Hemeretzi urterekin idatzi zuen Gabeziak (Kriselu) lehen poesia liburua, 1980an. Hogei urte geroago, Izen gabe, direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak (Pamiela) plazaratu ostean hasi omen zen pentsatzen ezingo zuela poesia gehiago idatzi Tere Irastortza (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961). «Poema laburrak, luzeak, denetarikoak idatziak nituen, amodioaz, haurdunaldiaz...». Baina hasi zen berriz. Eta ez edonola. «Asko idatzi dut geroztik ere». Ibilbideko hamargarren poema liburua du Mundua betetzen zenuten, iaz Pamielarekin kaleratua. Heriotzaz idatzi ostean, ba ote da beste ezertaz idazterik? «Ez dut ezetz esango, baina ez dakit».
Heriotzaren tragikotasuna alboratu nahi izan duzu poemategi honetan, baina izenburutik beretik igartzen da hutsune sentimenduaren larria.
Maite den pertsona bat hiltzen denean, tragikotasuna ekidinezina da. Heriotzaren espresioa gure gizartean eguneroko harremanetan ez da gauzatzen, praktikoki espresaezin geratzen da, baina beste alde batetik, espresatzen denean egiten da adabaki gehiegi jarriz. Komunikabideetan-eta alderik tragikoena, gogorrena azaltzen da beti. Heriotza ikuskizun bihurtzen da ikusgarri baino gehiago. Alde tragikoa ezin dut ekidin, baina ikuskizun bihurtzerik ez nuen nahi. Ikusgarri bihurtu bai, baina ez mina nirea delako, baizik eta humanoa dela iruditzen zaidalako. Ez nuen azaldu nahi minik handiena norena den, baizik eta gurea dela, baina patetismoan erori gabe.
«Jarraitzea ez baita nahiko, bizitzea ezinbesteko izan arren» diozu poema batean. Idatzi egiten duzu bizitza jarraitze hutsetik haragoko zerbait izan dadin?
Idaztea, niretzat, gauza garrantzizkoa da. Gaztetatik idatzi izan dut. Pentsamendu eta sormen momentu garrantzizko bat da, eta oreka bat ematen didana. Artea, edo edertasunaren bilaketa hori, gizakoia da. Gero erlijioek, utopiek, ideologiek pixka bat kendu diote transzendentzia zentzu hori, baina gizakiak berezkoa du liluratzea mendi eder baten aurrean adibidez, eta horrek ematen digu esperientzia bat, beharbada gero kendu izan diona gizarteak. Idaztea da bilatzea oreka bat edertasunean.
Idazteaz ari gara, baina poesia idaztea esan behar genuke zure kasuan?
Poesia irakurri eta idaztea niretzako da oso inportantea bilaketa horretan, baina besteren batek aurki lezake beste modu batera. Nire liburu honek badauka lotura zuzena Izendaezinaz liburuarekin ere, eta hura saiakera zen. Ez da poesia bakarrik, baina niretzat oso baliabide garrantzizkoa da...
Poesia genero gailena da zuretzat, ia literaturaz gaindikoa, zenbaitek dioen moduan, edo bestetzuek dioten bezala, enfatizazio hutserako genero txikiagoa?
Ez bat eta ez beste. Gazteagoa nintzenean, poesiaren aurkako joera bat sortu zen literatoen artean. Ipuingile asko sortu zen, eta bazirudien ipuinak gainditu egiten zuela poesiaren estadio bat, eta haren atzetik nobela zetorrela gainera. Niri, aldiz, antzerkia, poesia iruditzen zaizkit kontraesanen espresio sintetikoa. Betiere ezer sublimatu gabe. Poeta on bat izugarria da, eta nobelista on bat ere bai, zer esanik ez. Eta saiakera on bat ere bai. Kontua ez da generoa. Hainbat pertsonak gauza zoragarriak egin dituzte genero desberdinetan, eta beste batzuek egiten dugu ahal duguna.
Kontraesanik gabe ba al legoke poesiarik?
Badago literatura mota bat erantzunez betea, eta hor ez dago kontraesanik. Asko ekoizten den eta saltzen den literatura da; hasi saiakeratatik, tesi bat dutenak, nobelak, poesia ere bai... Gero, badago beste poesia bat eraldatzaile izan nahi duena, kontraesan horiei bizia eman eta salto bat harago joan nahi duena. Hori genero guztietan gerta liteke, eta hori da niri gustatzen zaidan literatura, galderak sortzen eta galderak beste modu batera planteatzen laguntzen duena... Normalean, erantzuna daukadanean ez zait interesatzen horretaz idaztea.
Heriotza ulertzen laguntzen dizu poesiak ala mina baretzen?
Dena. Heriotzaren galderak jende guztia harrapatzen du lehen edo beranduago. Ematen du aukera biziaren mugez jarduteko. Niretzat, garrantzitsua izan da beti Barandiaranek jasotako hura: «Ez gara geure baitakoak». Hori da euskal pentsamenduaren formula labur-labur bat, garrantzi handikoa. Heriotzaren eta jaiotzaren misteriorik gabe, galdera horrek erantzun hori ez zuen edukiko. Mina espresatzen ere lagun dezake noski, eta ez bakarrik espresatzen, baizik eta zure mina beste batzuenarekin alderatzen. Irakurri izan ditudanean beste idazle batzuk beraien heriotzaz edo besterenaz ari direnean oso garrantzizkoa izan da, beste ikuspegi bat izateko.
Izendaezina saiakera lanean ere erlijioa eta heriotza zenituen idazgai, baina ez ikuspuntu erlijioso batetik. Liburu honetan ere bada horretatik. Heriotzari nola begiratu tradizio erlijioso bortitza izan duen komunitate bateko kide izanik, eta tradizio hori apaltzen doalarik. Hori da galdera?
Ez, galdera da heriotza zenbateraino den muga gaindiezin bat. Natura ez da teknologia. Teknologikoki, ate bat ireki eta ixten duzu. Hasiera bat eta bukaera bat dago. Baina bizitzaren errealitatean ez dakit zer nintzen jaio aurretik, banintzen ere, ezereza zerbait den, ez dakit. Baina naturari begira, iruditzen zait mina daukazunean lasaitasunerako puntuak ere badauzkazula, ideologia bihurtu gabe. Erlijioaren erantzunek ez gaituzte elikatzen, baina agian galderek bai. Ikusi behar da ideologia eta erlijioen azpian zer giza sentipen dauden, eta horiek inportanteak eta unibertsalak direla, erantzunak baino askoz ere unibertsalagoak. Natura dugu hor, eta nire poemetan badago saiakera bat gorputzetik idaztekoa, behatz puntak ageri dira, heste estuak...
Zerua hitza asko azaltzen da liburuan. Lotuago dago naturari erlijiotasunari baino?
Bai; bestela, infernua ere azalduko litzateke. Zerua, lurra, itsasoa dira naturaren estadioak. Pertsona abailduta dagoenean, bere baitara bildua egoten da, eta behera begiratzen du. Baina gora begiratu eta arnasa har dezakezu. Gure gainean mundu bat iritsiezina suma liteke, baina era berean hortxe dago, zeruan bizi gara. Ez dauka zentzu erlijioso bat, da begirada bat dagoen guztiari, behar fisikoa da, ez ideologikoa.
Askotan aitortu izan zaizu kontzeptu potolo horiek (heriotza, bizitza, maitasuna...) egunerokotasunera ekartzeko abilezia. Baina bada abstrakziorako joera ere liburuan...
Nik uste dut plano bakarra dela dena. Ez dut uste filosofia egiten dudanik. Filosofiak asko dauka analogikoki galdera bati erantzuna emateko beharraz. Ni hizkuntzatik abiatzen naiz. Dena euskarazko hitza itzulezina da gaztelaniaz. Dena ez da todo. Dena da lo que es. Beraz, ez dena ere bere baitan da: dena, osoa, osatu, erditu... euskarak badu filosofia bat atzetik. Balitz japoniar edo txinatarra, buru-belarri aztertuko genuke. Gurea nola den iruditzen zaigu hori esaten duena ezjakina dela, harroputza... Gure kulturaren erreibindikazio bat egiten dut hizkuntzatik abiatuta. Ez dut jolas egiten hitzekin, jokoan jartzen ditut hitz horiek. Hitzak jokoan jartzean, ideia berriak sortzen dira. Ez da filosofia egitea, da gure hizkuntzarekin pentsatzea, ikasitakoaren aurreiritzirik gabe. Gure hizkuntzaren baliabideak dira. Emakumeek batez ere, baita gizonezkoek ere, baina emakumeek batez ere, transmititu dute ondare hori ahozkotasunez, eta garaia da idazleok ere horri belarria jartzeko. Hori ez da nazionalismoa, da zure kultura maitatzea.
Hitzen hautaketak zer-nolako buruko minak eragiten dizkizu?
Normalean batere ez, ateratzen dira. Esango nuke nire hiztegia oso sinplea dela.
Baina hitz bakoitza zehatz aukeratua da.
Erritmoak eta esaldien hurrenkerak bai ematen didatela zer pentsatua, baina ez hitz beraren hautaketak. Nire hiztegia oso arrunta da, baina esango nuke ahozkotasuna ez dela behar bezala iristen literaturara, eta komunikabideetako hizkuntza hainbeste estandarizatu da... baina ahozko hizkuntza jasotzearena poesiak edo literaturak oso ondo egin dezake, baina ez du oraindik horren kontzientziarik. Egile batzuek bai; Itxaro Bordak badu horren kontzientzia argia adibidez. Batzuek badute, baina ez da askotan gertatzen.
Rilke, Tsvietaieva eta besteren aipamena ageri da liburuan. Lizardi-Gandiaga-Leteren soka ere nabari da lerro artean, edo asko esatea da?
Irakurriditut hirurak, baina ez dut uste liburu honetarako bereziki eragin didatenik. Euskal poesia asko maite dut. Lizardirekin afinidade batzuk bai nabaritzen ditut, esaterako kontzeptuan, baina ez formarekin eta ezta gaien trataerarekin ere. Lizardik ematen duen Bihotz-begietan kontzeptuarekin, horrekin geratzen naiz. Gizakia naturaren barruan jasotzen duena, ez natura begiratzen duena. Beraien formak ez zaizkit hainbeste interesatzen. Gandiagaren Elorri eta Hiru gizon bakarka iruditzen zaizkit oso liburu onak, eta bere azken poema liburuetako erritmoa ere oso ona da. Asko apreziatzen dut. Lete kantaria entzuten nuen, poeta ez zait hainbeste iritsi.
Garaikidetasunaz gaindi egin nahi duzu poesia?
Hor bada Tsvietaievaren esaldi bat oso polita: garaikidea da bere denbora sortzen duena. Garaikidea ez da bizi duzun garaian puri-purian dauden gaiak erreproduzitzea. Hori egin zuen dadaismoak edo Marinettik edo Lizardik berak, eta nik ere igual egin dezaket, baina ez dut orain helburutzat Internet, SMSak sartzea gure literaturan. Niretzako garaikidea da guk bizi dugun garaian sumatzen ditugun galderei bide bat ematea. Sentipenak ez daude modan. Asko hitz egiten da adimen emozionalaz, baina denok gara besteen egoeren profesional. Denok bihurtu gara besteen psikologo, baina norberak dauzkan korapilo eta kezkak ezkutatu egiten ditugula iruditzen zait.
Belaunaldi berrietako euskal poeten estiloarekin zerikusi gutxi du zureak.
Iruditzen zait azken urteetan badagoela literatura faktura on bat; poemak ondo hasten dira eta ondo bukatzen dira. Liburuak ondo eramanda daude hasieratik bukaerara. Izan daitezke zazpi edo zortzi egile. Poemak oso ondo eginak daude, baina oso berdinak iruditzen zaizkit, eta da dagoelako soilik momentuko sentipen baten espresioa. Iruditzen zait egun poesia dela argazki kamera digitalaren modukoa. Mila argazki ateratzen dute bi segundoan, eta ez dute hartzen bi segundo objektiboari begira jartzeko. Batzuetan poesia bihurtzen da errazkeria bat. Artea edo edertasuna bilatu nahi duenak behar du geratzeko denbora bat, ez produzitzeko denbora bat. Ekoizpen aldi bat badago egun, eta ez da txarra egiten den poesia, baina falta zaio humanidadea, jakitea ez garela geure baitakoak.
Poesia ez darabilzu gizartea eraldatzeko mailu modura, ezta jolaserako hitz tresna modura ere. Behar fisiko bat da?
Nik uste dut gizartea eraldatzeko idazten dudala. Beharbada, poesiarekin ezin ditut produkzio harremanak eraldatu, hori baldin bada gizarte eraldatzea. Zentzu horretan ez, ez da nirea poesia soziala, baina nik egiten dudan hautua bada eraldatzekoasmoduna: adibidez, hitanoa emakumezkoentzako erabiliz, amatasunaren inguruan idatziz... egiten dudan hautua kontzientea da, zer argitaratu eta zer ez. Eta egiazkoa dela iruditzen zait. Eraldatzeaz hitz egiten dudanean gogora datorkit Gandiagaren «antzinako gizon bat naiz» hura: generoaren historiari erreparatuz, igual ipuinak, mitologiak, poesiak, gizakiok garenaren lekukotasuna gordetzen dute. Eta, aldiz,nobelek nortasun pertsonalaren ezaugarri batzuk emango dituzte. Nik, nire iritzian, poesiarekin heltzen diot garenari, eta hori ez da hainbeste egiten, beraz bada eraldatzailea. Eraldatzea izan liteke hazi bat aldatzea, eta horma bat botatzea ere bai. Nik igual hazi bat aldatzen dut, edo nahi nuke behintzat, edo hori bilatzen dut, ereitea.
Zure poesian ironiak tarte gutxi daukala esan izan dute kritikariek. Egun egiten da ironiaren aldarria.
Ironia nork bere buruarekin egitea zoragarria da. Zeure buruaren isla zoragarria egiten du ironiak, baina nik euskal letretan ezagutu dudan ironia bestearekikoa da. Eta normalean, gainera, ironia erabiltzen duenak bestearen gainetik azaldu nahi izaten du. Nik ez dut inoren gainetik egon nahi, baina ez dut jasaten inork pentsatzea nire gainetik jar daitekeenik. Gauza krudelak esateari deitzen zaio ironia gure garaiotan. Ni gehiago naiz gauzak sortzearen aldekoa. Bizitzan tokatzen zaizu gauza askoren kontra egotea, baina bizi zerbaiten alde bizi behar da. Zerbaiten kontra etengabe aritzea frustrantea da, sarri inora ez doan bidea. Nire poesiaren eboluzioan amodioa da indarrik handiena daukana. Hor bat egiten dut Joxe Azurmendirekin amodioak babesten gaituela eta ez egoismoak. Oso identifikatua sentitzen naiz horrekin.
Zure poemetan, egotekotan,umore leun bat dago, gertutasunezkoa.
Badakit ironia erabiltzen, harremanetan eta neure buruarekin. Baina gure artean eta literaturan erabili den ironia gehienetan da koldarkeria. Eta, gainera, sexu maskulinoan egin dena batik-bat, eta, gainera, bere burua besteena baino garrantzizkoagotzat dutenek egina. Hori da nik ikusi dudana.
Irakaskuntzan zabiltza, baita idazle Eskolan ere urte luzez. Poesia irakats liteke?
Nik irakasten dut, eta Idazle Eskolatik poeta onak ateratzen direla uste dut. Poesia ez da irakasten ia inon. Jendeak iritzi asko dauzka poesiari buruz batere poesiarik irakurri gabe. Poesia maite duen jende gehienak maite du, aurrena poesia idatzi duelako eta ez poesia irakurri duelako. Besteen poesia irakurriz eta gustatzen zaiguna zergatik gustatzen zaigun azalduz, eta gustatzen ez zaiguna zergatik ez zaigun gustatzen berdin, horrela norberak idazten duena aztertzeko bide batzuk eman daitezke. Nik uste dut poesia irakasteko, lehenik irakatsi behar dela denbora hartzen; horren kontzientzia bat behar da.
Haurrek badute begirada poetikorik?
Mendebaldeko hezkuntza sistema, unibertsitate mundua, orokorrean oinarritu da herri kulturaren ahanzturan. Hura ahantzi, denigratu, indarra kendu... eta,beharbada, arte irakaskuntzak egin behar duena da hori gogorarazi eta ez hainbeste ohiko kanaletatik etorri dena irakatsi, nahiz eta hori ere beharrezkoa den; irakatsi behar da hori ez dela eredu bakarra, aukeretako bat dela. Ikasleen intuizioa ez dugu ahaztu behar, eta etxean kontatzen dietena eta aitona-amonengandik jasotakoa, ahozkotasuna, kultura humanoa... denbora ez-produktiboaren defentsa da hezkuntza eraldatzaile bihur dezakeena.
Tere Irastortza. Idazlea
«Sentipenak ez daude modan»
Heriotza idazgai, heriotza bizigai. Eta poesia arnasgai, izateari erabat itsatsia. 'Mundua betetzen zenuten' poema liburuarekin berriro heldu dio gai eternalari, hura ulertzeko, gorpuzteko, bere eta geure egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu