Sentsazio eta doinuen collagea

Governors taldeak Mikel Laboa eta Bobby Sands izan ditu gogoan 'Collage' hirugarren diskoan

Governors taldeko kideak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Governors Arrasateko taldeak Collage hirugarren lana argitaratu du, Itxaron beharra ez da itxaropena eta Frenetikodrome diskoen ostean. Juan Sang abeslariaren esanetan, aurreko lanekin alderatuta «estilo bera, baina ñabardura gehiagorekin». Musika estiloa eta indarra ez dituztela galdu azaldu du, eta oraingoan kolore eta freskotasun handiagorekin bueltatu direla gaineratu du. «Sentsazio eta doinuen collagea» egin dugu.

Ibilbide luze eta emankorra duen Sangek (Fjord, Ekon, Brutal Melody...), puntako idazle eta musikarien kolaborazioa izan dutela nabarmendu du. Aurreko bi lanak Oihuka diskoetxearekin atera zituzten, eta oraingoa, berriz, Arrasateko Mauka Musikagintzarekin kaleratu dute.

Bertsolariak lagun

Kantu batzuen berbak Amets Arzallusek, Fredi Paiak, Mikel Etxaburuk eta Bick Macfarland irlandarrak idatzi dituzte. Arlo musikalean, Joserra Senperena izan dute lagun pianoan.

Hamar abestik osatzen dute Collage diskoa. Joserra Senperenak pianoarekin egindako Prologue introarekin hasten da lana. Heavy-rock melodiaren burrunba lagun du Beldar itsua kantua. Eskandinaviako punk-rock biziarekin, Mikel Laboari omenaldia egin diote Mikel Snake abestian. «Mikelen familiari kantaren izenburua asko gustatu zitzaion», azaldu du taldeko ahotsak. Igerian kantuan aurrera egiteko animoak ematen dituzte. Larru azaletan abestian rocka eta elektronika ezkondu dituzte, eta Bertigo izenekoan sintetizadorea da nagusi. Bestalde, Bik MacFarlanek lagunduta, Bobby Sandsen figurari gorazarre egin diote A song for Bobby pieza sortuz. Pop rock doinuak erabili dituzte.

Taldean sartu berria zen Keu Agirretxek disko berriaren grabaketan eta prestaketan parte hartu du, baina zuzenekoetan ez da egongo. Taldea utziko du, egun batetik bestera aita izango delako. Haren ordez, Yago Goronaeta ariko da gitarran, Cool Circus eta Ekon taldeetan aritua. Abenduaren 3an Durangoko Plateruenan joko dute; 10ean, Hondarribiko Psilocybenean, eta 30ean, Ondarroako Kafe Antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.