Mikel Laboa Katedraren zuzendaria

Amaia Elizalde Estenaga: «Sentipena dugu indar berezia egin behar dugula transmisioan»

EHUk orain hamar urte aurkeztu zuen Mikel Laboa Katedra, kantariaren eta, oro har, euskal adierazpen artistikoen inguruko ikerketa eta sormena sustatzeko. Anbiziotsu dabil zeregin horretan.

(ID_13441552) Amaia Elizalde Estenaga, Mikel Laboa Katedraren zuzendaria.
Amaia Elizalde, Mikel Laboa katedraren zuzendaria, Donostian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko abenduaren 24a
05:40
Entzun

Enbor beretik adaxka gehiago sor daitezen du helburu Mikel Laboa Katedrak. Baita enbor hori, eta baita sustraiak ere, ikusgarriago egitea ere apurka. Aurten dira hamar urte katedra bideari lotu zitzaiola, eta, hain justu, urte hasieratik da Amaia Elizalde Estenaga (Donostia, 1988) zuzendari. Aldez aurretik, Juan Kruz Igerabide eta Jone Miren Hernandez izan ziren katedraren gidari.

Ikusi gehiago

Orain arte, zer neurritan izan da emankorra hamarkada hau?

Oso emankorra izan da. Garrantzitsua da euskal gaien eta euskal kulturaren inguruko sorkuntzak eta ikerkuntzak unibertsitatean bultzada bat izatea. Humanitateez eta arteaz ari gara, ez dira erabat ahaztuak, baina ez dira izaten arlo zentralak, batere. Beraz, horri arnasa emango dion horrelako ekimen bat, katedra bat, berez da lagungarria. Gainera, batzuetan pentsa daiteke dagoeneko ez dela beharrezkoa instituzioek Laboaren figurari eta Ez Dok Amairuri buruzkoak hauspotzea, egungo artistek berez dituztelako oso presente, baina ez artistek ez ikerlariek beti ez dauzkate premiazko baliabideak eta azpiegiturak. Beti ez da izaten halako ekimenetarako oxigenorik, eta katedrak eman du arnasa.

Lehentasunak igualak dira lehen eta orain?

Katedraren ardatza edo xedea berbera da. Esango nuke, hori bai, beharbada ikuspuntu ezberdinak izan direla garaiaren arabera. Adibidez, hasieran sortzen zirenak gehiago ziren unibertsitatetik kanpo emateko ikuskizunak, liburuak, diskoak eta bestelako kultur produktuak. Halere, inoiz ez da alderdi bat edo beste bazter utzi. Orain, baina, transmisioak kezkatzen gaitu gehien.

«Ez artistek ez ikerlariek beti ez dauzkate premiazko baliabideak eta azpiegiturak. Beti ez da izaten oxigenorik, eta katedrak eman du arnasa hori».

AMAIA ELIZALDE ESTENAGAMikel Laboa Katedrako zuzendaria
Zergatik?

Produktu kulturalak badirelako, eta oraindik ere sortzen direlako gehiago, eta Laboaren erreferentzialtasuna eztabaidaezina delako euskal kulturan, baina, ordea, ez dakigulako zenbateraino lortzen dugun produktu horiek gazteengana iristea edo, are gehiago, haurrengana ere heltzea. Sentipena dugu horretan indar berezia egin behar dugula. Horregatik, martxan jarri dugu, besteak beste, Igoa proiektua, irakaslegaien ohartze eta ahalduntze soziolinguistikoa bultzatzeko.

Zein da proiektuaren xedea?

Rosa Ramos soziolinguistika aplikatuko aholkulariarekin ari gara lanean, eta, orain arte, ondorioztatu dugu gure ikasleak ez direla aski kontziente euskararen transmisioarekiko daukaten balio biderkatzaileaz, besteak beste. Gure helburua da horretan eragitea: eragitea haien hizkuntza ideologian, eta, aldi berean, esku hartzea euskal kulturari buruz duten ezagutzan. Ze batzuk jakinda datoz, baina beste batzuk ez. Eta, eman dezagun, Ez Dok Amairuri buruzko ezagutza zabaldu nahi bada, irakasleek bultzatuta izan beharko du.

Tesi mordoa babestu du katedrak urteotan.

Bai, egin direnak eta bidean daudenak: adibidez, Inge Mendioroz Lourdes Iriondori buruzko lan bat zuzentzen ari da egun. Denak dira oso interesgarriak eta beharrezkoak. Ez dakidana da oro har asmatzen ote dugun tesi horiek guztiek lortzen duten informazioa gerora dibulgatzen. Baina, tira, batzuetan behar da pausa bat egin; pentsatzeko, eta ekiteko. Asmatuko dugu gizarteratzen, ez daitezen izan emaitza hermetikoegiak. Eta hori egitea ere balitzateke Ez Dok Amairuren filosofiarekin bat egitea. Mendiorozena dokumental bat da, eta hori bada adibide on bat.

Zergatik da hain agorrezina Laboaren unibertsoa?

Gauza askorengatik. Erabili zuten adierazpideagatik ere bai, musika erabili zutelako. Garai hartan, poesia soilik idatzita eman balute, jende gutxirengana iritsiko zen.

Baina hitza zen nagusi.

Esan ohi da pintura eta eskultura direla esportatzeko arterik errazenak —ez diotelako soilik balio hizkuntza ezagutzen duenari—, eta hizkuntza erabiltzen duenak mugak dituela. Lehengoan Harkaitz Canori entzun nion esaten Laboak eta ingurukoek hizkuntza ere deseraiki zutela. Ikimilikiliklik horren esanahia guk ere ez dakigu zein den zehazki, baina transmititzen digu zerbait, eta transmitituko dio 1960ko hamarkadako bati, eta  berdin gazte bati. Artea egin zuten, eta arteak orain eta hemen balio du, beste toki eta garai batean ere balio duen adina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.