Sektorearen korapiloa laxatzeko dago oraindik

Musikari eta antzezleen ordezkariek uste dute langabezia sari bereziak eta erretiratuentzako neurriak arinduko dutela sortzaile batzuen egoera, baina faltan dituzte Artistaren Estatutuaren proposamen gehienak.

Hondamendia antzezlanaren entseguko irudi bat, Luhuson (Lapurdi). GUILLAUME FAUVEAU.
Andoni Imaz
2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak herenegun eman zuen berria: kulturaren sektoreko profesionalen lan egoera hobetzeko aparteko neurriak hartuko dituzte. Oraingoz, hiru: langabezia sari berezia; erretiroko pentsioa eta lan artistikoari loturiko ordaina aldi berean kobratzeko aukera; eta urtean 3.000 eurotik beherako sarrerak dituzten autonomoentzako kotizazio murriztua. Biharamunean, aldizkari ofiziala zorrotz aztertu dute Myriam Miranda Musikari elkarteko koordinatzaileak eta Eneko Olasagasti EAB Euskal Aktoreen Batasuna sindikatuko antolakuntza idazkariak. Alde batetik, ontzat jo dituzte neurriok, sektorearen berezitasuna aitortzen dutelakoan; bestetik, uste dute denbora beharko dela langile gehienentzat benetan eraginkorrak ote diren jakiteko.

Halakoetan, hitzetik hortzera aipatu ohi da intermitentzia. Sektoreak aspaldi aldarrikatu izan du, horrelako neurrien bidez, Frantziako Estatuan indarrean den sistemarantz jo behar lukeela Espainiakoak ere. Bide horretan, lehenengo pausoa irudikatzen dute neurri berriek: intermitentzia hitza erabili dute sektoreko langileen egoera azaltzeko. Horregatik, Mirandak uste du «leiho bat» ireki zaiela: «Artistak sistemaren barruan kokatzea lortu dugu. Orain arte, sistematik kanpoko linbo prekario batean zeuden. Ogibide horren berezitasuna aitortzetik abiatuta, etorkizunean hemendik tira egingo dugu, gauzak errazago hobetzeko».

Segur aski, langabezia sari bereziak izango du eraginik handiena, neurri horien artean. «Lorpen handia da», Mirandaren esanetan. «Eraginkorrena da, gure arloan behintzat, zeren aktoreek besteen kontura lan egiten dute, nahiz eta badauden autonomo faltsuak», azaldu du Olasagastik. Funtsean, langileek egun gutxiago kotizatu beharko dituzte langabezia eskatzeko. Hala ere, tentuz hartu dute. Miranda: «Ez dio inori bizitza konponduko. Prestazioak lau hilabete irauten du, eta kopurua kotizazioaren araberakoa da, ez handia. Baina lehen ez zen existitzen, eta orain bai».

Gainera, ikusteko dago zenbat jendek lortuko duen ezarritako baldintzak betetzea. Mirandak esan du urte pare bat beharko dutela benetako eragina ezagutzeko. «Positiboa da, baina, oraingoz, oso banaka. Egun gutxiago kotizatu beharko dira langabeziarako, bai, baina horrek ez ditu konpontzen lan bizitza oso batean pilatu ditzakezun kotizazio egunak gero erretiro duin bat izateko», ohartarazi du Olasagastik.

Kuotek, «ez hanka, ez buru»

Mirandarentzat aipagarria da lana eta erretiroa bateratu ahal izatea ere. «Orain arte pentsaezina zen hori: erretiratutako artista batek kobratu zitzakeen soilik jabetza intelektualak sortutako irabaziak, baina ezin zuen beste lanik egin. Ez zuen zentzu handirik...». Hemendik aurrera, erabat bateragarria izango da.

Autonomoen neurriak, berriz, harrituta utzi ditu biak. Olasagastiri ez zaizkio «kontuak ateratzen». Mirandari ere ez: «Gehienez 3.000 euro garbi urtean. Gutxi gorabehera, 250 hilean. Kuota 161 eurokoa baldin bada... Ez hanka, ez buru». Horretan ere, aitortza bera da lehen urratsa: «Gutxienez, ari dira kontuan hartzen artista batzuk egoera horretan daudela, kopuru horietan. Kuotak egokitu beharko dira».

Dena dela, Olasagastik uste du egoera «makillatzeko» erabili dituztela neurriak: «Bost urte dira Artistaren Estatutuaren zirriborroa aurkeztu zutela, eta ez da ia ezer egin. 75 neurri daude hor».

Beste kexa bat ere badu: ogasuna diputazioen eskumena dela, eta bertako erakundeek ez dutela zertan Madrilen «zain» egon. «Adibidez, aldarrikapen bat da kotizazio epeak ez izatea urtebetekoak, baizik eta hiru urtekoak, gure jardunaren ezaugarri bat delako irabaziak ezegonkorrak izaten direla. Hori konpentsatuko duten neurriak behar ditugu».

Mirandak nabarmendu du Espainiako Gobernuak sortutako sektoreko mahaiaren garrantzia; Union de Musicos federazioak parte hartu du, eta Musikari elkartea horko kidea da. «Berri ona da jakitea mahaiak jarraitu egingo duela. Hemen ez da ezer bukatu; ez da hasi ere egin. Artistaren Estatutuak gauza asko aldarrikatzen ditu, eta lan hori sektorearekin batera egin beharko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.