Erakusketa

Semantikaren forma berriak

BERRIAko testuak oinarri hartuta, diziplina anitzeko erakusketa bat sortu dute Edu Zelaietak eta Eneko Ugartek. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean dago ikusgai, otsailaren 23ra bitarte.     

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean ikus daiteke erakusketa. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2020ko otsailaren 6a
17:47
Entzun

Kaissa Ould Brahami BERRIAn egindako elkarrizketa bat abiapuntu, edo Jone San Martini egindako beste bat; bakoitzetik esaldi bana hartu eta, «irakurtzean egindako gaizki ulertu baten ondorioz», mezuari esanahia aldatu. Misreading-a. Hori du oinarrian Edu Zelaietak eta Eneko Ugartek elkarlanean osatu duten sorkuntza artistikoak. Literatura-komunikazioa eta arte plastikoak uztartu dituzte erakusketa formatua eman dioten diziplina anitzeko proiektuari. Basque Misreadings. Berrian gaizki irakurriak da horren emaitza. Gasteizko Oihaneder Etxean dago ikusgai bihartik hilaren 23ra bitarte. 

Duela lau urte jaio zen proiektuaren ideia. Egunkariaren eguneroko irakurketak baliatuta, hitzekin «jolas» egitea otu zitzaion Zelaietari, eta testuetan «nahita» gaizki ulertutako esaldiei esanahia edo testuingurua aldatzen hasi zen. «Hitz bat beste batekin trukatuz esaldiari beste mezu bat, beste semantika bat, eransten niola konturatu nintzen». Bilduma osatuz joan zen pixkanaka, «teknika» garatu ondoren, guztiak liburu batean biltzeko asmoarekin. 

Bi urte eta erdiko epean egunkarian argitaratutako albiste, elkarrizketa eta bestelako testuetako baieztapenak edo elementu soziokulturalak baliatu ditu trukerako. Adibide bat: Siriako errefuxiatu baten esana, mendebaldeko pertsona baten ikuspegira lekualdatu du Zelaietak. Honela dio esaldiak: «Giza eskubideak errespetatzen diren eremutzat genuen Europa siriarrok, baina oker geunden». Eta honela irakurri zuen idazleak: «Giza eskubideak errespetatzen diren eremutzat genuen Europa europarrok, baina oker geunden».

Bigarren irakurketei hirugarren bat erantsi die Eneko Ugartek, ordea, irudi formatua eman baitie truke horiei. «Gauza bat da literaturarekiko harremana izatea eta beste bat nire irudimena erabiltzea. Erabat libre sentitu naiz, eta nik nire irakurketa egin dut», adierazi du artistak. Margoak, ilustrazioak, kartoia, papiroflexia... askotariko euskarriak erabili ditu figuratiboak eta abstraktuak diren irudiak osatzeko, eta horien arabera antolatu dute erakusketa bera ere. Zuri beltzeko ilustrazioek osatzen dute aurreneko atala, olioa eta akrilikoa erabilita egindako margoek bigarrena, eta hiru dimentsioko piezek hirugarrena. Izan ere, erakusketa interaktiboa ere bada, eta hainbat gune egokitu dituzte ikusleak ere aukera izan dezan haiek proposatutako jolasean parte hartzeko. 

Musika eta ahotsa

Umorea, ikuspegi kritikoa eta hausnarketa uztartu dituzte erakusketan. Zelaietak nabarmendu du, hala ere, sorkuntzak ez duela inolako asmorik esandakoak zuzentzeko, «horiek begietaratzean gogoak nora eramaten gaituen agertzea baizik». 

Bihar egingo dute aurkezpen ekitaldia, Gasteizen, eta hitzen semantikari musikaren eta ahotsaren bidezko enegarren irakurketa bat erantsiko diote proiektuari. Beñat Goitia musikariaren eta Ane Gebara ipuin kontalariaren laguntza izango dute horretarako. «Enekok artera eraman duen misreading hori Anek ahozkotasunera eraman du; ni, berriz, musikara eramaten saiatu naiz. Ekitaldiari antzezpen ukitua ematen saiatuko gara», adierazi du Goitiak. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.