Antzerkia

'Sexberdinak' antzezlanak irabazi du 2024ko Donostia antzerki saria

Tanttaka Teatroa konpainiarena da lana. Martxoaren 27an egingo dute saria banatzeko ekitaldia, Viktoria Eugenia antzokian.

TANTTAKA - 'SEXBERDINAK'
Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia, 'Sexberdinak' antzezlaneko protagonistak. TANTTAKA TEATRO KONPAINIA
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko martxoaren 1a
13:25
Entzun

Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta ditu protagonista Sexberdinak antzezlanak, eta obra horrek irabazi du 2024ko Donostia antzerki saria. Tanttaka Teatroa konpainiaren eskutik sortu zuten pieza.

2000. urtean sortu zen sari hori, Donostian estreinatzen diren antzezlanak nabarmentzeko, eta, beraz, 24. aldia du aurtengoa. Irabazleak aurreko urtean estreinatutakoen artean aukeratzen dira, eta aurkezten diren lanek euskarazkoak eta helduentzat izan behar dute. Sariarekin batera, Tanttaka Teatroak 12.000 euro eta Aitor Ruiz de Egino artistaren margolan bat irabazi ditu. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an egingo dute, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Viktoria Eugenia antzokian, eta, sari banaketaz gain, irabazleek aukera izango dute euren antzezlana interpretatzeko.

Sexua du ardatz Tanttaka Teatroa konpainiaren antzezlanak. Ezgaitasunak dituztenen eta ez dituztenen sexu ohiturak eta bizipenak alderatzen ditu obrak. Gaia izan da epaimahaiko kideek kontuan hartu duten arlo nagusienetarikoa. Bederatzi pertsonaz osatutako epaimahaiak aitortu du «oso gutxi» lantzen den gai bat jorratzen duela Sexberdinak antzezlanak, eta lan «bikaina» egin dutela elbarritasunen tratamendua irudikatzen, aktoreen eta zuzendaritzaren lanen bidez. Horrez gain, epaimahaiak aitortu du komedia eta drama «oso ongi» uztartu dituztela aktoreek, eta haien arteko konplizitatea «erabatekoa» dela.

Mireia Gabilondo zuzendariak esan du Bilboko Arriaga antzokian Iruretarekin egindako obra bat izan zela Sexberdinak lanaren hastapena. Horren harira, elkarrekin lan egiteko nahia sortu zitzaien, eta nahiak errealitate bihurtu ziren Sexberdinak obrarekin. Emanaldia ez da antzokietan egin, halaxe nahi izan baitu Tanttaka konpainiak. «Eszenografia aldetik, hasieratik pentsatu genuen ikusleak gurpil aulkietan eseri nahi genituela. Horregatik, 60 pertsonarentzako emanaldiak antolatu ditugu, ahal izanez gero, leku alternatiboagoetan», azaldu du Gabilondok. Kepa Errasti eta Iruretaren artean idatzi zuten gidoia. «Lehenagotik Telmok lan handia egina zuen gidoiarekin, eta bien artean bukatu genuen ondoren», adierazi du Errastik.

Antzezlan interaktiboa dela esan daiteke, ikusleak protagonistaren lekukoa hartzen du-eta momentu batzuetan. «Ikusleei galderak botatzen dizkiegu, eta askotan ez dira erantzutera ausartzen. Hori, adibidez, herri txikietan gertatu zaigu, non denek elkar ezagutzen duten eta sexuari buruzko galderak bazterrean uzten dituzten», esan du Garmendiak. Galdera-erantzunek jokoa ematen diote antzezlanari, Iruretaren ustez, eta, horrez gain, inprobisatzeko aukera ere sortzen da. Iruretak gehitu du Miren Arrieta aktorea batu dela antzerki taldera, Garmendiarekin batera rol berbera jokatzeko.

Komedia da Sexberdinak, baina, Iruretaren esanetan, baditu tarte serioagoak ere: «Ikusleek barre egiten dute, baina baita negar ere. Gorabeheraz beteriko lana da». Garmendiak esan du gertutasun handia sortu dutela gurpil aulkian doazen ikusleekin, eta haiek izan direla «egia handienarekin» hurbildu zaizkienak: «Oso hunkituta ikusi ditugu, eta asko eskertu digute horrelako gai bat umorez jorratu izana».

Hamasei antzezlanek parte hartu dute aurtengo Donostia antzerki sarian, hala nola Hobe ixilik (Txalo produkzioak), Badon opera postdramatikoa (Badon eta AEK), Postdatarik gabeko gutunak (Xake produkzioak), Obsoletus  (Anodino teatroa) eta Baginaren bakarrizketak (Ainhoa Etxeberria, Itziar Urretabizkaia, Intza Alkain eta Begoña Bilbao).

Zenbakiak «lagun»

2023. urtean inoizko datu onenak izan ditu Donostia Kulturak antzezlanen ikusle kopuruari dagokionez. Iaz, helduentzat euskaraz egindako hogei antzezlan eman zituzten Donostian, orotara 44 emanaldi. Saio horietara 11.308 pertsona bertaratu ziren, 2022an baino ia 500 gehiago. Horregatik, Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak esan du zenbakiak «lagun» dituztela gaur egun. Donostia Kulturak adierazi du euskarazko helduentzako antzerki profesionalaren aldeko apustua egiten jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.