Sentipenak urtaroen bidez transmititzen direnean

Haiku poemez osatutako bigarren liburua aurkeztu du Josu Jimenez Maia idazle iruindarrak

Josu Jimenez Maia liburuaren aurkezpenean, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bost-zazpi-bost. Silaba neurri horretan, sentipen bat trasmititzen duen tresna poetikoa da haikua. Betiere, garai zehatz batean kokaturik eta bizitako zerbaiten inguruan. Udazkenean barneraturik, Orbel azpiko haikuak liburua dakar Josu Jimenez Maia idazleak Denonartean argitaletxearen eskutik. Japoniako izpiritua euskaraz idatzitako olerkietan jaso du, haiek bezala bost urtaroak gogora ekartzen duten literatura piezak.

Haikua ez da ohiko poesia mendebaldeko gizartean. Are gehiago, mendebaldeko poesiaren antzekorik ez duena da haikua, Jimenez Maiaren esanetan. Bost silabako lerroa, zazpikoa, eta bostekoa berriz. Horrelako sinplea da haikua. Baina sinple bezain konplikatua. Eta konplikatu bezain sakona, guztiak sentipen bat baitira.

Errimarik ere ez dutela gogorarazi du, eta hitzak ongi aukeratu behar direla. Alegia, haiku ona idaztea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Xumeak eta laburrak dira poema mota horiek, ez dago luzamenduetan ibiltzeko tarterik. Horregatik, ikusitakoa neurri horretan biltzea erronka dela dio Jimenez Maiak.

Denbora ere garrantzitsua da haikuetan. Japoniarrek bost urtaro dituztela azaldu du Jimenez Maiak: udaberria, uda, udazkena, negua eta urte berria. Liburuan ere, bost horiei erreferentzia egiten dieten poemak daude. Bosgarren urtaroa ageri da haikuetako batean: «Ur berria har/iturri zaharretik/urte berria».

Denetariko esperientziak biltzen dira Jimenez Maiaren azkenengo liburuan. Bere itzalean pausatutako hostoa, eskolako jolastokian aurkitutako arrosa... Sentipen hori deskribatzeko zentzumenak erabili behar ditu idazleak, eta horiek egiten dute haikua aberats. «Geroz eta zentzumen gehiago landu haiku batean, hainbat eta hobe», azaldu du.

Japoniar kulturako poema horiek ez dute istoriorik kontatzen, baina haiku bakoitzak badu anekdota bat gibelean. Gainera, irakurlearen parte hartze aktiboa beharrezkoa da: «Haikuak ez dira narratiboak, ez dira guztiz burutuak, eta irakurle bakoitzak bere aldetik osatu behar du», azaldu du idazleak. Norberak sentitutakoa indibiduala da sentitzeko momentuan, baina haikua irakurri edo aditzerakoan, besteei ere gogora etortzen zaizkio sentipen horiek izandako uneak.

Liburuan irudiak ere bildu ditu. Maite Ramos Fernandezek egin ditu tinta japoniarra erabiliz. Haikuen interpretazioak dira, haiga deiturikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.