Donostiako 69. Zinemaldia. Zinemira. Aitor Merino. Zinemagilea

«Semearen begirada ez balitz, ez litzateke den pelikula izango»

Etxeko nagusienen zahartzea erretratatu du 'Fantasia' filmean Merinok, bide horren «onarpen» modura. Arreba eta gurasoekin itsasoz egindako zeharkaldi bidaia du abiapuntu; etxe barruko egunerokoa, segida.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Jakin genuenean gurutzaontzia Fantasia deituko zela, arrebari [Amaia Merino] esan nion: 'Kamera eraman behar dugu'». Aspaldikoz, gurasoekin zihoazen bidaian. «Ez genien ezer esan, pentsatzen zuten oporrak grabatzen ari ginela». Itzuleran, ordea, material esanguratsua zela igarri, eta segitu egin zuen kamerarekin gurasoak behatzen Aitor Merinok (Donostia, 1972). 200dik gora ordu, azkenean. Hortik ondu du Fantasia, zahartzeaz eta legatua uzteaz ari den filma. Gaur estreinatuko dute, Zinemira sailean

Nola bihurtu zen bidaia hura lan berri baterako abiapuntu?

Bidaian joatean, ez genuen aurretik inolako ideiarik. Baina grabatzen hasi eta berehala ohartu ginen kamera gurasoen inguruan mugitzen zela. Ohartu ginen hori izan zitekeela elkarrekin egiten genuen azken bidaia. Gero, Amaia Ekuadorrera itzuli zen, eta ni, Madrilera. Baina Eguberrietan berriro kamerarekin hurbildu nintzen gurasoenera. Fantasialeku idealizatu bat izango bazen, interesatzen zitzaidan errealitatearen erretratu bat ere egitea.

Deigarria da zein biluzik utzi diren filmatzen gurasoak, amona.

Bai. Grabatzen denbora asko pasatzen duzunean, kamera etxekotu egiten delako; ahaztu egiten duzu. Une oso intimoak daude, eta baita ezerosoak ere, baina pozik daude emaitzarekin.

Zenbat denbora igaro duzu filmatzen?

Lau urte.200 ordutik gorako material gordina. Zailena material horri zentzu bat bilatzea izan da. Ainhoa Andrakak muntaketa lan izugarria egin du hor, eta Zuri Goikoetxea eta Amaia ere izan dira ondoan. Zeren Asier eta biok-en, adibidez, gatazka dramaturgiko garbia zegoen, baina hemen ez; gurasoak beren egunerokotasunean baino ez. Hor badira gauza bitxiak, baina ez dute filmaren egitura argitzen.

Zein erabaki izan dira inportanteak azken fase horretan?

Hor konturatu nintzen teknikoki eta intelektualki zertan ari nintzen, zer zegoen bulkadaren atzean. Ohartu ginen bazegoela gurasoen eta amonaren testigantza ukigarri bat hartzeko gogoa, hori datozen belaunaldientzat zentzua izan zezakeen molde batean ematekoa. Familiaren erretratu bat egiten ari nintzen, guraso eta amonaren zahartzaroarena. Beraien faltaren perspektiba gero eta indartsuagoa da, eta aurpegira begiratu behar nion; errealitate hori onartzea ere izan da filma.

Hain zuzen, gurasoeneko erretratu, argazki, koadroek, badute pisua kontakizunean.

Bai. Inguratuta bizi gara. Konturatu nintzen etxean beti ikusitako koadroekin [aitona-amonen argazkiekin egindako pintura bi, tartean] elkarrizketan ari nintzela, eta kontatzen zidatenak zerikusi handia zuela nik kontatu nahi nuenarekin. Filmaegin nahi nuen bulkada berberetik datoz inguratzen gaituzten erretratuak.

Lekukotza bat, iraun dezakeen zerbait uztearekin?

Bai. Hor da hasierako bulkada. Umerik ez izateak ere baimendu dit familiako nagusiei begira egoteko luxuzko denbora.

Distantzia hartu beharra izan duzu uneren batean?

Ez, saiatu ere ez naiz egin. Semearen begirada ez balitz, ez litzateke den filma izango. Gurasoek jokatzen dute jokatzen duten modura ni naizelako kameraren atzean dagoena; uste dut horrek ematen diola zentzua filmari. Baina muntaketan bai: hor nik neure burua pertsonaia baten gisan ikusi behar dut, eta horrek distantzia tekniko bat behar du. Hor gakoa lantaldearen kanpo begirada izan da.

Zahartzearen onarpena ospakizun eta mingostasun artean dabil filmean. Arreba hunkitu egiten da aita oso zahar ikusi duelako igerilekutik irteten. «Ez da tristura, emozioa da», dio. Hori behar zuen tonuak?

Ez da inposatutako zerbait izan. Materialak berak zuen tonu hori; muntaketa gelan sartu eta arnasa hori bera islatzen zuen. Etxeko une ezdeusena barregarria izan zitekeen, eta, aldi berean, samurra. Bizitzan bezala, ziztuan igaro zaitezke komediatik dramara.

Txikia da eszena, baina ñabardura esanguratsua dakar zuen aitak uko egiten dionean bere 94 urteko ama etxean hartzeari.

Bai. Inportantea zen hori erakustea, ez genuelako egin nahi erretratu adeitsu bat, non dena den maitasuna eta zoriona. Zahartzaroak tirabirak eta hartzen oso zailak diren erabakiak dakartza, batez ere menpeko bihurtzen denean bat. Ideia horren perspektibak pelikula guztian flotatzen du: amonak irudikatzen du nire gurasoak izango direna; gurasoek, ondo bidean, ni izango naizena.

«Kamera bati lotutako gizona». Une batean, zu filmatzen zaitu arrebak, baina iheskor agertzen zara. Atzean zaude eroso?

Asier eta biok-en neure burua agertzea erabaki genuen, baina hemen ez nuen nahi. Dena den, beti ezin zara ezkutatu. Nik bakarrik muntatu izan banu filma, ziurrenik une hori ez zen agertuko.Baina Ainhoak esan zuen une oso berezia zela, filmean behar zuela.

Badirudi zinemagile modura kokapen horretan zaudela gustura; inguru hurbila behatzen kamera eskuan. Hala da?

Bai, oso eroso sentitzen naiz hor. Ez bakarrik eroso, asko dibertitzen naiz; bihurrikeriak egiteko zein sentipenak adierazteko tresna zoragarria da kamera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.