Ganbarako ariketa

Sexua, zaintza, konplizitatearen indarra... ganbarak utzitakoak

«Irribarre konplizea egin diozue elkarri». Horixe izan dute zortzi bertsolariek hiruna bertso kantatzeko gaia.

Alaia Martin bakarkakoan, Nafarroa Arena bete duten 13.000 zaleen aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 18a
14:56
Entzun

Goizeko saioarekin amaitzeko, ganbarako lana izan dute azken ariketa puntuagarria. «Irribarre konplizea egin diozue elkarri». Gai horren gainean kantatu behar izan dituzte hiruna bertso, eta, ohi gisan, hurrenkeraren arabera erantzun diote gaiari.

Ordenak hala aginduta, beraz, Mendiluze izan da ariketari erantzuten lehena. Bertsolaritza klaseetan eroso egoten ez den ikasle batekin egindako irribarre konplizea irudikatu du. Behartu gabe, baina tira egin nahi liokeela azaldu du. «Zuk erabaki baina duzuna/ bota ezkero nik nahiago/ ez baitaukazu une triste hau/ zertan bakarrik igaro/ ausartu ein da, bota egin du/ orain irrifartsu dago/ baita ni ere, ta esan nahi du/ hark uste baino gehiago».

Ibarzabalek, berriz, «gizon txar baten gerizan» urteak pasatu dituen emazte eta ama baten larrutik kantatu du. «Haurra uzten dudanero/ ni beldurraren sasitzan/ ta utzidazue pentsatzen/ normalena dudan gisan/ kide ona izan ez denak/ ezin aita ona izan». Senarra agurtu, eta alabarekin egin duen irribarre konplizeari heldu dio orduan, zera pentsatuz berekiko: «Itxaron beharko gaituzu/ denbora luzez, txikito/ ze gu hurrengo astean/ ez gara hona itzuliko»

Arzallus etorkin baten larruan jarri da bere ganbarako lanean. Metafora batekin ilustratu du lehen bertsoa: «Pentsa zenbat miseria/ egunen trenean/ desertua bukatzen da/ zortzigarrenean/ ta desertu handienak/ geure barrenean». Bigarren bertsoan poto egin ote duen zalantza dago ikusleen artean. Izan ere, «parte» hitza erabili du bi bider. Bidasoko harrera elkarteko kide batekin gurutzatu du irribarre konplizea, azkenik, eta ederki asmatu du bertsoaldia borobiltzen: «Harek niri eskaini dit/ azken irriparra/ deus ez duenarentzako/ hori da indarra».

Illarregik erantzun dio gaiari ondotik. Bikote baten lehendabiziko maindirepeko «endredoa» deskribatu du kantuz, eta lehendabiziko bertsotik heldu dio gaiari, eta segidan azaldu du bikotekidearekin izandako irribarre konplize horren arrazoia: «Keinu egin dit begiarekin/ irri txiki bat ahoan/ ta keinu horrek helarazi dit/ hain gaizki ez dela joan».

Bide bertsutik jo du Martinek; bikote baten harreman sexuala, alegia. Lehen bertsotik irudikatu du irribarre konplizea. «Bi gauzak partekatzea/ niretzako da luxua/ lehenbizi irrifarrea/ eta ondoren muxua». «Mutikoen haragia» lehenagotik probatuta zeukala esan, eta gero hau zehaztu du: «Gaur daukat neska batekin/ bigarren lehen aldia». Eta, azkenik, txalo eta oihuen artean amaitu du bertsoaldia: «Zertan mugatu plazera/ bihurtzeraino kamutsa,/ eleanitza denean/ gure gorputzen hizkuntza?».

Lujanbiok Bilboko Abandoko auzoko metroan kokatu du bere ganbarako lana. Bere bagoi berean igo den «tatuaje fatxaz» betetako «tipo klasea» irudikatu du. Bidaiarien begiradek, azkenean, gizon hura bagoitik botatzea lortu dutela azaldu du. «Behingoan alderantzira/ gertatu da gauza, hara:/ jende xeheak indarra/ tipo sendoak ikara». Hala hasi du azken bertsoa. Lortutakoaz harro, bagoiko kide batekin egindako irribarre konplizea kontatu du azkenik: «Zu ta biok bereziki/ irria irrietara/ gure poltsa ortzadardunez/ poz-pozik atera gara».

Aldaka hautsi duen gizon bat zaitzera Bogotatik hona etorritako pertsona baten larruan kantatu ditu Colinak bere hiru bertsoak. Gizon horren alabarekin eta haren ikara galderekin trukatu du gaiak eskatutako irribarre konplize hori. «Agertu dira bere galderak/ ta eskaini diot irribarre bat/ ez egiteko negarrik/ ez dagolako bakarrik». Bigarren bertsoan, berriz, kontatu du ez dela etorri «Joxe» zaintzera «zoriontsu eta aldarteko»: «Nahiz Joxerentzat beti nagon hor/ neretzat hemen ez dago inor». Azkenik, Joxeren alabare galderei irribarre konplizez erantzun ondotik, kontatu du bere galderak erantzuteko ez duela inor: «Ze amets neukan nere erretinan/ ta zer topatu dut errutinan?/ Galdera asko ditut nik/ baina ez dut erantzunik».

Haur futbolari baten rolean kantatu du hurrenkeraren araberako azkenak, Beñat Gaztelumendik. Lagun Aritzekin egindako irribarrea deskribatu du: «Ezpain ertzetik zuzendu/ dit irribarre zabala/ eta sentiarazi nau/ onena banintz bezala». Hala amaitu du goizeko saio puntuagarria: «Handiek berriz elkarri/ eupada ta besarkada/ guri berriz bideetan/ dena oztopo ta traba/ alferrik egingo dute/ irri bertatik bertara/ handiak ez dira handi/ txikiak biltzen bagara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.