«Paradoxikoa». Judith Benhamou komisarioak hitz bakar horretara errenditu du Bilboko Guggenheim museoak Georges Seurat eta Richard Serra artisten marrazkiekin antolatutako erakusketa. Baina, haren hitzetan, itxurazkoa baino ez da bi sortzaileen arteko kontrakotasuna, hari beraren bi mutur baino ez baitira bi artistak. Mutur batean, XIX. mendeko Parisen neoinpresionismoaren sorkuntzan parte hartu eta 31 urterekin hildako pintore figuratiboa, eta, beste muturrean, XX. mendearen erdialdetik hasi eta XXI. mendera arte heldu den artista abstraktu eta kontzeptual garaikidea. Baina korapilaturik biak. «Bildu ditugun Seuraten 22 marrazkiek laguntzen digute ulertzen ez dagoela mugarik XIX. eta XX. mendeen artean edo figurazioaren eta abstrakzioaren artean, eta artelanak artelanak direla». Irailaren 6ra arte egongo da ikusgai.
2008an du hazia Bilboko erakusketak, komisarioaren hitzetan. Parisko erakusketa batean izan zuen Benhamouk Serrarekin aurrez aurre hitz egiteko aukera, eta Seuraten marrazkien bilduma pribatu bat ikusten lagunduko ote zion galdetu zion artistak. «Euforiko jarri zen. 'Hauxe da nik egin nahi dudana', esan zuen». Iltzatuta geratu zitzaion irudi hura, eta hala sortu zitzaion bi artisten lanak elkarrekin erakusteko ideia. «Utopikoa» zen ideia, komisarioaren hitzetan, baina berehala jo zuen Bilboko Guggenheim museoarengana, azaldu duenez, hori baita «Serraren erreinua», eta New Yorkeko Guggenheim museoak ere badituelako Seuraten marrazki batzuk.
Seurat batzeko zailtasunak
Serrak berehala onartu zuen bere lanak Seuratenekin batera erakusteko proposamena, baina, museoko arduradunek onartu dutenez, «konplikatua» izan da Seuraten 22 marrazki biltzea erakusketarako.
Seuratek darabiltzan baliabideen «pobretasuna» eta haiekin lortzen duen lanaren «gailentasuna eta ausardia» nabarmendu ditu Benhamouk. Hain zuzen ere, adituek marrazkigintzaren lehen lerrokotzat daukate Seuraten lana, eta oso preziatuak dira haren marrazkiak, baita artisten artean ere. Komisarioak gogorarazi duenez, luzea da haren marrazkiren bat edo beste bildumatu duten artisten zerrenda: Paul Signac, Daniel Buren, Pablo Picasso, Henry Moore eta Jasper Johns, kasurako.
Bilbon ikus daitekeen Bikote eseria da Picassorena izandako lanetako bat. 1881ean marraztu zuen Seuratek, eta bi giza figura ikus daitezke hartan: lan gehienekin gertatzen den bezala, aurpegirik erakutsi gabe. Komisarioak azaldu duenez, hainbat adituren ustez bi figurak sortzeko baliatutako oinarri geometrioengatik hautatu zuen Picassok lan hori. Han kubismo zantzu batzuk ikusiko zituelakoan. Benhamou ez da iritzi berekoa, ordea. Haren ustez, Seurat lan prozesuan murgildurik ikusten zuen Picassok lan horretan, eta, horregatik interesatzen zitzaion. «Artista beti bidean erakusten duelako».
Conte arkatzez egin zituen marrazki guztiak Seuratek, gehienetan Michallet motako paper gainean. Eta Lanpara lana izan daiteke haren teknikaren gailentasunaren erakusgarrietako bat. 1882. eta 1883. urteetan sortu zuen lana marrazkilariak; beltza da nagusi, eta, halere, argiguneen bidez, garden agertzen da ikuslearen begietara giza aurpegi bat, lanpara elektriko baten argi ahulean.
Serrak berak hautatu zituen 2015ean egindako Ramble Drawings marrazki serieko lanak erakusketarako. Neurri handian egindako marrazkiak ezagutzen zaizkio artistari nagusiki, baina, kasu honetan, zuri-beltzean eta paper gainean egindako neurri txikiko 81 lan aukeratu ditu. Horrek Seuratekin solasaldia erraztu zezakeelakoan. Eskuz egindako paper japoniar bat darabil artistak Bilbon ikusgai jarritako lanak sortzeko, eta kolore beltza nabarmentzen da haren gainean. Ilunago batzuetan, argiago besteetan, baina beti paperaren ezaugarriak ere kontuan hartuz.
Aretoaren erdialdeko hormetan daude Seuraten marrazkiak, eta hura inguratzen dute Serrarenek. Eta justu ibilbidea amaitzen duen lekuan igar daitezke bien obrak elkarrengandik gertuen.
Abstrakzioranzko bidean diruditen bi obrarekin amaitzen da Seuraten partea. Uretan islatutako zuhaitz-enborrak eta Atea lanekin, hain zuzen ere. Mantxa beltz bertikalak dira nagusi lehen lanean, esaterako, eta oihartzun zuzena egiten du piezak aurrean dituen Serraren marrazkiekin.
Seurat eta Serra solaskideak
Georges Seuraten 22 marrazki eta Richard Serraren beste 81 lan biltzen dituen erakusketa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak: 'Serra/Seurat'. Paper gaineko zuri-beltzeko obrak dira guztiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu