German Ormazabal. EGOko koordinatzaile nagusia

«Sektoreak izaniko bilakaeran EGOk bere ekarpena egin duela sentitzen dut»

Ia 25 urte dira Euskal Herriko Gazte Orkestra sortzeko pausoa eman zutela, eta, orduz geroztik, gazteen prestakuntza lantzen jarraitu du. Aurten eredu berri bat jarri dute abian.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Hamar urtez Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia izan zen German Ormazabal (Tolosa, Gipuzkoa, 1966), 1996. urtetik 2005era. Tarte horretan, EGO Euskal Herriko Gazte Orkestraren sorreran ere aritu zen lanean (1997). Urte batzuk proiektutik aldenduta egon da, baina denboraldi honetan aurrerapauso bat emateko eta orkestra eraberritzeko aukeratu dute. Salto bat emateko garaia iritsi dela uste du, eta martxan jartzen hasiak dira aro berri baten hasiera. Ekimen ugari ditu buruan EGOren birposizionamendua lortzeko eta orkestra erreferente bihurtzeko. Kursaalen joko du gaur orkestrak, Gustavo Gimenoren zuzendaritzapean, Donostiako 82. Musika Hamabostaldian.

Hamar urtez Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia izan ondoren, nola sentitzen zara EGOko koordinatzaile nagusi izateko erronka honetan?

Oso pozik eta gogo handiarekin. Niretzat proiektu berezia da. 1997. urtean, Euskadiko Orkestrako zuzendari nintzela, garai hartako Kultura sailburu Mari Karmen Garmendiak buruan zuen gure gazteekin zerbait egin behar genuela, eta martxan jarri genuen proiektua, baldintza gutxirekin eta eskasekin, baina ilusio handiz. Datorren urtean 25. urteurrena beteko dugu, eta niretzat emozioz beteriko erronka da.

EGOren hasiera bizi izan zenuen. Nola gogoratzen duzu hastapena?

Denbora asko igaro da, baina ilusio handiz gogoratzen ditut. Egia da egoera zeharo ezberdina zela; dena egiteko zegoen; ez zegoen ez Musikene, ez auditoriumik... Gauza asko falta zen. Ez du zerikusirik hasierako egoerak gaur egungoarekin.

Urte batzuk eman dituzu fundaziotik kanpo. Nola ikusi duzu orkestraren bilakaera kanpotik?

Nire ustez, sektoreak berak izan duen bilakaera izan du EGOk. Oro har, maila igo egin da. Gaur egun gozamena da gazteak entzutea. Izugarrizko maila dute, ez bakarrik aukeratuak izan direnek, entzunaldietara aurkeztu diren askok ere bai. Alde horretatik, oso pozik gaude; proiektuak hastapenetatik hona aurrerapauso handia eman du. Sektoreak izaniko bilakaeran EGOk bere ekarpena egin duela sentitzen dut.

Proiektua eraberritzeko eta aldaketak egiteko aukeratu zaituzte. Zeintzuk dira buruan dituzun berrikuntza horiek?

Ekimen eta proiektu asko ditut buruan, bai kuantitatiboki eta bai kualitatiboki. Euskal Herriko Gazte Orkestra Espainian erreferente izatea nahi dugu, eta hori lortzeko bide onean goaz. Sektorean dauden beste zenbait agenterekin elkarlanean ari gara: bidelagunak aurkitu behar ditugu. Hemen jende asko dago ondo lan egiten: orkestra profesionalak, Musikene, eta askotan ahazten diren herri txikiak, besteak beste. Herrietan izugarrizko lan isila egiten ari den irakasleria dago. Hori lantzen ez bada, hemendik zenbait urtetara seguruenik ikasle asko ez dira gureak izango, atzerritik etorriko dira. Horrek orkestra bat aberasten du, baina, nire ustez, hasiera horiek ondo landu behar dira.

Gaur egun Musikeneren laguntza duzue. Ikastegiaren laguntzarik gabe, zailagoa izango litzateke orkestra eraberritzea?

Ildo estrategikoak guk zehazten ditugu, baina ondoren, hori gauzatzeko orduan, bi aukera ditugu: ibilbidea bakarrik egin, edo bidelagunak bilatu. Guk bigarrena aukeratu dugu. Aurten, adibidez, Musika Hamabostaldia, Bilboko Orkestra, Euskadiko Orkestra, Musikene eta Euskadiko Ikasleen Orkestra izan ditugu gure ondoan, eta lanean ari gara sare hori zabaldu nahian.

Osatua duzue 2021eko taldea. Nolako esperientzia izan zen pandemia garaian aukeraketak aurrera eramatea?

Izugarria. Otsailean hasi ginen, eta martxoan gertatu zen dena. Bi aukera genituen: dena bertan behera utzi, edo aurrera egin. Argi genuen aurrera egin nahi genuela. Ukaezina da pandemiak asko baldintzatu duela dena, eta EGOren historian lehenbiziko aldiz telematikoki egin genituen entzunaldiak. Soinuaren ikuspuntutik ez da gauza bera presentzialki egitea edo bideo baten bitartez aukeraketa egitea, baina esperientzia ona izan zen epaimahaikoentzat; momentuan aukeratu beharrean, bideoak behin eta berriro ikusteko aukera izan zuten. Lehengo urtean bakarrak izan ginen programa aurrera eramaten, eta aurten Madrilgo Gazte Orkestra ere animatu da. Beste guztiek bertan behera utzi zituzten beren ekimenak.

Aldaketak egiten hasi zarete, eta parte hartzaileen adina aldatu duzue. Zergatik ezarri duzue gehienezko adina 25 urtetan?

Talentuak ez dauka adinik. Egia da gure orkestran jotzeko maila bat behar dela, eta normalean maila hori adin batzuekin lotuta dagoela, baina askotan horrek ez du garrantzirik. Gutxieneko adina kendu nahi izan dugu, adin txikiko gazte batzuek talentu handia dutelako eta ez ditugulako adinagatik baztertu nahi. Gehieneko adina, ordea, 25era jaitsi dugu. Oraindik gazteak dira, baina adin horretan esparru profesionalean hastear egon beharko lukete.

Fundazioaren helburuetako bat gazteak etorkizunerako prestatzea da. Zein izan ohi da gazteen ibilbide profesionala EGOtik pasatu ondoren?

Denetarik daukagu. Gazte batzuek EGOn jarraitzen dute, eta ikasketak atzerrian egiten ari dira. Gazte ugari ditugu hainbat herrialdetan daudenak, eta horrek mugimendu bat sortzeko aukera ematen du. Hala ere, gure misioaren ikuspuntutik, kezka bat ere sortzen du: ea orkestren merkatuak ba ote duen ahalmena talentu horri guztiari irtenbidea emateko. Ni horretan ez naiz baikorra. Errealitatea kontuan hartu behar dugu, eta pandemiak asko baldintzatu du dena. Gure sektorean merkatu bat dago: mundua. Maila handiko milaka pertsona lehiatzen da postu bakar baterako. Dena den, gazte batzuek orkestra garrantzitsuetan aurkitu dute lekua. Irakaskuntza munduan murgiltzen ari direnak ere baditugu, eta gutxi batzuek musika talde txikiak sortu dituzte.

Ruben Gimeno da orkestraren zuzendaria. Nola ari da gazteekin?

Buru-belarri. Ruben urte askotan biolinista izan da, eta barrutik ezagutzen du orkestra profesional bat zer den. Taldeari asko laguntzen dio, eta berak dituen ezagutzekin kualitatiboki eta kuantitatiboki salto bat ematen ari gara.Aurten, Espainian momentu honetan proiekzio handiena duen zuzendarietako bat gurekin izango dugu zuzendari gonbidatu moduan, Gustavo Gimeno, Rubenen anaia. Hori ez da kasualitatea. Horrez gain, Musika Hamabostaldiarekin eta Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoarekin hitzarmen bat egiteko aukera izan dugu, eta orkestrako lau musikari izan ditugu irakasle moduangaurko kontzertua prestatzeko, beste irakasle batzuen artean.

Udako eta neguko ohiko topaketetan jotzeaz gain, aurrerapauso bat emango duzue.Proiektuaren garapenerako ezinbestekotzat jotzen duzu agertoki gehiagotara zabaltzea?

Bai, horrek ahalbidetzen du gazteek esperientzia hartzea; hori da orkestra baten ibilbidea. Guretzat urte hau inportantea da; lehen aldiz izango gara Donostiako Musika Hamabostaldian, Soriako [Espainia] Musika Udazkenean, eta guretzat oso berezia den Errenteriako [Gipuzkoa] Musikasten. Azken hori euskal musikaren inguruan urtero egiten den jaialdi bat da, eta guk emango dugu azken kontzertua. Rubenek, euskalduna ez izan arren, konpromiso ikaragarria erakusten du gure ondare musikalarekiko. Interpretatuko den guztia euskal musikariek konposatutako musika da.

Hainbat agertokitan izango zaretela aipatu duzu. Proiektua eraberritzeko egin behar diren aldaketen artean, zein dira premiazkoak?

Proiektuan aurrerapauso bat emateko, beste agertoki batzuetara zabaltzeaz gain, beste hainbat gauzatan ere pentsatu beharra dago. Kalitatearen arloan apustu bat egin behar da. Irakasleen maila ziurtatu behar da; hori da niretzat gauza garrantzitsuenetariko bat. Beste alde batetik, ekosistema berri honetan EGOren birposizionamendu bat lortu nahi dugu. Lagun sareak landu behar ditugu, gogoan izanda herri txiki bat garela, eta bakarka ezer gutxi egingo dugula. Beste puntu garrantzitsu bat zuzendariak dira. Gure zuzendari artistikoa Ruben Gimeno da, baina horrek ez du esan nahi orkestra beti berak zuzendu behar duenik. Udako topaketak berak zuzendu ditu, baina neguan beste zuzendari gonbidatu bat ekarriko dugu. Horrek instituzioaren beraren eta musikari bakoitzaren esperientzia aberasten du.

Gustavo Gimenok zuzenduko du taldea gaur, Donostiako Musika Hamabostaldian. Nolako esperientzia da gazte batentzat maila horretako zuzendari batek bere orkestra zuzentzea?

Hori gazteei galdetu beharko litzaieke. Orkestra batean zuzendari bat edo beste bat egon, asko aldatzen da dena, eta asko ikasten dute egoera aldaketa horiekin. Gazteentzat Gustavo Gimeroren mailako zuzendari bat gurekin egotea aukera garrantzitsua dela uste dut, asko ikasiko dute berarekin. Gazteek badakite Gustavok zein maila duen. Hala ere, nik balioa eman nahiko nioke izaten ari garen irakasleen mailari. Txaloak beti zuzendariarentzat eta orkestrarentzat dira, baina lan isila eta itzalean egindakoa irakasleek egiten dute.

Gimeno ohituta dago maila handiko orkestrekin lan egitera. Zerk erakarri zuen proiektu honetan parte hartzeko?

Hasteko, kontuan izan behar dugu bera bezalako zuzendari batentzat ez dela ohikoa gazte orkestra baten aurrean jartzea; batetik, beharrik ez duelako, eta, bestetik, denbora sobera ez duelako. Maila handiko orkestrak zuzentzen ari da, eta hori ohore bat da guretzat. Iazko neguan Beethovenen Egmont interpretatu genuen, eta Rubenek grabazio bat bidali zion, zein orkestra zen zehaztu gabe. Indar eta ahalmen handiko soinua zuela iruditu zitzaion, eta konbentzituta zegoen orkestra profesional bat zela. Rubenek orduan komentatu zion gazte orkestra berak zuzentzea zela asmoa. Kasualitatez, Luxenburgoko Orkestra Filarmonikarekin zetorren Musika Hamabostaldira, eta, data batzuk aldatu ondoren, gurekin izango dugu gaur. Amets bat gauzatuko dugu.

Udako topaketetarako prestatu duzuen programa eta Musika Hamabostaldikoa ezberdinak dira. Zer nabarmenduko zenuke programa bakoitzetik?

Helburu ezberdinak bilatu ditugu. Lehenengoan, pandemiak eragindako egoera izan genuen kontuan, eta Mozarten 12. serenata eta Brahamsen 1. serenata aukeratu genituen. Musika Hamabostaldikoa erakargarritasun izugarria duen programa da: Felix Mendelssohnen Biolinerako kontzertua eta Piotr Ilitx Txaikovskiren 4. sinfonia, Gustavo Gimenok zuzenduta eta Julian Rachlin biolinistaren laguntzarekin.

Musikaria ere bazara, eta ohituta zaude oholtzan. Gomendioak ematen al dizkiezu gazteei?

Ez. Haiek badakite zer egin behar duten. Hala ere, laguntza moduan, paraleloki beste lan oso txukun bat egiten ari gara Osasuna eta musika deritzon atalean. Askotan alde batera uzten dira luzatze-ariketak, psikologikoki prestatzea, eta beste hainbat kontu. Gauza horiek ere prestatu behar dira, ondoren egin beharreko lanean garrantzi handia duten alderdiak direlako. Formakuntza ahalik eta osatuena eskaintzea da EGOren egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.