoterroristagaia, norekin eta alfa arrarekin seko maiteminduta; probintzietako espainiar mutila argentinar bihurtua, zertarako eta gehiago gainkatzeko; gay abeslari idoloa, etsipenak hartuta, zergatik eta ohartu delako bisexuala dela; eta azkenik, haren senar artista xenofobo garaikidea, fruta-saltzaile pakistandarrarekin gutiziatuta, nola eta ergel baten antzera.

Kontua da, halako batean, denak aztoratzen dituen zerbait azaltzen dela auzoan: burka bat! Tira, norbait (emakumea, ustez) burka baten baitan. Erabat onartezina, denen begietara. Jakina, denek salbatu nahi dute gizajoa, norberak bere erara. Hori dena, Vasallok dioenez, besteei eta bere buruari gezurra esaten dion auzo batean: Bartzelonako Raval, antzinako 5. distritua. «Lehengo auzo txinatarra gogorra eta miserablea zen, baina egiazkoa». PornoBurka nobelan ideiak trumilka eta borborka doaz, baina ez espero tesi-nobelarik: «Ene tesia da bizitza kaka zaharra dela, besterik gabe. Auzo txinatarra aldarrikatzen dudanean ez naiz miseriaren poetika defendatzen ari. Niri miserablea iruditzen zait miseria. Auzo txinatarrean interesgarria zera da, miseria han gainean zegoela, ez zegoela makillatuta, ezta ezkutatuta ere».

Liburuan harrigarriena tonua bera da, batere konplexurik gabea eta, hitz batean, freskoa. Izan ere, zinez freskagarria suertatzen da halako irakurketa, aldi berean arina eta mamitsua, burutsua izateko asmorik gabe idatzia izanagatik, benetan zorrotza eta sendagarria. Juan Goytisolo idazleak egin du liburuaren hitzaurrea, informazio zapuzgarriz edo spoiler-ez josia. Marina Garces filosofoaren epilogoak, aldiz, beste zerbait gehitzen dio liburuari. Honela dio testu horren sarrerak: «Egiari buruzko liburua da hau. Letra larriz idazten den egiari buruzkoa. Ez da zientzialarien egia, edo dena dakitela uste dutenena, (...) baizik eta egia, hipokrisiaren eta faltsukeriaren kontrakoa».

Brigitte Vasallok azken hilabeteotan hainbat aurkezpen egin ditu Herrialde Katalanetan, Espainian eta Euskal Herrian. Hain justu, iragan martxoan izan zen Bilbon eta Gasteizen, PornoBurka aurkezten, baina baita aski ongi ezagutzen dituen beste bi gai lantzen ere: feminismo islamiarra eta polimaitasuna. Preseski, mugak dira Vasalloren lehengaiak, baina ez soilik muga fisikoak, baita kontzeptualak eta identitatezkoak ere. Normalizazio kontzeptua interesatzen zaio, alegia, ikustea bazterrekoak normalizatzen direnean nola hasten diren jarrera baztertzaileak garatzen. Bestalde, Hala Bedi irratian egin zioten elkarrizketan, aipagarria Vasallok bota zuen perla: «Askok esan didate liburua feminista dela, baina ez. Feminista ni naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.