«Erraldoi bakartia». Ez da oinarririk gabea Luis Villasantek Resurreccion Maria Azkueri jarritako ezizena (Lekeitio, Bizkaia, 1864-Bilbo, 1951). Euskaltzainburu, idazle, literaturgile, kazetari, musikagile, musika biltzaile, hiztegigile, hizlari, irakasle, folklorista, herri literaturaren biltzaile, hizkuntzalari, euskalari eta euskaltzale, unibertso oso bat osatzen dute Azkueren lanek. Eta unibertso oso hori jarriko dute orain Interneten: Azkuek idatzitako 77 liburu, eta Azkuek sinatutako 276 kazetaritza artikulu, orotara. Argitaratutako Azkue osoa. Jakin taldea dabil digitalizazio eta sareratze lan horretan. Iaz sinatu zuten hitzarmena Euskaltzaindiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta datorren urteko lehen erdian amaituko dute prozesu osoa Jakinekoek. Lanak oso aurreratuta daudela dio Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Jakineko kideak. «Memoria historikoaren transmisiorako ezinbestekoa da».
Jose Antonio Arana euskaltzainaren hitzak izan ditu gogoan Torrealdaik Azkueren lanaren neurria azaltzeko: «Azkueren lanak lau zutabe izan zituen: hiztegia, kantutegia, gramatika-morfologia eta Euskalerriaren Yakintza. Ez da inoiz egon Euskal Herrian—eta, nik uste, ezta egongo ere— Azkuek beste lan egingo duena euskararen eta euskal kulturaren alde». Eta, hain zuzen ere, Azkueren lau lan enblematikoek duten pisua nabarmendu du horregatik Torrealdaik. Diccionario vasco-español-francés hiztegia, Cancionero popular vasco kantutegia, eta Morfología vasca eta Euskalerriaren yakintza lan linguistikoak. Horiek eta gainontzeko guztiak jarriko dituzte sarean hemendik gutxira, eta, aurreratu dutenez, testu corpus osoan bilaketak egiteko aukera ere izango dute ikerlariek. Gaika, garaika, formatuka, bai, baina baita hitz gakoak erabilita ere. «Azkue oso-osorik hartu, eta xehe-xehe egin, hori da egiten ari garena».
Hurrena, Txillardegi
Azkueren neurrigabetasuna nabarmendu du Torrealdaik. «Hain da handia Azkueren obra, inork gutik ezagutzen baitu osorik». Baina, hain zuen ere, osotasun hori ikusteko aukera izango du aurrerantzean edozeinek. «Orain, guztia batean emanda, corpus gisa eraturik, eta interaktibotasuna esker, Azkueren obrak beste dimentsio bat hartuko du, eta ikertzaileei aztergune berriak sortuko dizkie. Digitalizazioari esker, Azkueren ekoizpen intelektual-kulturala gure esku geldituko da oso-osorik eta inolako sekreturik gabe».
Ez da Azkuerekin amaituko lana. Aurrez ere digitalizatuak dituzte Luis Villasanteren lanak, adibidez, eta hurrengo Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren lanei ekingo dietela aurreratu du Torrealdaik. Datarik ez du zehaztu, halere.
Sekreturik gabeko Azkue
Resurreccion Maria Azkueren argitalpen guztiak digitalizatuta sareratzen ari da Jakin taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu