Taldearen barne mundua kanporatu du Gaur Ez Nafarroako taldeak bere lehenengo diskoan. «Gai existentzialak, hausnarketak, eta esperientzia pertsonalak jorratu ditugu. Kritika soziala ere egin nahi izan dugu abestien bidez», esan du Xabier Unanua baxu jotzaileak. Abesti gogorrak doinu melodikoekin nahasturik jaso dituzte Gor diskoetxearekin ateratako lanean. «Horrekin jolastu dugu, une gogorrak eta lasaiak daude abestietan. Aldi berean, ahots leunak eta oihu sendoak tartekatu ditugu», aipatu du Unanuak. Aniztasuna izan da diskoaren ardatza. «Taldekide bakoitzak musika gustu desberdinak ditu, eta bakoitzaren ukitua antzematen da diskoan».
Hamar abestik eta bideoklip batek osatzen dute diskoa. «Lau abesti bagenituen, gainerakoak berriak dira», azaldu du Unanuak. Durangoko Azokan aurkeztu zuten diskoa, eta «pozik» agertu dira. Berezia izan zen Ahotsenean emandako kontzertua. «Agertoki paregabea, teknikari jatorrak eta jende ugari bildu zen». Eta oraindik goiz bada ere, harrera ona izan du diskoak. «Hasiberriak garen heinean, harrera xumea izan da, baina ezin gara kexatu; jendeari gustatu zaio», nabarmendu du Unanuak .
Egun, Idoia Arraiza (gitarra), Alfredo Jimenez (gitarra), Julen Gil (bateria eta oihuak) Xabi Unanua (baxua) eta Jule Goñi (ahotsa) dira Gaur Ez. Unanua Irurtzungoa da, Goñi Erasokoa eta gainerakoak Iruñekoak dira.
2005. urtean hasi zuen bere ibilbidea taldeak. Garai horretan, Jimenez eta Unanua ziren taldekideak. Maketa bat grabatu zuten,eta herriz herri ibili ziren kontzertuak ematen. 2010ean, taldeak aldaketak izan zituen. «Bi lagun taldetik joan ziren, eta Jule eta Julen sartu ziren haien ordez; diskoa azken bi urte hauetako lanaren ondorioa izan da».
Posthardcorearen eragina
Euskal Herriko talde askoren eragina izan dute. «Su Ta Gar, Berri Txarrak, Zea Mays... eta oraingo talde berriak gertutik jarraitzen ditugu». Baina atzerriko taldeak ere izan dituzte inspirazio iturri. «Funeral For a Friend Biffy Clyro eta Circa Survive, adibidez. Post-hardcorearen eragina sumatzen da diskoan», adierazi du baxu jotzaileak. 80ko hamarkadako rocka entzutea gustatzen zaio berari.
Horregatik, taldea «oso heterogeneoa» da. «Bai adin aldetik, bai gustuko dugun musika aldetik eta ideologikoki ere», dio Unanuak. «Mazedonia» bat bezalakoa da taldea Unanuarentzat, baina oso ongi funtzionatzen duen mazedonia. «Abestiak konposatzerako orduan, entseguetan eta kontzertuetan oso ongi moldatzen gara».
Goñiren ahotsa da taldearen berezitasun bat. «Garrantzitsua iruditzen zaigu emakume musikari erreferenteak sortzea eta bultzatzea ere», esan du Unanuak. Bat egiten dute Emarock proiektuarekin — emakume musikariei protagonismoa eman nahi dien proiektua—. Hitzak eta musika taldeak berak sortu ditu. «Garrantzitsua iruditzen zaigu euskaraz izatea, erabaki kontzientea izan da».
Sendo bezain leun
Nafarroako Gaur Ez taldeak lehen diskoa kaleratu du, «abesti gogorrak eta lasaiak» tartekatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu