Ramon Saizarbitoria «jeinu handi bat» da, Markos Zapiainen ustez. «Grezian eta Erroman jeinuei eransten zitzaizkien ezaugarriak dauzka: saturnotarra da, bere buruaren aurka idazten du, ez zaio asko gustatzen bere burua, eta ezinegon horrek eramaten du sortzera». Saizarbitoriaren nobelak, ondorioz, «bere mamuen transfigurazio estetikoak» dira. «Saizarbitoria euskara salbatzeko hasi zen idazten, eta aspaldi honetan terapia moduan idazten du». Saizarbitoriaren obraren azterketan oinarrituta iritsi da ondorio horietara Markos Zapiain (Irun, Gipuzkoa, 1963), Saizarbitoria eta iragana saiakeraren egilea (Susa).
«Saizarbitoriaren nobeletako protagonistei beti datorkie iragana oraingo gozamen posiblea izorratzera», Zapiainen ustez. Iragan hori ez da, gainera, soilik iragan pertsonala; askoz ere eremu zabalagoa bereganatzen du: «Aita eta ama, euskaldun izatea, ETA, Gerra Zibila; eta baita gizaki izatea bera ere, eta animalia izatea bera...». Heziketa kristau gogorrak arrastoa utzi du Saizarbitoriarengan, eta haren «pesimismo antropologikoa» oso gogorra da. San Agustinenaren antzekoa, baina hark Jainkoarengan aurkitzen zuen kontsolamendurik gabea: «San Agustinen ustez, gizakiak gaizki jokatzen badu, bere erruz da, eta ondo jokatzen badu, Jainkoari esker. Saizarbitoriarenean, gizakiak bere erruz jokatzen du gaizki, eta ez dago Jainkorik».
«Heriotzaren beldurra» da Saizarbitoriaren obran behin eta berriz agertzen den gaietakobat. «Saizarbitoriaren ustez, gizakia animaliengandik bereizten duena heriotzaren kontzientzia da». Errua da —iraganetik etorria hori ere, heriotza bezala— «Saizarbitoriak maisuki aztertzen duen sentimenduen azpi-mundu oinazetsuaren beste zati bat». Saizarbitoriak hiru eratako gizakiak bereizten ditu: «Lehenik, gizaki gaiztoak daude, psikopatak, errudun izan arren errurik sentitzen ez dutenak; gero daude errudunak direnak eta errua bere gain hartu eta txarto pasatzen dutenak; eta, azkenik, gizaki petoak daude, kulparik izan ez arren errudun sentitzen direnak, neurotikoak».
Azken horiek, neurotikoak, iraganaren mamuek sentiarazten dituzte errudun, «askotan aitarengandik eta amarengandik datozkienak». Adibidez, Saizarbitoriaren protagonistek askotan entzun dute txikitan «Hau izango da gure gudaria!» eta halako esaldiak. Protagonista horiek, ordea, sentituko dute ez direla gai, ez direla iristen haiengandik espero zuten mailara. Horrek errudun sentimendu bat dakarkie.
«[Sigmund] Freud erabiltzen du Saizarbitoriak kontu honetan», Zapiainen ustez, «eta askotan bat datoz biak: haurtzaroko trauma batek erabakiko du gure helduaro osoa; bikote heterosexualetan, normalean gurasoen arteko beste sexukoaren isla bilatzen du gizakiak; himena hautsi dionarekin baino hobeto konponduko da neska hurrengo bikotekidearekin. Kontu horietan ados daude Freud eta Saizarbitoria. Baina Freudek dio zuk badakizunean zure sintoma neurotikoak nondik datozkizun, jatorria ezagutzen duzunean, sintomak desagertu eta sendatu egiten zarela; Saizarbitoriarentzat, ez. Martutene nobelan, Martin idazle neurotikoak, arrebaren bitartez, badaki zein den bere neurosiaren jatorria, baina berdin-berdin jarraitzen du bere neurosiarekin».
Jelosiarako joera da Saizarbitoriaren obretako protagonisten beste ezaugarri nagusietako bat. «Saizarbitoriarentzat, maitasunaren egia jelosia da. Protagonistak maitea bere sentitzen duelarik, abandonatu egiten du afektiboki, ez dio jaramonik egiten. Baina sumatzen badu hirugarren bat erakartzeko gai dela, sua berpiztuko zaio, eta amorruz amodioa egingo dio behin eta berriz maiteari, hirugarrena alboan balute bezala. Protagonistak ez daki hirugarren sarkinik gabe maitatzen».
Nolanahi ere, Saizarbitoriaren obra heteropatriarkaltzat eta falozentristatzat jotzeak ez du zentzurik, Zapiainen ustez. «Gizon bat da, eta heterosexuala. Baina 60ko hamarraldian abortatzeko eskubidearen aldeko nobela bat idatzi zuen idazlea —eta gaur egun idazten dituenak idazten dituena— feminista erradikal bat dela uste dut, gizon heterosexuala izan arren. Ez du mitinik ematen bere nobeletan. Baina badirudi gaur egun kritikari batzuek behar dutela norbaitek esatea nobelaren barruan: 'Hau da ona eta hau gaiztoa'».
Protagonista ez direnak
Protagonista ez diren pertsonaiak dira, Saizarbitoriarenean, «iragana bere tokian jartzen» ondoen asmatzen dutenak, iraganak oraina izorra ez diezaien lortzen dutenak. Martutene nobelako Lynn da horietako bat: «patu ankerraren onarpen lasaia» ez ezik, «errudun sentitzen direnen errugabetze aktiboa» ere praktikatzen du.
Saizarbitoriaren lanak irakurtzean idazketa bultzatu duen «frekuentzia sentimentalean» izatea komeni dela uste du Zapiainek. «Orduan, haren azpi-mundu horretara jaitsi ahal zara, berak aurre egin baitio horri bere obran. Guk, normalean, ez diogu azpi-mundu horri kasurik egiten. Deserosoa da. Baina Saizarbitoriaren obraren bitartez sar zaitezke zuk baztertua zenuen azpi-mundu horretan, eta obra irakurri eta gero onik irteten zara, sendatuta, dolu prozesu antzeko bat igarota bezala».
«Sentimenduen azpi-mundu oinazetsura» jaisteko aukera
Ramon Saizarbitoriaren obra aztertu du Markos Zapiainek 'Saizarbitoria eta iragana' saiakeran.Idazlea «jeinu handi bat» dela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu