Literatura

Semeek hiltzen dutenean

ETAk 1974an Madrilgo Rolando kafetegian jarritako bonba izan zuen abiapuntu Gabriel Aresti idazleak 'Josepa Mendizabal Zaldibian' poema ezaguna idazteko.

Gabriel Aresti idazlea (1933-1975). BERRIA
Gabriel Aresti idazlea (1933-1975). BERRIA
Inigo Astiz
2024ko abuztuaren 11
05:30
Entzun

«Etarren amek/ asko sufritzen dute,/ semeak hiltzen dizkietenean/ eta batez ere/ semeek hiltzen dutenean». Josepa Mendizabal Zaldibian poemaren eskuizkribuak garden erakusten du Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) azken unean bakarrik gehitu ziola testuari behin betiko korapilo morala ematen dion lau lerroko ahapaldia. Orri koadrikulatuaren ezkerreko ertzean, gainerako poemaren zatiak baino letra txikiagoz eta behetik gora idatzi zituen esaldiak, poeman hartu behar luketen lekua gezitxo batekin markatuz. Datarik gabe dator orria, baina poema «Eako Goikalean» idatzi zuela zehaztu zuen poetak justu sinaduraren gainean, eta horregatik dio Karmelo Landa ikerlariak poema 1974an idatzitakoa dela. Urte hura osorik eman zuelako han idazleak, bai eta 1975aren parte bat ere, udazken partera gaixotasunak Bilbora joatera behartu zuen arte. Eta, beraz, garaia eta poemaren gaia ezaguturik, poemak inspirazio iturri duen gertakaria ere identifika daitekeela azaldu dio BERRIAri: ETAk sasoi hartan Madrilgo Rolando kafetegian egindako atentatuak eraman zuen Aresti poema hori idaztera. Hamahiru pertsona hil zituzten leherketarekin —haietako hamabi zibilak—, eta ezerosotasun handia eragin zuen baita taldearen ordura arteko ekintzak babesten zituztenen artean ere. Mugarri izan zen gertakaria. Eta Landak dioenez, Arestiren koadernoraino heldu zen inarrosaldi haren oihartzuna.

Arestiri buruzko aditu nagusietako bat da Landa. Berak gidatuta bildu, antolatu eta argitaratu zituen Susa argitaletxeak idazlearen poemak, antzerki lanak, itzulpenak, hitzaldiak eta lan argitaragabeak batzen dituen hamar liburukiko bilduma ere. Urteak daramatza haren lana aldarrikatzen eta zabaltzen, eta Bilbon egin dituen Arestiri eskainitako ehunka ibilaldiak dira horren froga, bai eta ibilaldi horien nondik norakoak biltzen dituen Bilbon dabil Gabriel Aresti liburua ere (2021, Erroa). Eta berak eman dio BERRIAri Arestiren poemaren eta Rolando kafetegiko atentatuaren arteko loturaren berri.

Arestiren azken poema sortaren parte da Josepa Mendizabal Zaldibidan. Ean (Bizkaia) urtebete pasa hura eman eta okerrera egin zuen Arestiren osasun egoerak, eta 1975eko ekainaren 5ean hil zen, 41 urterekin, Bilboko ospitalean. Harri eta Herri,Harrizko herri hau eta Euskal Harria poema liburuek osatzen zuten haren literatur lan nagusia, eta hura hil ostean bakarrik eman zen argitara Josepa Mendizabal Zaldibian poema, besteak beste, Imanol Lartzabal kantariak Jo ezan diskorako musikatuko zuena lehenik (1981, IZ), eta Joan Etorrian diskorako ere bai ondoren (1987, Elkar). Eta, neurri batean, musikariak emandako zabalpen horri esker egin zen ezagun. Eta, gerora ere, maiz errepikatu da Arestiren testua euskal gatazkari buruzko hamaika iritzi artikulutan ere. Orain arte, ordea, ez da sekula esplizituki aipatu iturri izan zuen atentatuarekiko lotura.

Baina erreferentziak kokatu egiten du poema.

Imanol Larzabal musikariak musikatutako poemaren bertsioa.

Emilio Lopez Adanek, esaterako, 11 orri eskaintzen dizkio Madrilgo atentatuari Maiatz argitaletxeak argitaratutako Borroka armatua Euskadin izeneko hiru tomoko lanean. Zehatz kontatzen ditu bertan atentatuaren nondik norakoak, eta xehe datoz eraso hark ETA barruan eragin zituen eztabaidak ere.

Egiletzaren eztabaida

1974ko irailaren 13an, 14:35ean leherrarazi zuen ETAk Madrilgo Rolando kafetegian jarritako bonba —hamabost kilo dinamita inguru eta metraila—, inongo abisurik eman gabe, eta hamahiru lagun hil ez ezik, 70 lagun baino gehiago zauritu ere egin zituela gogoratzen du Lopez Adanek hasteko. Eta aipatu duenez, 2018an bakarrik hartu zuen talde armatuak haren ardura bere gain. Bere azken komunikatuan, alegia.

Lopez Adanek zehaztu duenez, Madrilgo Correos kalean zegoen Rolando kafetegia, justu Segurtasun Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, eta, neurri handi batean, kokapen horrek azaltzen du zergatik hautatu zuen ETAk bonba bertan jartzea. Lopez Adanen bildutako datuen arabera, badirudi kafetegia poliziaz eta estatu frankistako goi kargudunez beteta egongo zela uste zutela atentatu egileek. Baina ez zen hala.

Leherketatik bi egunera zabaldu zuen ETAk bere lehen komunikatua. Ez zuen bere gain hartu ekintza. Taberna «konexio zentro garrantzitsua» zela aipatu zuen, halere. Eta, Lopez Adanek deskribatu bezala, «nahasgarria» da testuaren ondorioa, eta, nolabait ere, Arestik bere poeman planteatzen duen etorkizun baten etorreraren atarian kokatzen du erasoa. «Dena ez da perfektua eta garbia borrokaldian. Iraultzak ere ekintza gogorrak eta tragikoak baditu. Madrilgo eztanda, arduraduna edozein dela ere, etorkizun baten atarikoa da agian, eta epe ez oso urrunean antzeko arazoei ekin beharko genieke. Askatasuna oso altu kotizatzen da: ez dezagun inoiz ahaztu».

Urriaren 29an heldu zen bigarren komunikatua. «ETAk argi eta garbi ukatzen du Rolando kafetegiko atentatua prestatzeko edo gauzatzeko erantzukizuna». Eta, kasu horretan, «ultra-faxistei» egozten die hilketen ardura. Lopez Adanek liburuan iradokia duenez, ordea, erakundearen barneko eztabaida bizien ondoren zabaldu zuten testu hori. Ikerlariak aipatzen duen hipotesiaren arabera, badirudi mili deitutako adarrekoak ekintza erreibindikatzearen alde zeudela, eta, aldiz, polimiliek kontrako iritzia zutela, atentatuak erakundeari eragin ziezaiokeen kalteagatik.

Estatuak ere berehala erantzun zuen, eta, besteak beste, Madrilgo ezker mugimenduko hainbat kideren aurka egin zuen poliziak, Eva Forest idazlearen kontra tartean. Atxilotu eta torturatu egin zituzten.

ATENTATUAREN URTEURRENA

Informazio okerra jaso zutela ziurtzat du Lopez Adanek. Egin beharreko egiaztapenek ere huts egin zuten. Baina Rolandokoa zor kitatze moduko bat ere izan zitekeela aipatzen du liburuan. Hipotesi modura, betiere. Haren arabera, Madrilgo militanteek 1973an Carrero Blanco Espainiako Kontseiluko Presidentea hiltzeko ETAri eskainitako laguntza egon daiteke guztiaren oinarrian. Eta, Lopez Adanen hipotesiaren arabera, «Carrerorena kitatzeko» onartuko zukeelako ETAk Rolandoko atentatua. «Madrilgo laguntzaile batek edo batzuek bultzatu zuten, hain segur, DGSen kontrako operazioa. Hara ziren beren kideak eramanak eta torturatuak, han zen errepresioaren sinbolo handia».

Atzealde horrekin guztiarekin ari da Aresti bere koadernoan.

'Josepa Mendizabal Zaldibian' poemaren eskuizkribua. BERRIA
Gabriel Arestiren 'Josepa Mendizabal Zaldibian' poemaren eskuizkribua. BERRIA

Zirriborratutako hainbat parte ere baditu poemaren eskuizkribuak. Haietako gehienak deszifratu ditu Landak, eta poema amaierakoa da esanguratsuena. Koadernoan ikus daitekeenez, idazleak ezabatu egin baitzituen uneren batean poema amaitzeko moduan ikusi zituen lau lerroak. Beste hainbat poematan egin izan zuen bezala, Arestik bere burua sartzen zuen poeman haien bidez. «Etarren ama urrikariak/ dolorez baitira mintzen/ poeta honi bihotz guztiak/ zaizkio bada urdintzen». Baina beste uneren batean ezetz erabaki, eta, orduan gehitu zion tituluraino igotzen amaitu zuen erreferentzia. «Josepa Mendizabal Zaldibian/ asko penatzen da...».

Autore ezinezko bat

Josepa Mendizabal, beraz, eta Zaldibian (Gipuzkoa).

Eta, Landak argudiatu duenez, Rolandoko atentatuarekin lotzen dute poema bi datu horiek. ETAk bonba leherrarazi eta hurrengo egunetan Juan Manuel Galarraga zaldibiarra aipatu zutelako egunkariek egiletzat. Milioi bat pezeta ere eskaini zituen gobernuak hari buruzko informazio truke. Baina Galarragak urteak zeramatzan Frantzian erbesteratuta ordurako, eta prentsan haren izena bolo-bolo zebilela jakin bezain laster, bere kabuz jo zuen bizitoki zuen herriko polizia etxera, jendarmeek bera han zegoela ziurtatu ahal izan zezaten, eta atentatu hartan inolako parte hartzerik ez zuela izan frogatzeko. «Erratu egiten dira edo nahita egin zuten, baina leku guztietan azaldu zen», gogoratu du Landak.

Galarragak Radio Bilbaora egindako deiaren berri ere jaso zuen garaiko prentsak. «Albistearen berri izan nuenean bizitoki dudan departamenduko frantziar komisariara joan nintzen, eta lekukoen laguntzarekin Madrilen inolako ekintzarik egitea ezinezkoa zitzaidala ziurtatzen duen dokumentua sinatu nuen, 2.000 kilometroko distantziara nengoelako».

Edonola ere, Landaren hitzetan, Arestik ere ikusiko zuen haren izena periodikoetan, eta, pertsonalki ezagutu ez arren, horregatik amaitu zuten Galarragaren amaren izen-abizenek poemaren tituluan. Besteak beste, poliziak haren gurasoen izenak ere aipatu zituelako, hari buruzko informazioaren truke milioi bat pezeta eskaintzeko egindako prentsaurrekoan. Hor aipatzen ziren, adibidez, aitaren izena: Ignacio Galarraga; bai eta amarena ere: Josepa Mendizabal.

ETAko kideen amak eta haien sufrimendua dira Arestiren poemaren muina, eta esplizituki aipatzen dira, semeen heriotzak ez ezik, baita semeek eragindako heriotzak ere. Hain justu, poemak aurkezten duen konplexutasun etiko horregatik da interesgarria Arestik ETAri buruz zuen iritzia ezagutzea.

Amaierako hiru puntuak

Arestik 1975ean Xabier Kintanari eta Joseba Tovarri emandako erantzunak aipatu ditu Landak horretarako. Euskaldun berriekin euskaraz (inkesta) liburuan datoz poetaren hitzak, eta Arestiri eskainitako liburuki bilduman ere batu zituen Landak; artikulu, hitzaldi eta gutunei eskainitako atalean. Gogoeta politikoekin erantzuten dio Arestik bertan inkestagileek euskararen etorkizunari buruz egindako galderari, eta hor dator talde armatuari buruzko poetaren iritzia ere. Garden. «ETA, askorentzat esperantza bat da, baina dena dela, alderdi probisional bat da, eta normalitate demokrata batetan ez du objektiborik ukanen».

Hilketak eta torturak esplizituki aipatzen ditu poemak, eta Madrilgo Puerta del Sol inguruko komisaria bati egindako aipamena ere ikusten du Landak Arestiren poeman egiten den «Eguzkiaren Ateko tortura lekua»-ri egindako aipamenean. Lopez Adanen liburuan ere aipatzen den horixe bera. «Herri kobarde (hain balent) hau/ bere libertateez/ erditzen da/ Santa gurutze honetan.../ Eguzkiaren Ateko tortura-lekutik!».

Eta, hain zuzen, poema ixten duen ahapaldi horretan dator poema Rolandoko atentatuarekin lotzen duen beste pistetako bat. Santa Gurutzeari egindako aipamen horretan. Arestik maiz txertatzen zituelako erreferentzia tenporal zein geografiko errealak bere testuetan, eta Josepa Mendizabal Zaldibian honetan ere, esaterako, lerro hori delako ETAren atentatuari egindako beste erreferentzietako bat. Santa Gurutzea ez baita erreferentzia fisiko edo sinboliko bat, erreferentzia tenporal zehatz bat baizik. Tradizioaren arabera, kristauek irailaren 14an egiten baitiote gorazarre Gurutze Santuari, Jesus gurutziltzatu zuteneko gurutzea ohoratzeko. Eta erabat gerturatzen du horrek poema atentatuarekin. ETAko ekintzaileek irailaren 13an leherrarazi baitzuten Rolando kafetegiko bonba. Santa Gurutze bezperan, alegia.

Arestik poemak idazteko zuen moduaren erakusgarri ere bada Josepa Mendizabal Zaldibian. Zirrimarratutako ahapaldiak eta ertzetan gehitutako pasarteak esanguratsuak izanik ere — «Etarren amek/ asko sufritzen dute,/ semeak hiltzen dizkietenean/ eta batez ere/ semeek hiltzen dutenean»—, ziurra baita poetaren jarioa. Gehiketa eta kenketa gutxi horiekin ere, hasi eta buka, ia ekinaldi bakarrean idatzita dago testua. Eta, akaso, bizitasun horregatik beragatik eusten dio hain bizirik, hura idatzi eta mende erdira ere, jatorri izan zuen mundu konplexu, geruzaz bete eta kontraesankor horren lekukotzari. Poema ez baita kasualitatez amaitzen testua etorkizunerantz zabalik uzten duten hiru puntu horiekin. «Josepa Mendizabal Zaldibian/ asko penatzen da...».

'JOSEPA MENDIZABAL ZALDIBIAN'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.